Juan Luis Zabala Artetxe Sormen-lanak
Azkoitia, 1963
Euskal Filologiako lizentziatura lortu zuen Deustuko Unibertsitatearen Donostiako egoitzan (EUTG). Andoaingo Zine eta Bideo Eskolan euskarazko irakasle izan zen 1986-1988 urteetan. Euskaldunon Egunkaria-ko Kultura Saileko erredaktore moduan lan egin zuen hasieratik (1990) itxi zuten arte (2003). 2003tik 2016ra arte, Berria egunkarian egin zuen lan berbera. 2016az geroztik itzultzaile, zuzentzaile, kazetari, gidoilari eta idazle autonomoa da. Liburuez gain, ipuin eta artikulu ugari idatzi ditu egunkari eta aldizkari hauetan, besteak beste:Txortan, Ai, ama, Atte, Susa, Literatur Gazeta, Plazara, Hemen, Irudimena, Literatura, Hegats, Euskaldunon Egunkaria, Egin, AHTaren Aurkako Aldizkaria, Egan, Jakin, Administrazioa Euskaraz, Ostiela!, Donostia Aisia, Buztanikara.... Zigarrokin baten azken keak eleberrian, Mari Jose Olaziregi literatur adituaren esanetan, gaixorik dagoen pertsonaiaren disekzio psikologikoa egiten du Zabalak; zientzian, garapenean eta Jainkoan fedea galdu duen protagonistaren disekzioa. Kaka esplikatzen bere bigarren eleberrian, Hemen astekarian idatzitako literatur idazkiak tartekatzen ditu Zabalak; Olaziregiren iritzian Peter Handke eta Thomas Bernhard idazle austriarren eraginak nabaritu daitezke narrazio honetan.
Bere libururik ezagunena Galdu arte nobela da (Susa, 1996), Azkoitiko gaztetxeko oroitzapenetan oinarritua. 2000. urtean Agur, Euzkadi nobela argitaratu zuen, Lauxeta poeta fusilatua 1997ko Euskal Herrian berpiztuta aurkezten duena. Urte berean (2000) Hautsia natza poema liburua argitaratu zuen, Felipe Arrese beitia saria irabazitakoa. Inon izatekotan (Susa) argitaratu zuen 2006an. 1985etik 2006ra urtera arte idatzitako gogoetak, oharrak, artikuluak, poemak eta ipuinak irakur daitezte literatur bitakora kaiera horretan. 2015ean Irun Hiria saria irabazi zuen Txistu eta biok nobelarekin, eta 2016n argitara eman zuen lan saritua, Sevillako Algaida argitaletxearen eskutik. 2017an Ospa ipuin liburua kaleratu zuen (Susa).