Xabier Amuriza Sormen-lanak
1941, Etxano.
Etxano (gaur Amorebieta-Etxano). Orain Berrizen bizi da.
1965ean abade eginik, Gizaburuagan eta Amoroton jardun zuen. Bizkaiko Gogor abade-mugimenduko eragileetako bat izan zen. 1968tik hasi eta, hiru espetxealditan, zazpi urte preso egin zituen. 1979ko hauteskundeetan, Herri Batasunako zinegotzi izan zen Zornotzan eta, gero, Gasteizko parlamentari eta Batzar Nagusietako juntakide. Apaiz garaian, Euskaltzaindiak antolatzen zituen txapelketetako epai-mahaikide, gero, kartzelatik 1975ean atera ondoren, 1976an agertu zen ahots ederreko bertsolari zorrotz eta berrizale gisa. Euskal Herriko bertsolarien txapeldun izan zen 1980 eta 1982ko urteetan. Bere militantzia politikoaz gainera, idazle, kazetari, irakasle eta bertsolari lez daroa bizimodua. 25 urtean, Egin egunkarian kazetari eta zutabegile eta Gara egunkarian eta Punto y Hora aldizkarian zutabegile, Filmen egokitzaile eta dokumentalen itzultzaile Edertrack estudioan, 10 urtean. Azken 5 lan-urteak Durangaldeko Anboto astekarian, zuzentzaile.
Hainbat liburu idatzi du bertsolaritzaz: Hiztegi errimatua (1981), Hitzaren kirol nazionala (1981), Zu ere bertsolari (1982), Bizkaieraz bertsotan (1996) , Bizkaiko bertsogintza I Izengabeak (1995), Bizkaiko bertsogintza II Izendunak (1996), Bizkaiko bertsogintza III Gerra aurreko emoitza (1998), Bizkaiko bertsogintza IV. XX. mendea (1998), Mañukorta ‘bertsojanea’ (2014), Bertsolaritzaren historia (1996), eta abar.
Arlo literarioan, itzulpenez gainera (Lukrezio, Tazito, Huxley...), honakoak, bertso eta prosa: Hil ala bizi (1973), Menditik mundura (1977), Laurehun herri, mila bertso berri (1982), Herri eta irri (1985), Emea (1985), Oromenderrieta (1987), Enaz banaz (1999), Agur sagar beltzeran (2001), Vulkanoren atzamarrak (2002), Dinosauroak horizontean (2007), Orain ezin naiz hil (2008), Olatu bat kuartelen gainetik (2009), 4x4 operazioa (2013), Neska bat leku inposiblean (2018), Uharte bat Venusen (2021), Etxepare, jalgi hadi batura (2021). Euskarari buruzko saiakerak: Euskara batuaren bigarren jaiotza (2010), Zazpi ebidentzia birjaiotzarako (2012).
Diskoak: Menditik mundura (1979), Herriko plazan (1983), Anje Duhalde Amurizaren kantari (1990), Bizkaiko kopla zaharrak (1999), Tapia eta Leturiarekin, Xalbador, bat-bateko mirakulua (2000), Lazkao Txiki, bat-bateko sorgina (2005), Betibizi (2010), Kepa Junkerarekin, eta Koplariak (2020), Korrontzirekin. Kanta-hitzak ere ugari ditu, hainbat kantari eta musikarirentzat.