Juan Ramon Madariaga Abaitua

Juan Ramon Madariaga Abaitua Atzera

2015
Espedizioa: mendi ororen pisua
Txalaparta
2009-07-26
Mundu erori hau
Hogei urte bete dira aurten Juanra Madariagak (Bilbo, 1962) bere lehenengo liburua, Imentzioaren pergamuak, publikatu zuenetik. Urte horietan Madariagak ez dio liburuak argitaratzeari utzi, baina beti egin izan du halako patxadaz, eta, batez ere, zarata handirik atera gabe. Eroriaren logika honetako lerro batek nahiko ondo irudikatzen du, seguruenik, idazlearen jarrera: «Ezkutatzeko, dena izkiriatu». Baiki, berriki Javier Rojo kritikariak zioen bezala, zenbait su festa eta literatur marketinen aurrean, eskertzekoa da bilbotarraren ibilbide sotila.

Lehenengo poemak berak (Irribarrea eta zu) aditzera ematen digu liburu osoko tonua zein izango den. «Nire ordena okerra okerragotu da» lerrotik bertatik ikusten dugu festa giroa nahi duenak hobe duela beste nonbaitera joan. Liburuan, hala, erorketak, galerak, absentziak, porrotak eta enparauak dira nagusi; poeta munduaren izate eta patu makurraz jabetu izan balitz bezala azaltzen da. Nolanahi den, tituluko «logika» hori logos hitzetik datorren heinean, badago testuinguru aski ezkor honetan argi izpirik. Erortzen gara, baina Roberto Juarroz-ek dioen gisara, erortze horretan badugu zer aukeratu. Lotuta bizi gara, baina lotura horretan gara aske. Horregatik, ez da harritzekoa han-hemenka paradoxekin topo egitea: «Min horrek betiko salbatuko zaitu». Liburuaren amaieran testu labur bat azaltzen da, poetika moduko bat izan daitekeena, eta han ere Madariaga izaera paradoxiko honetaz -«erortzeko segmentu baten ondoren, osotasuneko beste bat dator»- eta gizakiaren izaera dramatikoaz -«bere (gizakiaren) baldintzak hauskortasuna eta, sarritan, porrota dira»-.

Bestetik, zenbait poematan mendebaldekoon turismorako eta simulakrorako (Disney World) joera kritikatzen da, hala herrialde «exotikoetan» nola mendebaldeko hirietan bertan (Bilbo, Mailuki txikiak poeman). Horretarako irudi esanguratsua da kamerarena, bi poematan (Jainkoaren ausentzia eta Azken argia) azaltzen dena. Amoraltzat jotzen den kameraren begirada hotza inmorala da Madariagarentzat, errealitatea itxuraldatu egiten duelako gizakia bertatik bereiziz. Eroso bizi den mendebaldeko gizakia, bere bideokamera eta plasmazko telebistekin fikzio batean bizi da, eta entzungor dago beregandik metro gutxira hondamendia nagusi den bitartean.

Aitor dut, haatik, liburuak ez nauela gehiegi asebete. Zenbait egitura gramatikal -izen sintagma luzeak, esaterako- sarritan errepikatzen dira -Heroiaren borondatea da adibide garbien- eta azkenerako nekagarri samarrak suertatu zaizkit. Orobat, adjektiboak erabiltzeko joera handia du Madariagak, eta, nire ustez, bere lerro bat parafraseatuz, «adjektibazio larregiko behakoa» darabil. Azken batean, zenbaitetan poemok espainolezko poemen itzulpenak zirela iruditu zaizkit gehiago, izen sintagmak luzatzeko eta adjektiboak sobera erabiltzeko joera horregatik, hain zuzen ere. BERRIAri emandako elkarrizketa batean, idazleak aipatu zuen Hego Amerikako literaturak liluratzen zuela, eta agian zaletasun horren aje gisara uler liteke niretzat behartuegia den idazkera hau. Gainontzean, hala ere, esan beharra dago erritmoz eta sonoritatez ondo landutako testuak direla, eta seguruenik, niretzat bederen, errezitatuta hobeto funtzionatuko duten poemak direla. Arestian aipatu elkarrizketa horretan aditzera eman zuen idazleak, halaber, hausnartzen ari zela liburua taula gainera nola eraman. Bada, ea aurrerantzean paradarik dugun irakurriz osoki asebete ez gaituzten poema hauek errezitaldietan entzuteko.
2009
Erorien logika
Susa
2003
Izozmendiak
Susa
2001
Amodioa batzuetan
Euskaltzaindia-BBK
2001
Física
Bassarai
2001
Quinta Del 63
Centro de Estudios Literarios y de Arte de Castilla y León
1996
Argia sortzen den izartegia
Alberdania
1993
Elaien Ausardia
In Neguko Antzarrak
1993
Neguko antzarrak
Deustuko Unibertsitatea
1992
Galera errepikatuak
Susa
07/2008
Beste jostuntxoa
Giltza
05/2009
Eroriaren logika
Susa
01/2017
eSPedición : o poder dunha montaña
Editorial Hugin e Munin
Abiadura bi

