Joseba Felix Tobar Arbulu

Joseba Felix Tobar Arbulu Atzera

2013
Diru teoria Modernoa eta finantza-ingenieritza
UEU
2011
Finantza Kapitalismoa 1-Mundu Globala
Ultriusque Vasconiae
2011
Finantza kapitalismoa 2-Euskal Herrirako irtenbide ekonomikoa eta soziala
Ultriusque Vasconiae
2008
Amerindiar erreserbetako ondoezak Annie Maeren izpirituan (I)
Utriusque Vasconiae
2008
Amerindiar erreserbetako ondoezak Annie Maeren izpirituan (II)
Utriusque Vasconiae
2005
Langabeziaren kontra. Bankugintzaren garrantzia
Elhuyar
2004
Inflazioaren aurka. Bankugintza berriaren jarduerak
UEU
2001
Kanpo-zorraren patologia
UEU
2000
Euskal Herria bere gain. Euskal Herriko subiranotasun monetarioa eta ekonomikoa
Enbolike
1999
Moneta teoria berrirantz
UEU
1997
Marxez haratago. Euskal independentzia eta subiranotasun ekonomikoa
Txalaparta
1993
Mekanika kuantikoaren zenbait berezitasun
UEU
1988
Ia guztientzako ekonomi gidaliburua
UEU
12/2005
Langabeziaren aurka. Bankugintzaren garrantzia
Elhuyar
12/2004
Inflazioaren aurka : bankugintza berriaren jarduerak
Udako Euskal Unibertsitatea
12/1993
Mekanika kuantikoaren zanbait berezitasun
Udako Euskal Unibertsitatea
10/1999
Moneta-teoria berrinatz
Udako Euskal Unibertsitatea
07/2008
Katea ez da eten : andolini euskaraz eta plazerez
Ayuntamiento de Santurce=Santurtziko Udala
06/1997
Marxez haratago : Euskal independentzia eta subiranotasun ekonomikoa
Txalaparta, S.L.
05/2013
Diru teoria modernoa eta finantza-ingeniaritza
Udako Euskal Unibertsitatea

XIX mendeko Marxengandik XXI mendeko Diru Teoria Modernora Marxek arrazoi zuen, gutxienez maila bateraino. Bai hala da. Froga Michael Hudson-ek eman du.

Hona laburbilduz Hudson-ek dioena: Interest-Bearing Capital and Commercial Capital in Relation to Industrial Capital izeneko zirriborroaren oharretan (gero Kapitalaren 3. bolumena eta Plusbalioaren Teoriak liburuaren 3. partea bilakatuko direnak) Marxek era baikor batez idatzi zuen kapitalismo industrialak bankugintza- eta finantza-sistemak modernizatuko zituela.

Berak uste zuen kapitalismo industrialaren eginkizun historikoa gizartea lukuruzko diru-mailegatzetik erreskatatzea zela. (Interesa daraman kapitala lukurariaren kapitaletik bereizten duena mailegariaren izaera desberdina da.) Kapital industriala produkzio-medio ukigarrietan azaltzen den bitartean, banku-maileguak, akzioak eta bonoak aberastasunaren gaineko eskari legalak dira. “…lukurariaren kapitalak ez dio aurre egiten langileari, kapital industrialak egiten dion moduan… produkzio-modua pobretu egiten du, indar produktiboak geldiaraziz, ez garatuz.” Marxek uste zuen ekonomiek epe luzean produkzio medioak areagotzearren, kapital industrialak mozkinak bereganatuko zituela dirua gastatuz lan-indarra enplegatzeko, ondasunak produzitzearren, gero ondasun horiek garestiagoak saltzeko. Marxek prozesu hori honela laburbildu zuen: M-C-M’.

