Jon Gerediaga Goitia Atzera
Azken hitza
AZKEN HITZA
Aingeru eroriek bezala
itzulerarekin
egiten dut amets
behin eta berriro
itzuli nahi dut
baina ez haraindira:
bizitza honetan
bizitza honekin
egiten dut amets
behin eta berriro
eta behin eta betiko
amets egiten dut
lur honekin eta zurekin
eta zure sabeleko
fruitu tematiekin
hauts izateko ni
lokatz izateko ni
zuretzako ni
zeruak inguraturik
eta zerutik kanpo
aingeru eroriek bezala
amets egiteko eta
beti itzultzeko ni
zugan irauteko
oi lur bero
lur honexetarako ni
lur beltz honexetarako betiko ni.
Hilkor
Idoiari zentauro batek
Idoiari zentauro batek
Idazten dizut
(zure baitan babesten dira zentauroaren hankak)
oraindik apenas historiarik dugun arren
(edo agian bai, baina ziurrenik ez dugu behar)
belarrean ikusi zaitudalako, ametsetan
nire bular gainean etzanda
(eta ez geunden bakarrik)
eta orain badakit denboratik kanpo gaudela
eta mundua salbatzen dugula
elkar maitatzean
baimena eskatu diot lurrari
zeruari
aireari
eta elurrak -ikusi zenuen- baietz erantzun zidan
lurrera mara-mara erortzean baieztapen zuri eta isil bat bezala
baietz esan zuen elurrak, gure artekoa onartzen zuela lurrak
zeruak
aireak
eta orain idazten dizut
zentauro baten kaligrafia traketsarekin
hankak lurrean ditut
burua zeruan
abendukoa naiz
zentauroa beraz (esango luke aitxitxak)
jon esaten didate
baina nik ez dakit nire izena zein den, noski
badakit, hala ere, nola maitatzen den
txikitan irakatsi zidaten / ikasi nuen
(eta ikasten jarraitzen dut
noizean behin ahazten dudan arren)
eta nik badakit, baita ere
hegaz egiten
hegaz egiten gorantz edo beherantz
(eta esaten dutena esaten dutela ere
ez da hain gauza zaila, egia esan)
eta burua zeruan hondoratzen
eta hankak lurrean hondoratzen
eta orain zure aldarean utzi nahi ditut
zure arbasoentzako opari
(nire, hire, zure, haren, gure, zuen, haien
arbasoentzako opari, beraz
bai tristea hau argitu beharra ere)
nire gizon-gizaki izateko armak
nire gizon-gizaki-izaki-zaldi izateko armak
nire zentauro izateko armak
zure iragana
zure herria
zure etxea
zure bihotza
zure hitza
jagoteko
defendatzeko
maitatzeko
zure arnasaren formak
zure lokatzaren arnasa
zure begiak
zure titiak
zure gogoa
zure ipurdia
zure arnasa zure bizi-arnasa zure arnasa
desiratzeko
edateko
maitatzeko, beldurrik gabe
edo beldur izugarriarekin bada ere, maitatzeko
edateko
desiratzeko
gure gizaki/izaki/animalia izateko armak baino ez ditugu behar
gure zentauro izateko armak baino ez
(haien buruak tenkatuz eta jaurtiz
guztia bat: arku gezi eta zentauro
bitartekorik, tramankulurik gabe)
agindutako lur hau ereiteko
agindutako lur honetan sortu eta hazteko
zure baitan erna dadin bizitza
behin eta berriz bizitza
bizitza bizitza bizia
bizia bizia bizia bizitza
(behin eta berriz errepikatuko dut
ez naiz sekula nekatuko:
bizia. Bizitza,
hortxe ezagutu genuen elkar)
eta zu maite zaituen bihotz armatua daramat nik barruan
oraindik erein ez ditudan patata guztien trukean
(nik betidanik patata erein nahi izan dut, besterik ez
patata erein)
patata bero armatu bat daukat barruan
patata odoltsu bat zuretzako
apokalipsia saihesteko
apokalipsian elikatzeko
bizirauteko
patata bat
suzkoa
harrizkoa
haragizkoa
lurrezkoa lurtarra
mundutarra hilkorra
lurrean ezin gogorrago
ezin tematiago
ezin sakonago erroturik
zuretzako
patata armatu bat
lurrean erroturik zerura begira dagoena
zu maitatzeko sortua
zure herria, zure gerria
maitatzeko sortua
eta zu zaren
eta zure baitan laburbiltzen den beste
guztia maitatzeko sortua
(hau da, bizitzaren sugar hutsa
zugana iristean Idoia izena hartzen duena)
adibidez, zure ahoa
adibidez, zure haragia
adibidez, zure hitza
eta zure hizkuntza
maite zaituen patata bat
zure aitaren eta amaren
eta gure aitaren eta amaren
etxea defendatzeko
eta etxe azpiko lurra defendatzeko
eta etxe gaineko zerua defendatzeko
(etxe guzti-guztien
azpian eta gainean dauden horiek
bai tristea
bai nekeza
hau berriro ere
argitu behar izatea
badaezpada)
zure sabelean
zure sabelean
zure sabelean
zure sabelean ereingo ditut nik
bakearen patatak
maitasunaren patatak
biharkoak, atzokoak
lur berriaren
eta antzinako lurraren
eta izerdiaren
eta oinazearen
eta minaren
eta heriotzaren
eta bizitzaren
eta heriotzaren
eta berriro ere bizitzaren
birjaiotzearen
mirariaren patatak
maitasunaren patata odoltsuak.
