Rafa Ugalde Iragorri

Rafa Ugalde Iragorri Atzera

2018
Hondar aleak
Erein
2017
Baltzolako ipuinak
Ibaizabal
2011
Erreka
Ibaizabal
2008-02-16
Azpisail gordina
Relax / Rafa Ugalde / Txalaparta, 2007


Benetan inor berotzen al du literaturak? Eta hala izanik, erotikoa den literatura gauzatu behar ote da? Zer da orduan sail horretatik at geratzen diren sailkatu gabeek ernatzen dutena? Aspaldi, Italo Calvinoren ipuin batek elkarren ondoan eseritako bidaiari bik nola elkar ukitzen zuten kontatu zuen, trenaren traka-trakak lagunduta. Ez zegoen jakiterik, ordea, ukítzea nahita egindako mugimenduek ez ote zekarten trenarenek beharrean. Ezer ez hark irakurlea berotzen zuen. Gerora, jakina, sexu eszenak gordin ilustratzen zituen prosa ere ezagutu genuen.

Irudiz inguratuta bizi garenok noizbait erreparatu behar honetan, eta horretarako aproposa da Txalapartak Literotura atalean dakarren RafaUgalderen ipuin bilduma. (Aurrera baino lehen, gera nadín Filosofia apaingelan gogoangarria edo Gay hiztegia bezalako ekarpenak egin dituen bilduma txalotzeko). Bederatzi ipuinek sexua dute adierazle izenburutik beretik eta egunkarietako harreman iragarkien fondoa paratu diote ipuin bakoitzaren lehenengo orriari. Atzeko azalean ere zera du idatzita, dena amaítutakoan ez dela ezer konponduko, baina akaso lasaiago, erlaxatuago sentituko dela bat. Sexua munduko negoziorik errentagarriena ei da. Zergatik geratu beharko zukeen letren industriak aparte. Lehen aípatutako sexu agertze gordin, ageriko, intentziozkoaren bidea hartu du Rafa Ugaldek. Orgasmorako mugimenduak banan-banan eta xehetasunez kontatuak, apaindurarik gabe; hala agertzen zaizkigu. Honen aurrean azpisail baten jaiotzea begitantzen zait, “literotura gordina” izenekoa, esate batera.

Azpisaila esan dut ipuinek ez dutelako egitura aldetik edo edertze edo berriztapen aldetik ekarpenik egin. Zertan bilatu halakorik helburua irakurlea grinatzea baldin bada. Azpigenero honetan ezberdintzeko gauzak leudeke nolanahi. Zer unibertso aurkezten den, esate baterako. Aurreneko pertsonan eta gizonen ahotik idatziak dira kontakizunak. Ez da bikote harremaník edo bizikideenik. Ezkutuko sexua da, inoren ezkutuan egina edota putaetxeetan bilatua relax ataletan peskízan ibili eta gero. Ez da hemen azaldu beharko ezkutukoak berez dakarren morboa, ezta irudizko pornografiaren ondorioz baitaratuak ditugun eszenen eraginkortasuna ere. Zenbaíti moralak azpisailetik urruti behar lukeela irudituko zaio, baina alderantziz gertatzen da orriotan. Lotsa, bekatu sentsazioa ageri dira sexuaren ostean. Eta ez nolanahikoak: “Nik ez nuen artean garbi ikusten gizakiok aldean daramagun bikoiztasuna: jatorriz garena, sentsazioz eta sentimenduz osatutako izakiak; eta sentsazio horiek lotzen zituen uhala, ona eta txarra, bekatua eta bertutea”. Bereizketa hauek, hezkuntza kristautik jasoak, zertzeladaka agertzen dira. Hala ere, gordinkeriak eskatzen duen erritmo lehor, hotz eta bizkorra eteten dute aldika. Egia da topikoz betetako parajea datorkiola ondo erotikoari. Ez dute huts egingo honetan ipuinek. Gizonaren begietatik beti ere, emakume helduagoen desira, Karibeko beltzaranena, bi neska batera izatearena…Honaino azpisaila defendatzea. Batek baino gehiagok iritziko baitio gordinkeriak beti jarrera jakin batzuk erreproduzitzean genero rolak betikotzen dituela eta andrazkoa objektu sexual moduan ikustera eramaten gaituela. Ez da nik esana; pertsonaia batek bere azalean pairatzen du atzera bueltarik gabe: “(…) nire itsutasunak matxista zikin bihurtzen ninduen, eta matxismo zikin horrek, andrazko baten sexualitate garbia zikintzat jotzera eramaten ninduen”. Azpisailak erreformak beharko lituzke hortaz. Tamalez, ezin asma erakutsiak sortzen ote duen errealitateko jokamoldea edo alderantziz gertatzen den. Nolanahi dela, pertsonaiak bakarrik daude. Jakin badakite sexua ez dela desolaziorako soluzio, baina eredua errepikatu egiten da: itzuli egiten da grina eta grinarekin sexu bilatzea.
2007
Basa gurina (beste egile batzuekin)
Txalaparta
2006
Gure gerretako heroiak
Elkar
2005
Gorria eta beste kontakizun batzuk
Ediciones Beta
2003
Hamaika bizimodu
Ibaizabal
11/2007
Relax
Txalaparta, S.L.
10/2006
Las palabras muertas ; Espetxea
Publicaciones de la Diputación Foral de Álava / Arabako Foru Aldundiaren Argitalpenak
10/2005
Gorria eta beste kontakizunak = Ediciones Beta relato Labur Saria
Ediciones Beta III Milenio, S.L.
Oihu bi