Dirua (M) inbertitzen da ondasunak (C) produzitzeko, zeintzuk saltzen diren diru gehiago eskuratzearren (M’). Hala ere, bazekien lukuruzko kapitalak dirua beste era batera egiten zuela: M-M’. Azken finantza eskari hori produkzio ukigarritik era independente batez hazten da, eta finantza gastua irudikatzen du zeinak mozkin industrialetik jaten baitu. Marxek deskribatu zuen nola aldizkako finantza-krisiak azaldu ziren zorren tendentziak esponentzialki hazten zirelako (ahalmen produktiboen hazkundearekiko konparatuz): interes konposatuen magia zela kausa. Interes konposatuen matematikaren printzipio dela eta, zorra metatu egiten da ordaintzeko ahalmen ekonomikoarekin parekatuz. Marxen iritziz, finantza-eskari hazkunde hori fikziozko kapitala zen, ezin baitzen gauzatu. (Gaur egungo AEBetako zor hazkunde esponentziala ezin ordain daitekeen bezalaxe). Hortaz, fikziozko finantza-irabaziek errealitate ekonomikoari aurre egiten diotenean krisiak sortzen dira. 1857ko krisi finantzarioa analizatuz, Marxek bere garaian pentsaezinezkoa zena adierazi zuen, 2008/2009an ezagutu diren finantza-espekulatzaileentzako diru laguntzak izatea. Hala ere, guk ezagutu dugu egoera hori, non Wall Street-ek bere botere ekonomikoa botere politiko bilakatu duen, finantza publikoaren erregulazioa kontrolatzeko. Marxen aburuz, finantza fikziozko eskarietan oinarritzen zen, zeren finantzari ez baitagozkio produkzio medioak, baizik eta produkzio-medioen gaineko bonoak, hipotekak, banku-maileguak eta beste eskari batzuk. Ez dira ekonomiaren balantze orriko aktiboan dauden medio ukigarriak, baizik eta pasibo aldean azaltzen diren outputen gaineko eskariak. Gaurko finantza-ingeniaritzaren helburua ez da lehengo ingeniaritza industrialak zuena, hots, outputa areagotzea edo eta produkzio kostuak jaistea. Egun, gorpuzturik gabeko M-M’ gauzatzea da helburua, zero-baturako transfer-ordainketa antzu batean –dirua dirutik egitea-. Gainera fikziozko kapital horren eskariak ezin dira bete, ekonomiaren aurrezkiak eta zorrak esponentzialki hazten baitira. Marxek definituriko lukuruzko kapitala, kapital industrialarekiko antitetikoa da, gainera fikziozkoa da, zeren epe luzean ez baita gauzagarririk izaten. Finantza Marxek deskribaturiko lukuruzko kapital bilakatu da, berorrek kapital industriala bereganatuz. Bankugintza eta kapital finantzarioa ez daude kapitalismo industrialaren beharrizanen menpe, alderantziz baizik. Are okerragoa dena: Plangintza ekonomikoa gobernuetatik AEBetako Wall Street-era, Britainia Handiko City of London-era, Paris-eko Bourse, Frankfurt, Hong Kong, Tokio-ra eta munduan zehar dauden beste gune finantzarioetara igaro da. Historia garatu den moduan, finantza-kapitalaren hedakuntzak Marxek deituriko ‘lukuruzko kapitala’-ren forma hartu du. Hala ere, nahiz eta Marx lukuruzko kapitala ikertu, azken finean okertu zen. Izan ere, berak uste baitzuen kapital industrialak finantza-kapitala menperatuko zuela, azken horren beharretara. XIX. mendeko kapital finantzarioaren analisirik sofistikatuena Marxi dagokio (Plusbalioaren Teoriak, III. partea). Izan ere, kapital finantzarioaren garapena analizatu zuen, garapen hori mugagabekoa zela ikusiz, interes-tasa konposatuaren arabera. Baina hori guztia analizatu ondoren, analisi hori bertan behera utzi zuen Marxek, kapital finantzarioa kapital industrialaren menpe egongo zela aldarrikatuz. Beste edozein ekonomialari baino askoz gehiago kezkatu zuen Marx garapen horrek, baina azkenean uste zuen kapital finantzarioak bigarren mailako rola, menpeko eginkizuna zeukala. Gaur, oso argi dagoenez, alderantziz gertatu da: ekonomia osoa finantza-kapitalak bereganatu du, ekonomia industriala erabat finantzializatuz. 