Zentauro-hankak
Jainkoa harrapatzeko tranpa
8 Olivetti poetiko/Mundopolski, erreboltaren ziaboga
Yuri Sam. Otoitza/Au revoir triunfadoreak!
Fitola Balba, Karpuki Tui
8 Olivettis Poéticos
La luz, la tierra, el árbol, el cielo
Argia, lurra, zuhaitza, zerua
Harria osatzeko
harria osatzeko idazten dut
eta idatziko dizut
itolarrian, ur azpian kanabera bezala
txikitako komikietan bezala
inoiz ez bezala
gaur altzarietako aurpegietan irribarreak atontzen
aurkituko nauzu erdi hustuta
zotzekin, lastoekin, klarionez, edonola
egunkarietan
zapalduen sutondoen errautsetan sua sua
behin-betiko harri bihurturik gera ez nadin
harri urdina
ahozuloan putzu bat duena
betiko harri gogor harri hotz harri hormatua
betazalen kilimek ere iratzartzen ez duten harri hutsa
ezta inoren musuek, ezta tximeletek, ezta ziklopeek ere
betiko geldi eta zutik dagoen harria
hustuta, nekatuta, akituta
garrasi bat eztarrian tinkaturik duen harri geldia
garrasi isildua gurutzaturik eztarrian
arrain-hezurra bezala
garrasi izoztu bat ahoan
elur urtua ahozuloan
harrizko heriotz honetatik ihes egiteko idazten dut
eta idatziko dizut
eta gainera agian hau guztia gezurra delako
eta agian ez delako beti horren mingarria izan harri izatea
(hobe harri izatea harrizkoa baino)
ez delako betiko horren goibela izango euria harri bustian
euri ilun eta geldoa euria
eta laster, auskalo, poza sentituko dugulako berriro ere
ordubete barru, edo arinago
gero
zuk eta nik
agian, ez dakit, ardo gabe ere
lor genezakeen bizi poza sentitzea gero
elkarrekin aspertu eta barre egin, edo ez
baina elkarrekin bero, gero gero bai
besarkada harrizkoan
txikitako komikietan bezala
ur azpian kanabera bezala
aurpegiak han eta hemen, irribarretsu
behintzat harriaren garaipen geldo baina irmoa moteltzeko
idazten dut
heriotz hau guztia osatzeko
idatziko dizut
gure harrietako putzuetatik edan dezagun
esango dizut, esaterako
gero
oi gero gero
gero gero bai
edo bihar Debara goaz
bihar eguraldi hobea dator
edo agian ez
baina bihar hau eta bihar bestea
eta halako aldarte ameslarian
zentauroaren hegaldi batean etzi
etzi ere bai esango dut
etzi hau eta bestea
etzi ere ez etsi
eutsi etzi ere bai
euri erauntsi geldo eta ilun
eta geldo hauek
nola estimatzen genituen gogoratzeko behintzat
baina behin eta berriro nire baitan euria
ur putzuak nire harriaren harrizko hutsuneetan
bihotz busti eta astun hau lehortzeko, dilatatzeko
harrizko heriotz irmo hau apurtzeko
esango dizut: gero
oi gero gero
eta bihar eta etzi eta hamar eta hogei urte barru
eta maitasunezko beste hainbat hitz eder eta urrun
eta gaur ezinezkoegi
komiki polit bat marraztuko dut nire atzamarrarekin
haragizko gezi batekin marraztuko dut
helduontzat komiki bat, aurpegi irribarretsu bat
zapalduen sutondoen errautsetan
eta altzarietan eta hormetan
aurpegi alaiak bilatuko ditut edonola
itolarrian, ur azpian azukre-kanabera bezala
zure betazalek zure tximeletek
zure musuek zure ziklopeek
materia gormutua iratzar dezaten
nire likenak laztandu ditzaten
desizoztu daitezen bihotzaren garretan
harrion garrasiak
uholde nagusiaren erdian
nire garrasi hormatu eta isila
lurra lurra
zure sabela defendatzeko egina
zure sabela maitatzeko sortua
senti dezagun berriro bizitzaren sugarra
ai bizitzaren sugar hutsa
eta zure sabelaren besarkada gero
zure sabelaren beroa gero
nire azaleko putzuak lurruntzen
nire azaleko likenak laztantzen
oi gero gero
gero gero bai
eta bihar eta etzi eta beti
eta orain
harrizko besarkadan.