ABIADURA BI

 

Etxea handiegi gelditu da,

batzuetan geletan galtzen naiz,

denbora gastatzen dut kontu egin gabeko

gauzak begiratzen.

 

Ama hil zenetik askotan egiten dut.

Nireak ez diren objektuak hartzen ditut

eta iragana bilatzen diet,

curriculuma ezartzen diot bakoitzari.

 

Badakit betidanik egon direla,

beti ikusi ditudala,

espazio horretako osagai sinpleak ziren.

Ez diet erreparatu.

 

Aste betean ez naiz denak arakatzeko gai izan,

eta lantzean behin atsedena hartu behar dut,

nekatzen naizelako edota

bihotza irauli egiten zaidalako bat-batean.

 

Azkena komunean gertatu zait,

buruko eskuila zahar bat hartu eta

nireak ez ziren ile luzeak

bertan korapilaturik ikusi ditudanean.

 

Kostatu zait kentzea,

eta eskuan nituela

ez nekien

bota behar nituen,

edo nora.

Frakasoa

FRAKASOA

 

Metroa arinegi doa, arnas batean doa,

itxarote-gela batean ez bezala.

Bagoiek alboetara jotzen dute gogor.

 

Ezin dituzu poemaren gainean begiak finkatu.

Hitzak nahasten zaizkizu irakurtzean,

adierazpen libreko zentzumena kateatu.

 

corazón, con razón

instrucción, destrucción

existencia, resistencia

 

Eta azkenean, frakasoaren zeremoniarekin,

letrashitza irakurri ordez

lastreirakurri duzu.

Gauza gutxi

GAUZA GUTXI

 

Kaioletako zeruak

itsasoetako botilen bilduma

luma erorien erreskateak

urre meategiko iluna

eskuetako defektu maitagarriak

museotako koloreak begietan

erromesen bideak zure hatsetan

izarren eztandak

bizitza bere delirioan

 

Mundua eraldatzeko

gauza gutxi behar da

 

Udazkeneko hosto batek

lurreraino deskribatzen dituen

eklosio geometrikoak

argiaren multiplikazioa

isiltasunaren dentsitatea

errealitate perfektu baten hipotesia

edertasunaren transmisiorako proposamena

bizitzaren iman absurdoa

bizitza bere delirioan

Korrosioa

KORROSIOA

 

Gaitz korrosiboa da gomuta eta

nekearen kutsuak zauritzen du.

Kamuflajerako maskarak salatu zaitu,

ez zara behin maite izan ninduena.

Bizitzatik zer espero dudan galdezka hasi zara.

 

Lorpen galkorrak ageriko dira inoiz

ur larregiz eginiko akuarela distortsionatuan.

Banitatearen lainotan, frakasoaren erakusketan,

pieza poliformeak, eskulturak, nahikoa dira

inaugurazioa hedabideen aurrean egiteko.

 

Markoztaturik saltzen ditugu gure esperantzak.

Lausoaren transparentzia

LAUSOAREN TRANSPARENTZIA

 

Zure ilearen gortinaia zabaldu dut

musukatu zure begietako durduza

ferekatu elipsien probabilitateak

arnastu zure arnas etena

margotu mailukien sistemak

estutu zure gorputzaren egitura

altxatu plazeraren matematika

besarkatu erabatekoaren beharra

busti ezpainetako urgentzia

definitu musuen polemika

salbatu misterioaren eroria

azaldu eskuen maitemina

aurkitu berriz altxatzeko zioa

Tomate hilak
TOMATE HILAK

Dago aspaldikoa dela adiskideak oparitutako
Extremadurako olio botila handia.

