Juan Luis Zabala Artetxe

Juan Luis Zabala Artetxe Atzera

2017
Ospa
Susa
2016
Txistu eta biok
Algaida
2014
Aita oker dago
Erein
2012
Maltzeta, soinu bete bihotz
Euskal Herriko Trikitixa Elkartea
2012
Mozoloaren bakardadea
Erein
2012
Mozoloaren bakardadea (Album ilustratua). Begoña Durruty ilutstratzailearekin batera.
Erein
2011
Zabaleko txorimaloa
Elkar
2006
Inon izatekotan
Susa
2003
Bizikleta andregai
Bizikleta andregai

Ez zen Eddy Merckxenaren modukoa. Ez zen karrerakoa, ez zuen kanbiorik, eta koadroa ere ez zuen triangelu formakoa, u baten tankerakoa baizik. Baina bizikleta harekin Urrategiraino gelditu gabe igotzea lortu nuen, arnasestuka azken maldetan baina ondo, oso gustura, Eddy Merckx Mont Ventouxko etapa gogoangarrian bezala.

Gure etxepeko laugarren pisukoen etxean haien lehengusina bat zegoen egun haietan, udako oporrak pasatzen. Aintzane zuen izena, Elgoibarkoa zen eta bederatzi urte zituen, nik baino bi gutxiago. Ile luzea zuen, gorputz argala, eta irri egiteko modu berezi bat, bihurria baina samurra. Nik ezin nuen Aintzane burutik kendu, baina ez nintzen berarekin hitz egiten ausartzen.

Behin ni, beti bezala, bizikletarekin etxe atarian gora eta behera nenbilela, aurrean jarri eta "Ezetz harrapatu" esan zidan Aintzanek, bere irri paregabe hura erakutsiz. Nik harrapatzeko keinua egin eta gero aldamenera jo nuen, ez harrapatzeko. Zirrara handia eragin zidan Aintzaneren ateraldi hark, baina gero ez nekien zer gehiago egin harengana hurbiltzeko. Lotsatuta, urduri, beheko auzora joan nintzen bizikletan ibiltzen jarraitzera. Nik uste dut berak ere nahi zuela nire adiskide egin, baina nik ez nekien nola hurbildu berarengana, eta izua nion haren aurrean zer esan eta zer egin jakin gabe gelditzeari.

Nire esna-ametsetan Aintzanerekin Urrategiko igoeraz hizketan irudikatzen nuen neure burua. Nire kirol balentria guztiak eskaini nahi nizkion, baina ez nekien nola.


Urrategiko aldapak nire jaiotetxe atarian du hasiera, baina Azkoitian badira Urrategiren gisako beste hainbat mendi-auzo, errepide aldapatsu baten amaieran kokatuak. Urrategi bezala igo nituen haiek ere, oinak pedal gainetatik kendu gabe: Kukuerri eta Xuxula Urrategi baino errazagoak dira; Madariaga, Elosu eta Martittek, aldiz, aldapa gogorragoak dituzte. Baina haietan ere nire borondatearen egokortasuna nagusitu zen.

Bizikletari lotutako amets eta ekintzetan aurrera egin banuen ere, Aintzaneren adiskide izateko bidean ez nuen gisakorik lortu. Gainera, aldameneko auzoko mutil koadrila bat hasi zen gure atari aldera etortzen, ohol-gazteluetan jolasteko aitzakian baina, benetan, Aintzanek erakarrita nire ustez.

Mutil haiek ni baino trebeagoak ziren neskekin harremanetan. Aintzaneri eta Arantxari -gure etxepeko laugarren pisuan bizi zen Aintzaneren lehengusinari- adarra jotzeko trikimailu guztiak erabiltzen zituzten: ohol-gazteluetara harriak igo eta handik harrika hasten zitzaizkien batzuetan, txokoren batean ezkutuan gorde eta bat-batean oihuka eta espantuka agerturik sekulako sustuak ematen beste batzuetan... Ez dakit orain nolakoak diren, baina garai hartan horrelakoxeak izaten ziren neska-mutilen arteko gorabeherak.

