Jon Mikel Arano Aramendi

Jon Mikel Arano Aramendi Sormen-lanak

Itsasondo, 1961. Jon Arano eta Mikel Aramendi gisara ere sinatu ohi du, beste ezizen batzuen artean, Kantillape, Goierritarra, Ostiela! eta beste aldizkari batzuk sortu eta beroietan idatzi edo beste batzuetan (Argia, Susa, etc.) kolaboratu duenean. Oinarrizko ikasketak soilik egin zituen eta autodidakta izan da geroztik. Ondare ez-materialean diplomatua da.

Gaztetatik zaletu zen irakurtzen eta idazten eta 18 urte zituela zenbait poema argitaratu zizkioten Zeruko Argian, bere aita hil zitzaionean eta segidan. 1985ean Bileterik gabe poema liburuxka erratua argitaratu zuen Susa sailean. Hortik aurrera Argia eta Susa aldizkarietan erredakzio-lanetan aritu zen, bai eta Egin-eko A ze astelena! sailean. Zenbait kolaborazio egin zituen han eta hemen eta ondoren, kultur dinamizatzaile gisa, jaioterriko Kantillape aldizkaria sortu zuen. Hurrena, berriz, Goierritarra, Goierriko aldizkaria, 89an, eta berau zuzentzen jardun zuen 1995 urtera arte (1993ko Rikardo Arregi kazetaritza saria herri aldizkarien alorrean).

Tartean, Malezia Sorta poema liburua idatzi eta Hitz Etena (Eustakio Mendizabal Txikiaren olerkiak, sarrera, e.a.) paratu zuen Susarekin, Iraungo sailean. Gerora hainbat kolaborazio egin ohi ditu Argia, Egunkaria, Egin, Aizu!, DV, Habe, Zurgai, Ordiziako Urtekaria, Putz, Berria, GoierrikoHitza, Goiberri, Goierriko gida eta abarretan; baina garrantzitsuena, 95ean Paperzaleak kultur elkartea eratu eta Ostiela aldizkaria sortzea izan zen. EIEren enkarguz, Komatxo artean irratsaioa koordinatu zuen lehen bi ikasturteetan Herri Irratian (98/99); Euskadi Irratiko Lauretan Babel irratsaioan tertulianoarena egitea suertatu zitzaion kurtso batez; Pornolore aldizkariaren 1. zenbakia ere atera zuen 2002ean; 2003ean, bere antologiatxo poetikoa argitaratu zuen Koldo Izagirrek Susarekin, XX. Mendeko Poesia Kaieretako bat, alegia; eta 2004ean utzi zuen Ostiela!-ren ardura.

Udal Kultura Sailarekin batera, 2004 eta 2005eko Ordiziako Euskal Letren Eguna-ren antolatzailea eta horretarako egin diren argitalpenaren koordinatzailea ere izan da. Iñaki Bodas Larraiozen Blok berdea editatu eta argitaratu zuen Ordiziako Santa Ana urtekarian. 2005ean, Pirinioak idazleen topaketen koordinatzaile izan zen eta Goierriko Kasta literatur taldearen sortzaileetakoa da eta bere zenbait argitalpenen arduradun. Joseba Jaka V. literatur beka eman zioten poesia alorrean Zeruak eta ifrentzuak liburua egiteko, 2007an. Berehala argitaratu zuen Elkar argitaletxeak. Itsasondoko Udaletik beste beka bat izan zuen jaioterriko arbeldegien, meatze eta tailerren, bertako jendearen, historia eta istorioak jasotzeko.  Aspaldi hasitako lana zuen eta azken hamaika urteotan jaioterriko  dokumentazio ugari bildu du, liburu batzuetarako bai: biografia pertsonal eta koralak, Amona Ximonaren kontuak (1990etan D.V.-k bospasei orrialde aurreratu zituen…), e.a., e.a.

Gainerakoan, Jexus Lete "Ibai-ertz"en Orrela ziran gauzak (Auspoa saila) liburua eta Joxe Luis Aramendik itzulitako Ehortzi ezazue ene bihotza Wounded Kneen (Dee Brown, Txalaparta/ Ostiela) laguntzaile eta bultzatzaile izan zen, besteak beste. Bere zenbait poema musikatu dizkiote [Joseba Gotzon, BAP, Manillares Iturriaga… Mikel Inunziaga Inun-en Da nola-rako Karen Jon Minerrek ere, adib...].   Javier Arzuagaren A medianoche liburu lazgarria itzuli zuen: Kubako Iraultzaren argi-ilunen liburu lazgarria, Gauerdi minean izenburuaz, eta Booktegi.eus-en argitaratu zen 2023an. Era berean, Booktegi digitalean Errusiar erruletara jolastu nahi? narrazio luzea argitaratua du.   Deabruaren Eskola webean eta han-hemen aipuak, antologiatxoak egin zaizkio (Aspaldiko lagunen bisita-Susa, esaterako); aspalditik eta geroztik idatzi badu ere, poesia, prosa, elkarrizketa liburu eta abarri irteera emateko asmo sendoa dauka..