Dago aspalditik erabiltzen duela
marka bereko olio berde bera tomateekin.

Tomate berriak aiztoz ebaki bakoitzean,
aspaldi hitza datorkio burura, zati eta zati.

Aspaldi da ikusi ez duela baina gomuta
diastole sinkronikoetan agertzen da kolpeka.

Amaitu zaio aspaldian zabaldutako olio botila,
eta ez dator tantarik tomateak labaintzera.

Dago gomutak ez direla inoiz ere ezabatuko,
platerean galduko den gatz apurra bezala.

Buruz behera jarri du botila oliontzi gainean,
azken tantaren bat ateratzeko ahaleginetan.

Aspalditik isuri beharreko tanta hori
ez da botilatik inoiz aterako.


IRAKASLEAK

Orain dela hogei urte izan nuen frantses irakaslea
hil egin dela esan didate.
Emakume txikiak,
azentu zirkunflexuarekin bekainetan,
ezpain borobileko letrak egiten zituen,
ahoskera bereziko irriak.
Minbiziak jota hil dela esan dit gaur
hainbeste estimatzen dudan matematikako irakasleak.
Bera depresioak jota dagoela ere esan dit.
Je suis désolé esan du gero negar zotinka
matematikako nire irakasle zaharrak.
Je suis très désolé.


KOLEKTIBOAREN AMAIERA

Arrain gorriak alfonbraren gainean daude,
ito-dantzan olatuen figurak egiten.

Dortokak hozkailurako bidea hartu du,
ezjakintasun itxurako aurpegian aldaketarik gabe.

Katua teilatura igo da eta, hegian jarririk,
ez ditu begiak kentzen irensten duen amiltokitik.

Perikitoak amamaren jostorratza hartu du
eta harakiria egiten saiatu da hirugarrenez.

Labezomorroak sukaldera igo dira eta
su elektrikoaren plaka gainean salto egin dute.

Argik, etxeko txakurrak, hauspo batek bezala usainka,
errekaraino jarraitu ditu urrats ezezagunak

eta hogeita bosgarren bueltan haginka
harrapatu du bere buztan iheskorra.

Jainkoak ezin du gehiago jasan
eta bere buruaz beste egin du auzoko zineman.

Munduaren amaiera datorren seinale,
esan dit aititek etxe aurreko kadiratik.

Nik bizarra egiteko labanarekin jugularra neurtuz
sinestea beste erremediorik ez daukat.


PLATANOA ETA AITITE

Platano mailatuari begira dago aitite.
Orban marroi handiak dituen horietariko bat da.
Okaranez, mandarinez inguraturik dago.
Esku artatsuez hartu du aititek.
Bota hori, aitite, alferrikaldurik dago eta.
Denok begira lotu gintzaizkion
esku artatsu haiekin zuritu bitartean
esan zuen arte:
Ustelkerien barruan muin gozoa izaten da.
Platanoa, barrutik zuri-zuria zen,
untxi larrutu berriaren azala lakoa.


AURRIAK

Sortu zinen hazia,
gurutzaturik duzun izena,
izkiriatu dizuten estrata,
jasaten duzun arnasa,
lantzen dituzun eleak,
ondoan jesarri zaizun bizia,
akuilatzen zaituen sutautsa,
mugatzen zaituzten aurriak,
odolustu zaizun amodioa,
hauskortu diren musuak,
orain aipatu dituzu, behar ez denean,
guztiez arnegatuko baitzara laster batean.

Eta aurriak hitza errepikatzen da
zure ahoaren engranajean.


GANDIAGAREKIN

Zure presentzia,
gabeziaren gabezia,
inondik inora ez doana, dagoena,
harria bezalako argia,
argietan argiena,
ilunpetan ilun basatia,
barruan hain isil,
urrunean hain bortitz,
behar ez dudanean krudel, zimel, herri,
behar dudanean, kareharri, boli, ele.