Nik, besterik ezin eta, bizkletaren eskulekuari heldu nion tinko, Aintzanerengana iristeko ahaleginik eraginkorrena bizikleta gainean aldapa gogorrei aurre egitea balitz bezala. Banekien ez zela hori biderik zuzenena, eraginkorrena, baina modu lauso, zehazkabe eta inozo batez pedalkadaz pedalkada Aintzanerengana hurbiltzen ari nintzela sinesten nuen, edo sinetsi nahi behintzat, eta borondate tinkoz jarraitu nuen nire bizikleta ibilaldietan mugak urratzen.

Elgoibar, Aintzaneren herria, Azkarateko gaina pasa eta handik behera jaitsita dago. Azkoitiko auzo guztiak behin baino gehiagotan igota nituen eta pentsatu nuen jauzia egiteko unea zela. Beldurra ematen zidan, ordea, bizikletan Elgoibarraino joateak. Haraino iristea ez zen zaila, Azkarateko igoera menderatua bainuen, baina Azkaratetik Elgoibarraino jaitsiz gero, handik berriro Azkarateraino igotzeko gauza izango al nintzen? Ez al zen gehiegi izango?

Bazkalondo eguzkitsu batean ekin egin nion bideari. Zirrara handia sentitu nuen Azkarate gainetik pasa ondoren Elgoibar aldera jaisterakoan. Elgoibar, garai hartan, oso herri urruna iruditzen zitzaidan. Azpeitira, Zestoara, Zumaiara eta Urretxu-Zumarragara iritsia nintzen nire ibilaldietan, baina Elgoibar, herri horiek ez bezala, Azkoitia inguratzen duten mendien bestaldean dago, lur bat haratago. Elgoibar beste mundu bat zen. Eta Aintzaneren herria!

Gogorra da Elgoibartik Azkarateko gainerainoko aldapa, eta oso larri ibili nintzen azkeneko kilometroetan, baina, egoskor, lortu nuen hura ere hanka lurrean jarri gabe igotzea. Neure kabuz Elgoibarraino iritsi izanaren poz beteak hartua jaitsi nintzen Azkaratetik Azkoitira.

Biharamunean, nire balentriak animatuta eta, besteetan ez bezala, Aintzaneri zer esana banuela iritzita, bizikleta Aintzaneren aurrean gelditu eta hitz egitera ausartu nintzen.

-Ba al dakizu noraino iritsi nintzen atzo bizikletan?

-Bizikletan? Noraino?

-Zure herriraino, Elgoibarraino.

-Nork esan dizu hori? -erantzun zidan, bere betiko irri ederra agerian-. Ni Markinakoa naiz, eta Elgoibar, gainera, ez zait batere gustatzen. Elgoibarra eskolara baino ez naiz joaten.

Ez nekien zer esan, baina ez nuen beste ezer esan beharrik izan, aldameneko auzoko mutilek eten baitzuten solasaldia.

-Begira, begira, Aintzanek nobioa zaukak -esan zuen irriz mutiletako batek.

-Nobio karrerista! -gehitu zuen beste batek.

Aztoratuta alde egin nuen handik. Atzera begiratu nuenean, aldameneko auzoko mutilak Aintzane eta Arantxarekin hizketan ikusi nituen. Harrien eta sustuen bitartez, adiskidetasun patxadatsuago batera helduak ziren, itxuraz.

Elgoibarren egona nintzen inoiz, gurasoekin, baina Markina ez nekien ezta non zegoen ere. Mapa bat erosi nuen. Elgoibartik Markinara joateko beste mendate bat pasatu behar dela irakatsi zidan mapak: San Migel; eta, guztira, Azkoititik Markinarainoko joan-etorriak 48 kilometro inguru dituela, Azkoititik Elgoibarrarainoko joan-etorriak halako bi.