1. Hyman Minsky-ren ildotik Gaur egunean, Hyman Minsky-k deitutako ‘kapitalismo diru-kudeatzailea’ motan, badakigu finantza-kudeatzaileek enpresa industrialak bereganatu dituztela, Marxek imajina lezakeen mailatik baino askoz haratagora joanda . Kontua da maileguak egitea aktibo-prezioko inflaziotik irabazi espekulatiboak lortzeko, M-M’ eskemari dagokiola, ez M-C-M’ delakoari. Ekonomia Ponzi eskema batean sartu da, zor-zerbitzua birziklatuz, mailegu gehiago luzatzearren, aktibo prezioak puzteko –mailegatze berri hori justifikatzeko mailan-. Baina prozesu horrek muga bat du: zor-zerbitzua estaltzeko superabit-errentak daukan ahalmena. Bankuek eta beste hartzekodun batzuek beren zor-zerbitzuko diru-jasotzea mailegu berri- (eta arriskutsuago)-etan birziklatzen duten heinean, zor globala esponentzialki hazten da. Hauxe da interes konposatuen matematikak erakusten duena. Ondorioz datorren zor-deflazioak barneko merkatua murrizten du eta ekonomiaren beraren hazkundea blokeatu egiten da. Krisiaren funtsa ez dagokio mozkin-tasaren jaitsierari (Marxek uste zuen moduan) egungo aktibo-prezioko inflazioari baizik, zeinaren ondorio zuzena zor-deflazioa den. Horixe da, gure begien aurrean, gertatzen ari dena, eta jende asko jasaten ari dena. Irtenbidea? Randall Wray-k zenbait proposamen egin ditu : alde batetik, krisi orokorrari aurre egiteko eta, bestetik, Eurolandiako egoerari buelta emateko . Neoliberalismo finantzario gogorraren aurka, zeinak ekonomia osoa finantzializatu egin duen, gobernu sendoak behar dira, politika fiskal progresibo eta egoki eta zehatz bat martxan jarriko duten gobernuak, baita zerbitzu publikoetan inbertsio berriak egiteko gai direnak ere. 2. M-M’ versus M-C-M’ Marxista askok ez dute ulertzen zorraren zama ez dela mozkin handiak islatzen dituen kapitalaren metaketa. Zorrak metatu daitezke -hartzekodunen ‘aurrezkiak’ bilakatuz- inongo mozkinik gabe. Baldin eta zor guztiek existitzen den superabit bat islatuko balute, orduan nolabait ordainduak izango lirateke. Baina zor asko ezin dira ordaindu. Gaurko finantza sistema produkzio-eta-kontsumo ekonomiatik deslotuta dago. Autonomoa da. Marxista askotxok uste dute finantza-krisiak inbertso aukeren gainetiko ‘kapital metapena’ irudikatzen duela, soldatapeko lan-indarrari enplegatzaileek bereganatutako mozkinak direla eta. Haientzat produkzio esferan kapitalaren gain-metaketa dago: azkenean finantza kapital guztia - eta haren interes errenta- soldatapeko lan-indarretik dator. Baina Marxek argi bereizi zituen M-M’ eta M-C-M’. Zor gehienek ez dute suposatzen lehendik produkzio-eta-kontsumo ekonomia ‘errealetik’ ateratako superabita behar dela. Esan bezala, gaurko finantza sistema autonomoa da produkzio ‘errealetik’. Gaur egun zorra modu berezi batez sortzen da: konputagailuen teklatuetatik. Behin zorra egonik, interesak metatu egiten dira. Kasurako, Europar Batasunak bere zordun kideekiko harremanak ez dio ia ezer ekarri superabit ekonomikoari. Alderantziz baizik, Alemaniako, Austriako eta Frantziako bankarien aldetik, jarrera erabat harraparia izan da. Greziari eta Irlandari emandako diru laguntza bide bat izan da bankari horiei oso gaizki joan zaizkien maileguak osorik garbitzeko. Maileguak, gehien batez, konputagailuen teklatuetan sortu izan dira; beste aldetik, deribatiben kasuetan jolas hutsak izan dira. (Jolas horiek ez dute behar inolako superabitik.) Laburbilduz, zorra aire finetik sortua da . Ezelako superabitik izan gabe, zorrak azaltzen dira: ordaindu gabeko faktura bat zor bilakatzen da, ordaindu gabeko hipoteka batek interesak metatzen ditu, gero kuotak, isunak eta dagozkion zamak datoz. Hirugarren Munduko zor gehienek interes metatuak islatzen dituzte – ez halabeharrezko interes ez ordainduak, baizik eta banku mailegu berriak, zordunei interesak ordaintzen ahalbideratzeko. Hyman Minski-k finantza zikloen Ponzi estadioa deitu zion egoera horri . Ponzi egoera honetan eta Europar Batasunari dagokionez, Europako Banku Zentralak (EBZ) Irlandako, Greziako, Portugaleko eta Espainiako gobernuek (‘zergadunek’) erantzukizun osoa har dezaten nahi du, mailegu txarrak eta bankuen arduragabeko espekulazioa transakzio ‘onak’ bilakatzeko; horrela, egoera horietan bere fortunak eta kredituak jarri zituzten aberatsak eta inbertsiogile instituzionalak salbatuak izan daitezen, inolako galerarik hartu gabe. Ortodoxiak dioenez, azaltzen den pobrezia soilik piramide ekonomikoaren gaineko finantza-fortunatik ‘kanpoko’ arazoa da (sic).