Erabat geldia nire sutondoan,
hain telurikoa paperean,
nire aberriaren bataioa,
sintagmaren hirugarren dimentsioa,
denok bildu gintuen salmoa,
inoiz ihes egiten ez duen aingeru bakarra,
atzera ezina den bidea,
ez garenaren hondarra,
izango garenaren izangoa,
zure presentzia.


URTUKO DEN MUGA

Ez du ahanzturak atsedenik,
ezta isiltasunak itoko duen nekerik.

Ez du tristeziak bizitzaren zaporerik,
ezta heriotzak urtuko duen mugarik.

Bizitza osoa zu lurperatzeko,
eta ez du denborak nire galera barkatzeko gogorik.


PIZTIEN AMODIOA

Eta honela izan zen.
Hatsalbo jartzen zen burua.
Desoreka zer zen deskribatzen zuten
zangoen mundua urrun zegoen.
Emozioaz Jainkoak beste endelegatzen genuen.
Hura zen benetako amodioa.

Baina errinozeroak zu baino fidelagoak dira,
elefanteak zu baino askoz sentikorragoak,
kide hilak utzi behar direnean
memoria ahaltsu horretan gordetzen baitituzte
negar malkoak,
une haien magia betierekoa.
Eta hori ere benetako amodioa da.


ZIMURRAK

Komuneko ispiluan ikusi ditu ezpainetako zimurrak,
gelan atzo botatako praken zimurrak,
eta gortinaiaren zimur pasiboak,
mahaian herenegun zatitutako tomate helduaren zimurrak,
mesanotxeko kajoian lagatako bertso zentzugabeen zimurrak,
bere sabel dilatatupeko zimurrak dutxa azpian,
bere memorian iragandako une ororen zimurrak
eta ohean, orain,
zianuroari eta zure egonezaren zimur likitsei
dago begira Quiroga.


BESTEON UHARA

Besteon uhara da bilatzen duguna.
Nire burua aurkitzen dudanean ez naiz ni izango,
ikusiko dudan filma beste batek
grabaturik balego bezala ikusiko baitut.
Nire bizitza luzeegia izan da orainokoan
eta ez uztezko punturaino iritsi naiz dagoeneko.
Honaino ailegatzeko itxaroten egon naiz luzaroan
eta atzenduriko irudi pilaketak itoko nau.
Orain entzudazu, azalduko dizut:
Ahanztura gure sentimenduen ukatze ahaltsuena da,
eta hau ez da dokumentaletan agertzen.


BAKARDADEA

Aspaldian Kolonbiako oihal zati koloretsu bat zeneukan
iltze isolatu horretatik zintzilik.
Oihala galdu duzu honezkero baina iltzeak
hortxe segitzen du, horman sarturik,
egarriturik,
inguruari esker.
Jarri ahal diozu beste margolan bat,
Kleerena, Cezzanerena, edo besterik ezean,
aitite zaharraren argazki arrea.
Biluzik dago.
Baina ez duzu zer eskegi,
zer altxatu altura horretara,
zer zintzilikatu,
aspalditik dago dena erorita,
lurrean botata,
mundu akitu bat bezala,
eta iltze horrek, nolabait,
zure ezintasuna berresten du,
modu irmo eta tragiko batean.
Horma guztietan ondo zintzilik dagoena
zokoetan barreiaturik dabilen bakardadea da.
Besterik ez.


KOTOI ZIKINA BEZALA

Kotoi zikina bezala dago ortzia Sestao aldetik.
Ur arrean jaurti ditugu asmo onak
eta orain gizon berriak garela esango dute.
Bost urte zitueneko koadernoak errebisatu ditu Arestik
zaramontzira bota baino lehen.
Marra finez eginiko animalia basatiak
agertzen ziren azalean.
Barruan inperfekzioak.
Bizitzaren kalkulu eskasak, isekak,
laudorioak eta zapuzteak,
garbiketak min eman dio,
zuhaitzaren adar kraskatua sentitu da.
Ia erortzear dagoen adar horrek
ortzitik hurbilago egon nahi du
abaildu baino lehen.
Berlotu sendo.
Bera, ihesaren kontrako hori,
horrela legoke baina
kotoi zikina bezala dago ortzia Sestao aldetik.