Isiltasunak geltokia zanpatzen du, izua eta ikara herriaz nagusitu ziren egun hartatik hona denbora ere geldirik dagoela ematen du eremu horretan. Emakumea nasaren alde batera begira geratu da, oihuak hartu zuen norabidean. Nasa amaitzen den lekuan burdinbidea hasten da, eta aurrera egiten du burdin lerro biek bat egiten dutela ematen duen arte; handik aurrera hari itxura hartuta urrunduz doa, desagertuz, berak bizitzan eraikitako guztia desagertu zen legetxe. Burdinbidearen urruntzea, desagertze hori bizkarrezurrera etorri zaio izotzezko ikaraldi bihurtuta, eta orduko tarte hura oraindik tren geltoki hartako eguratsean itsatsirik dagoela sentitu du azalean.



Eztarriko iturburutik atera zaio oihua, senarra tarrazka daramatela ikustean; ez du garrasiak bide luzerik egin baina: inguruko giro izoztuak gogortu izan balu legez, oihua antzutu eta ingude astunaren antzera bertan jausi dela iruditu zaio.

Geldi geratu da, hormatuta, oinak lurrera josirik, berak aukeratutako gizona, aukeratua, badaramaten arren; ezkerreko besoan, bularrondoan ia, itsatsita daraman umeak eta eskumatik helduta daukan besteak galarazten diote haren atzetik joatea, senarra ostu dioten etsaien kontra bularrarekin, edo bularrekin behar izanez gero, borrokatzea; naturak edo senak edo batek jakin zerk esaten digu-eta ondorengoak babestu behar ditugula, horiek lehenengo, gu garen izakiaren jarraipena, geroa, beraiek baitira.

Bularrondoari itsatsita dagoenak berokiaren botoi bat edoskitzen du, oharkabe, txikiegia da-eta ezertaz jabetzeko; nagusitan, ordea, bizitzako memento hori sekula gogoratuko ez duen arren, edoskitzen ari den botoiak gorrotoaren hazia balerama bezala, gorrotatuko ditu aita eraman dutenak; eraman duten horiek egundo ezagutuko ez baditu ere, haien espeziekoak gorrotatuko ditu, eta haien kontra borrokatuko da. Gorrotoa ere, geneetan idatzi gabeko senaren araberakoa balitz bezala.

Eskumatik helduta daukanak begiratu baino ez du egiten; urruntzen ari den -urrunarazten duten, hobeto esan- aitari begirada bat, eta amari beste begirada bat; eta oihu bat baino ez du entzun. Inguruko nahaspilaz ohartu barik, eramaten duten gizon bakarra aita iruditu zaio, ez du beste inorentzako begirik, makina bat daramatzaten arren; inguruan duen film gordinaren eszena bakarrari itsatsita geratu da, gainerakoaz itsu; inguruko oihu lazgarri andanez isolaturik, oihu bakarra entzun du: amaren garrasia. Artean ulertzen ez badu ere, oihu hark minaren hazia darama barnean, ernetzean gorrotoa sortuko duena; eta oihu horrek bezala, inguruko oihu guztiek, oharkabean aireratzen diren min eztanda haiek, gorrotoaren hazia ereingo dute alboan harrapatzen dituzten bihotzetan.

Emakumeak tresna gogorren batek bultza egin diola igarri du, albo batera begiratu eta soldaduaren fusila ikusi du jendeari bultzaka. Ez da negar egiteko kapaz, malkoak isurtzeko gaitasuna galduta duela ematen du. Seguruenik, horrelakoetan senak galarazten digu negarra, indarra beste zer edo zertan erabil dezagun. Soldaduaren bultzadek eramaten duten alderantz egin du, ume bat paparrean eta besteari eskutik tiraka. Nasaren erdialdean pilarazi dituzte.

Trena heltzean, kristal gutxi eta egur asko ikusi dute aurpegien parean. Egurrezko atetzarrak zabaldu eta barrurantz sarrarazi dituzte. Eskutik helduta daraman umea igoarazi eta ahal izan duen moduan igo da bera, bularrari itsatsita daraman alabatxoari ondo eutsiz. Jende gehiago sartu da bere atzetik, bagoia ondo bete arte, eta, ondo beteta dagoela uste izan dutenean, jende gehiago sarrarazi dute, bultzaka eta oihuka; esertzeko lekurik ere ez izateraino. Oihuak, negarrak, aieneak ugari dira, berba garbirik ez ordea; biraorik ere ez, horrelakoek ekar litzaketen ondorioen beldurragatik seguruenik. Atetzarrak zarratu egin dira, eta iluntasuna nagusitu. Iluntasunak oihuak eta aieneak uxatu ditu, denontzako lekurik ez balego bezala; negarrak bertan gelditu dira baina, iluntasunak sortu duen isiltasun estuarekin nahasturik. Gorputzak mugitzeko lekurik ere ez dago, begiak baino ez dira mugitzen, izu begiradak osatuz, zer edo zeren bila, ilunpetan, itxaropen errainuren baten bila; bagoiaren hormetako oholen artetik sartzen den argi errainuren bat edo beste baino ez dute aurkitu, baina. Arnasak ere estutu egin ditu iluntasunak, denok dira arnasa sakon hartzeko beldur, birikak hasperen batekin hustuz gero iluntasunaren begiek salatuko dituztelakoan, gainontzekoengandik nabarmenduko direlakoan; eta beldur dira nabarmentzeak ez ote dituen galbidean jarriko.