Heterodoxiak badauka non ikas, diru teoria modernoa (DTM) da giltza:

http://www.scribd.com/doc/57836726/Diru-teoria-modernoa.

Euskal Herriari dagokionez, ikus DTM-koen bidetik egindako lantxo hau:

http://www.scribd.com/doc/110186981/Euskal-Herria-independentziaranzko-bidean-11.

Amerindiar erreserbetako ondoezak Anne Maeren izpirituan
Utriusque Vasconiae S.L.
Euskal herria bere gain, euskal herriko subiranotasun ekonomikoa aztereai
Enbolike (Zapiain Aguirre, Marcos)
Marx, hasiberrientzat (XXI. mendearen hasieran)
Marxengana itzuli beharko da? Alboratu behar da? Gaindituta dago? Itzultzekotan, argi dago ez gaudela exegesi baten aurrean, testu sakraturik ez baitago inon. Hortaz, hau ez da exegesi bat. Ezin izan daiteke. Marxen jarreraren aurka izango litzateke beraren testuak biblia gisa aztertu nahi izatea. Nolabait Marxez haratago joan behar da, baina Marxek zeukan ekonomiarekiko kritikaren grina berriz ere berpiztu behar dugu. Horixe da hemengo (eta nonbaiteko) marxistei aurpegiratu behar zaiena, testuen exegeta bilakatzea, Marxen testuak biblia gisa irakurri nahi izatea, marxismoa teologia berri bihurtzea, eta teologia mota guztiak, jakina denez, denbora galtzea besterik ez dira.

Marxen iritziz, ekonomia politikoaren helburua (Kapital, I. bol.) gizarte modernoaren lege ekonomikoen oinarriak asmatzea zen. Horretarako gogor, sendo eta fermuki aritu zen, plusbalioa langileriaren ustiaketaren muinean jarri zuelarik. Baina Marxek ezagutu zituen aroak, baldintzak eta kapitalismoa bera erabat aldatu dira. Hortaz, berak ezin aurreikusi lan-indarra haren alokairutik ez ezik haren aurrezkitik ere esplotatua izango zela. Gertaera hau erabat berria da, kapital finantzarioaren fenomenoarekin sortua.

Kontua da XIX. mendeko kapital finantzarioaren analisirik sofistikatuena Marxi dagokiola (Plusbalioaren Teoriak, III. partea). Izan ere, kapital finantzarioaren garapena analizatu zuen, garapen hori mugagabekoa zela ikusiz, interes-tasa konposatuaren arabera. Baina hori guztia analizatu ondoren, analisi hori bertan behera utzi zuen, kapital finantzarioa kapital industrialaren menpe egongo zela aldarrikatuz. Beste edozein ekonomialari baino askoz gehiago kezkatu zuen Marx garapen horrek, baina azkenean uste zuen kapital finantzarioak bigarren mailako rola, menpeko eginkizuna zeukala.
Egun marxistak, oro har, ez daude kezkatuta finantza-munduarekin. Eta finantza-kapitalaz ez arduratzea fikziozko ekonomia analizatu nahi izatea da. Modu honetan, ekonomia-zientzia fikziozko zientzia bilakatu da, errealitatearekin inolako parekotasunik ez daukan denbora-pasa. Teoriek, marxismo ortodoxoak barne, errealitatea bortxatzen dute. (Ez dezagun esan halako hark aldarrikatu zuena: «Teoria ez badator bat munduarekin, askoz okerrago munduarentzat»).

Gaur bizi dugun sisteman finantza-ekonomia da, eta berau da ikertu behar dena; egoera berri horri aurre egin behar zaio. Sistema monetario eta finantzario autonomoa da produkzio-medio materialetatik, eta hain sendoa da ezen produkzio-medio horiek suntsitzen baititu. Finantza industrializatu barik, industria finantzializatu egin da (Marxista bati gogorregi iruditzen bazaio egoera berri hori, okerrago berarentzat, zeren errealitatea oso egoskorra baita). Okerrago oraindik, norberak finantza-erakunde handietarako lan egin behar du ordainketa-balantzaren defizitak eta funtsen fluxuak ulertu ahal izateko. Izan ere, nazioarteko merkatu finantzarioen funtzionamendua ez-intuitiboa da oso, Hudson ekonomialariak erakutsi digun bezala.

Hona Kuban, 2000. urtean, bertako Alderdi Komunistari Michael Hudsonek emandako hitzaldiaren zenbait aipamen adierazgarri.