Beldurrez ekin nion San Migelgo igoerari, baina, zorionez, uste baino samurragoak ziren aldatzak. Gainera iritsitakoan Bizkaian sartzen ari nintzela erakutsi zidan kartel berde handi batek. Zerua gero eta ilunagoa ikusteak zalantzak piztu bazizkidan ere, Aintzaneren herritik hain gertu ezin nuela amore eman pentsatu eta aurrera egin nuen. Kezka handiz baina zirrara sarkor batez jaitsi nintzen handik Markinara. Dena zen berria, dena zen misterioa, ez nekien zerekin egingo nuen topo hurrengo bihurgunearen ondoren. Markinara iritsitakoan, etxetik 24 kilometrotara nengoen, aski nekatua ordurako, hodeien mehatxu gero eta nabarmenagoak estutua. Geroztik Parisen, Berlinen, Xauenen, Liman eta beste hainbat lekutan egona naiz, baina uste dut egundo ez naizela Markinara iritsi nintzen unean bezain etxetik urrun sentitu, ez sentituko ere honezkero, joaten lekura joaten naizelarik ere.

San Migelera baino lehen hasi zen euria. Etxera iristea beste ametsik gabe eragin nien pedalei, masailan behera euri tantoak eta negar malkoak nahasten zitzaizkidala. Irrist egiteko beldurrez jaitsi nintzen San Migeldik Elgoibarra, eta Elgoibartik Azkaraterako igoera izugarri neketsua egin zitzaidan, amaiezina. Neka-neka eginda eta hoztuta iritsi nintzen etxera, dardara batean. Errieta gogorra egin zidan amak ("Zu ez zaude burutik sano!"), baina ez nion esan noraino iritsia nintzen.

Biharamunean ezin eman izan nion nire balentriaren berri Aintzaneri, familiarekin batera Markinara itzulia zelako, Arantxak esan zidanez. Aldameneko auzoko mutilak ere ez ziren gehiago agertu gure atari aldean. Arantxak ez zuen Aintzanerenaren moduko ile luzerik; eta, batez ere, Arantxa ez zen kanpokoa.

Aste bereko egun batean, eguraldi askoz hobez, berriro egin nuen Markinarainoko bidea, han akaso Aintzane ikusiko nuelako esperantza inozoak animatuta.

Bidean, Elgoibartik San Migelera igotzen ari nintzela, eskolan aurreko ikasturtean irakurri genuen ipuin bat etorri zitzaiadn gogora. Ipuinean, dagoen tokitik lasterka abiatzen bada, ibiltzen dituen lur guztiak berarentzako izango direla agintzen dio deabruak nekazari bati. Laster egin eta laster egin, lur sail handiak igaro ondoren, lehengo tokira itzultzen da nekazaria, akituta, leher eginda, hilzorian. Hil baino lehen, lurrean egindako zulo txiki bat erakutsi eta "Hauxe da behar duzun lur guztia" esaten dio deabruak.

Ipuineko nekazariak bezala, nik ere, neure bizikletan pasatu ahala inguru haiek guztiak, errepide zatiak, bidegurutzeak, mugarri eta seinaleak, bide ertzeko nahiz haruntzaxeagoko baserriak, baratzeak, pinudiak, sagastiak, gereziondoak, zelaiak, errekazulo eta muinoak, denak neure egiten nuela sentitzen nuen, barruraino neure. Baina, ipuineko nekazaria ez bezala, neure goputza kontrolatzeko gai nintzen, etxera onik eta osorik iristeko gauza, nire bizikleta fidelaren laguntzarekin.

Ez nuen Markinan Aintzane ikusi. Baina hurrengo egunetan ere bizikletan inguruko eta ez hain inguruko herrietara eta auzoetara joaten jarraitu nuen, bizikletaren eskulekuari estu atxikia. Neure egin nituen Eibar, Deba, Zarautz, Andoain, Tolosa, Beasain, Arrasate eta horien inguruetako auzo eta herri txiki eta handi, mendate eta errekazulo, baso eta zelai, errepide eta bazter guztiak, gaur egun ere, Markina bezalaxe, halaxe sentitzen ditudanak, barruraino neure.

Ez nuen Aintzane gehiago ikusi, ez uda hartan eta ez geroago ere.