Trenaren topekada batek batak bestearen kontra jotzea eragin du, astinaldi bat, ez dago lekurik jausteko ere, eta ingurukoen gorputzen ukitua eta hatsa lotuago igarri dituzte. Instintiboki, ezkerrarekin bular ondoan helduta daukanari estuago heldu dio, eta eskumarekin eusten dionari ere estualditxo bat egin dio eskuan; batek daki beldurragatik edo amatasunak berez daukan babesteko senagatik. Trenak eragin dien balantzak inguruko gorputzak ukiarazi dizkionean, ez du emakumeak gorputz gihartsurik, zaildurik, igarri; gizon gazteenak baino bigunagoak izan dira igarri dituen haragi guztiak. Hurrengo astinaldiak leunagoak izan dira, sehaskari eragiteko egiten diren bultzadatxoen antzekoak bihurtu arte, eta sehaska horretan, sehaska kanta baten doinu errepikakorrak umeak isilarazten dituen legez, isilagotu egin dira denak; begiak, izuaren izuaz, zabal-zabalik dituzten arren.

Denbora burdinbide amaiezinak bezain luze bihurtu zaie, orduak eta orduak izan dira zutunik egin behar izan dituztenak; ume txikiaren negarraldietatik ondorioztatu du hori, otordua ez betetzeak eragin dion negarraldiaren ostetik loaldia etorri baitzaio, eta loaldiaren ostetik negarraldia, atzera.

Isiltasuna urratzeko adorea izan duen bakarra: bizitzeko sena. Amaren bihotzak ezin jasan dezake umearen negar etengabea, goizaldetik hona hainbat jasan behar izan duen arren; etxea kendu diote, familiarentzat aukeratutako habia, sutondoa, eta jasan egin du umeei lotuta; bizitzan lagun izateko aukeratu zuena ere erauzi egin diote, eta oihu bakan bat bota du, barruan zer edo zer urratu diona, baina oihu bakana. Umearen adierazpide bakarrak bihotza txikitzen dio, ordea; atzamar punta sartzen izan dio ahoan, eta umea isildu egiten izan da, xurga eta xurga. Horrekin ere nekatu da baina, amaren atzamarren samurra baino gehiago behar du; urdaila beteko dion gai solido edo erdi solidoren bat. Kulunkatu egin du amak ezkerreko besoarekin, jauzitxoak eragin, isil dadin; ez dago umearen negarra baretzerik, hala ere.
Eskuineko eskua askatu behar izan du azkenean, bagoiaren iluntasunean esku horrekin helduta eduki duen umearenganako abandono sentsazioa izan badu ere. Berokiaren eskuineko poltsikoan sartu du eskua zer edo zeren bila. Etxetik irtetean ume txikerrari esku artetik kendu dion gel potearen tapoia poltsikora satu duela gogoratu da. "Txizalarri zara?", itaundu dio eskuinetik askatu berri duen mutikotxoari. Semearen baiezko erantzuna entzun izan ez balu ere, jakingo zukeen; hori ere ondoriozta zezakeen umeak izterrak bata bestearen kontra igurztean egiten zuen zaratatxoagatik, eta tarte luzea darama horrela. Mutikoari tapoia eman eta "Egizu hemen" esan dio. Mutikoak txilibitua atera, puntatxoa tapoi bazterrera hurreratu eta txizatadatxo bat egin du, tapoitik gainez egin duen txizaren epeltasuna atzamartxoetan igarri duen arte; orduan, eten egin du txizatada. Amak tapoi epela paparraren ondoan daukan umeari hurreratu dio ezpainetara, negarra dariola, amatasunak eskaini beharko lukeen babesa hori baino gehiago izan beharko litzatekeelako-edo. Gustura edan du umeak, negarra urruma bihurtu da-eta. Amak berriro eman dio tapoia semeari, oraindik puxikan gordeta duena hustu dezan; beste txizatada epel bat bota du mutikoak, eta ezkerreko besoan duen alabatxoaren ezpainetara hurreratu du atzera. Edabe epelak baretu egin du azkenean umea. Amak negar-anpuluak sikatu, eta eskuineko eskua mutikotxoaren eskuari lotu zaio, azkenik; haren atzamartxoetan umeltasun epela nabaritu du.

(...)
Hamika bizimodu
Editorial Ibaizabal