Marx, orain dela mende bat, globalizazioaren alde azaldu zen, pentsatuz globalizazioarekin batera Asia, Ekialde Hurbil, Hego Amerika eta Ekialde Urruneko erakunde atzeratu eta zaharrak hautsiko zirela, lan-indarrari, langileriari lerro ekonomiko modernotan antolatzeko aukera emanez.

Baina hori ez da gaur gertatzen dena. Egungo globalizazioa desberdina da oso, ez baitira errepikatzen garatu gabeko herrialdeetan erdigunean dauden harreman ekonomikoak. Fenomeno berriak azaldu dira. Egungo nazioarteko korporazio handiek -eta hauen atzean dauden akziodunek eta bankariek- errenta eta interesa bilatzen dituzte. Enpresa global horiek ez dute inolako mozkinik jasotzen beren jatorriko herrialdeetan, zenbait gune berezitan baizik: zerga-paradisuko zenbait irlatan, itsasoz haratagoko banku-guneetan. Horrek ondokoa esan nahi du, alegia, herrialde konkretu batek bilatzen baldin badu inbertsiogile atzerritar batekin nolabaiteko mozkin gaineko akordioa lortzea, baliteke ezaren erdia jasotzea. (Korporazio global haiek beren mozkinak finantzagileei interes modura ordaintzen dizkiete. Halaber, haien mozkinak segurtasun kargen eta beste karga ez-produktiboen gaineko gastuak direla aurkeztu nahi dute).

Arazorik handiena finantzarioa da. Munduko industria sektore finantzarioaren menpe dago. (Marxek uste zuenaren aurkakoa, hain zuzen ere). Korporazio multinazional handiek ez dute bilatzen plusbalioaren fenomenoaren bidez garapen gabeko herrialdeetako langileria ustiatzea. Batez ere lurra, baliabide naturalak (meategien gaineko eta monopolioen gaineko eskubideak) eta kanpo-zorren bitartez gobernu desberdinek antolatutako baliabide publikoak (tren- eta hegazkin-sistemak, telefono- eta komunikazio-monopolioak, telebista publikoak, petrolio-, gas- eta energia elektrikoko monopolioak) bilatzen dituzte, berauek prezio baxuan erosteko, gero lan-indarraren gizarte segurantzako aurrezkiak pribatizatu nahi dituzte, korporazio horietan partaidetza izateko, prezioak altxatzearren.

Hitz batez, inbertsiogile globalek ez dute nahi garaturik gabeko herrialdeak garatzea eta plusbalioaren mekanismoaren bidez kapital berria sortzea, jadanik eraturiko kapitala eskuratzea baizik. Horretarako, pribatizazioa eta globalizazioa batera doaz, zeren langileria murriztu behar baita. Enpresa erraldoiek langileak botatzen dituzte, langileria murrizten, gizarte segurantza pribatizatzen eta burtsa-merkatuen espekulazioa bultzatzen, ez dute nahi Marxek azaldutako langileriaren esplotazio zuzena.

Munduko ekonomia eta beraren sistema finantzarioak planifikatuta daude, ez gobernu desberdinen bitartez, finantza-ingeniaritzaren bidez baizik.

Alokairuak murrizten dituzten bitartean, langileak bultzatzen dituzte beren pentsio-funtsak eta gizarte segurantzako aurrezkiak burtsa-merkatuan jartzera, burbuila finantzarioa puztuz. Prozesu global hori NDF Nazioarteko Diru Funtsa delakoak eta Munduko Bankuak babesten dute, gobernu desberdinei esanez beren arlo publikoak saldu behar dituztela.

Baina, ekonomialari amerikarrak aipatzen duenez, statu quo finantzarioa ezegonkorra da. Hortaz, sistema finantzarioa nolabait erregulatu beharra dago. Horren guztiaren aurrean, Hudson ekonomialariak kontra-estrategia bat proposatu du. Hitz batean, eta aipu luzea laburtzearren, interesen, aseguruen eta karga parasito ez-produktiboen ordainketa baino lehenagoko errenta-zerga bat martxan jartzea, hala maila nazionalean nola nazioarteko mailan. Halaber, inbertsio produktiboa bultzatuko duen merkatu-sozialismoaren antzeko bat, zeinak Munduko Bankuari eta NDF delakoari aurre egin behar baitie.

Nahikotxo lan teorikoa alferkeriatan eta ezertarako balio ez duen sasi-teorietan segitzeko. Lot gatzaizkion eginkizun berriari. Marxez haratago joanez, baina Marxek zeukan kritikarako grinarekin, kapital finantzarioa dugu aztergai.