Behin lagunartean neska kontuetan ari ginela, ea nik andregairik banuen galdetu zidan lagunetako batek. Lotsaturik, ez nekien zer esan, baina ez nuen ezer esan beharrik izan.

-Honen andregaia bizikleta duk -esan zuen beste lagun batek.
2003
Jesus Mari Artze, ttakunaren esku isila
Zubiarte
2000
Agur, Euzkadi
Susa
2000
Hautsia natza
Euskaltzaindia-BBK
1999
Harri barruko bihotz-borrokak
Elkarlanean
1996
Galdu arte
Susa
1994
Sakoneta
Susa
1989
Kaka esplikatzen
Elkar
1988
Gertaerei begira
Elkar
1987ko maiatzaren 3a
Giza-izaera amildegiaren ertzean jarri nahian
Juan Luis Zabala 24 urte inguruko narradorea dugu, eta duela bi urte nobela saio batekin sorprenditu bagintuen, oraingoan narrazio-bilduma batekin datorkigu: Ahanzturaren artxipielagoa. Gaur egun, Andoainen euskarazko klaseak ematen ditu, eta bere begiradan gazte bihurri baina erdi-filosofoaren itzala antzeman daiteke.

Gaur egunetik ikusia, nola sentitzen duzu zure lehenengo nobela, Zigarrokin ziztrin baten azken keak?
Ahaztuta, neurri haundi batean. Ahaztuta diot, orain ez nukeelako horrelako zerbait egingo. Azkue saria eman ziotenean epai-mahaian Anjel Zelaieta zegoen, eta berak prentsaurrekoetan esan zuen nobela hori nobela unibertsitarioa zela, eta horretan esan behar da asmatu egin zuela. Nobela hura, neurri batean, unibertsitateko klaseetan ikasitako gauzetan oinarritutako zerbait zen. Batez ere surrealismoari buruz erakutsi zizkigutenak isladatzen dira bertan. Nobela hura egin nuenean buruan nituen gauzak orain piska bat alde batera utzita ditut. Garbi daukat beste bide berri batzutatik nabilela.

Lehenengo nobela hura eta beste narrazio-liburu honen artean badira konstante batzu. Leku izenak, tematika aldetik... hori zerbait konszientea al da?

Konszientea? Ez. Gertatzen da garai hartako zenbait gauzagaiak, esate batera, zailak direla aldatzen. Lehen esaten nituen gauza asko orain ere esango ditut, eta ez naiz ni izango hori esaten lehena. Literaturan behin eta berriz gauza berak esaten dira. Gauzak esateko era desberdinak daude, eta horretan saiatzen gara.

Zure tematika nahiko fatala da, ezta? Tristura, bakardadea, gaisotasuna, heriotzaren hurbiltasuna...
Beno, eta norena ez? Literaturan, nik uste, pesimismoa askoz zabalduagoa da optimismoa baino. Eta literaturan ez ezik, ez dakit, filosofian ere beharbada bai. Eta kaleko jendearen elkar hizketetan ere nabaritzen da. Ikusten da jendea pozik dabilela, bai, baina gero hizketan konturatzen zara jenderik alaienak ere hizketan bere neurak kontatzen hasten denean zera esaten dizu: bizimodu hau gezur bat dela, mila modutara esaten dizkizu pesimismora jotzen duten betiko gauzak. Literaturan oso arraroa da benetako alaitasuna ematen duten gauzak irakurtzea. Ez da nire kontua bakarrik.

Pesiamismo eta fatalismo horrekin batera, ironia edo umore fin bat ere nabari da lanotan. Ez al dago gaizki ulertua izateko arriskurik?
Nik neuk badut umore bat oso berezia, oso neurea dena. Idazterakoan ez ezik, hizketan eta lagunartean ere nabaritzen dut umore hori. Umore surrealista samarra beharbada. Umore hori liburuan ere nabari da. Gainera, pentsatzen dut horrelako umorea hobe dela liburuetarako, hizketarako baino. Lagunartean horrelako gauzek batzutan ez dute hainbeste grazia egiten, eta liburuan igual hobeto gelditzen dira. Nik batzutan nire ustez oso ona den txiste bat kontatzen dut eta inork ez du barrerik egiten. Beste batek txiste txarra egiten du eta kristo guztia barrez. Umorea beti gauza erlatiboa da.

Hasieran, liburu honekin, beste asmo desberdinik al zenuen?
Bai, hasieran zirriborro batzu izateko asmoz jaio ziren, apunte modura. Egia esan, nahiko testu arraroak gertatzen dira, xelebre samarrak dira guztiak, baina badute lotura bat haien artean, lehenengo pertsonan idatziak izateaz gain, badute halako aitorpen kutsu bat guztiek. Amildegiaren ertzean daudela esango nuke, edo behintzat hori izan zen Eusko Jaurlaritzan beka eskatzeko erabili nuen esamoldea: «giza-izaeraren amildegiaren ertzean kokatzen gaituzten testuak izango dira guztiak».

Hiru edo lau urtetan bi liburu jarraian idazteak ba al du kontinuitate asmorik atzean? Jarraipen asmorik?
Orain dela gutxi nire apunte koadernoan idatzi nuen literatura nire erlijioa dela. Nik hala sentitzen dut batzutan. Bizimodu honetan zerbaiti heldu behar zaio eta nik literaturari heltzen diot. Kristaua mezatara joaten denean eta jaunartzen duenean lasai gelditzen da. Horrelako zerbait izango litzateke nire literaturarekin. Bizitza honetan lana egin dezakezu, lagunekin ibili, gauzak aldatu nahiak ere konpromisoak ekartzen ditu... Ni horietan ere ibiltzen naiz baina ez naute asetzen. Ni benetan gustora uzten nauena zerbait idatzi dudala ikustea da. Hau idatzi dut, lehenago ere beste zerbait idatzi nuen, idazten segitzeko asmoa daukat... hori ikusteak uzten nau pozik. Inportantea da zentzu batean baina beste zentzu batean ez. Esan nahi dut literatura nire erlijioa dela, baina ez naiz debotoa.

Zure liburuak irakurrita, harrigarri samarra egiten da poeta ere ez izatea, oso hizkera poetikoa darabilzu eta...
Bertso librea asmatu zenetik, prosa eta poesiaren artean ez dago halako barrera haundirik. Nik beti esan dut liburu hau oso poetikoa dela, prosa poetiko pasarte batzu badirela. Ez dago garbi liburu zein jenerotakoa den, ipuinak badira, baina beno, ez dute titulurik, eta poesia asko dago tartean.

Zuk ipuin bati zer eskatzen diozu batez ere, erreflexioak agertzea, istorio borobilak osatzea...?
Azken aldian egiten ari naizen ipuinei bakarrik eskatzen diedana irudia da, iradokorra edo sujerentea izatea. Ipuin horiek irudi batzuren deskribapena dira, nolabait esateagatik zinematografikoa. Besterik gabe, eskatzen diedana hauxe da: irudi horiek nire gogoa asetzea. Gero kontaerak ere badira, gauzak gertatzen dira baina gertaera horiek ez dira oso logikoak, irudiak berak garrantzia haundiagoa dauka istorioaren garapena baino.
1987
Ahanzturaren artxipelagoa
Elkar
1985
Zigarrokin ziztrin baten azken keak
Elkar
12/1998
Hasta la derrota, siempre
Hiru Argitaletxea
11/2003
Poeta New Yorken
Erein Argitaletxea, S.A.
10/2015
Catherine Certitude
Erein Argitaletxea, S.A.
10/2012
Maltzeta : soinu bete bihotz
Euskal Herriko Trikitixa Elkartea
05/2010
Akiles eta dortoka
Alberdania
04/2007
Bideak, aldapak eta bihurguneak
Elkarlanean, S.L.
03/2018
New York misioa
Elkarlanean, S.L.
03/2018
Paris misioa
Elkarlanean, S.L.
Jexux Artze, ttakunaren esku isila
Zumarte Usurbilgo Musicka Eskola