Izaskun  Gracia Quintana

Izaskun Gracia Quintana Atzera

2018-05-04
"Zenbait liburu irakurtzean boligrafo gorria ateratzeko gogoa sartzen zait"

"Zenbait liburu irakurtzean boligrafo gorria ateratzeko gogoa sartzen zait

Biografia: 1977an jaio zen Bilbon, San Inazio-Sarriko inguruan. Euskal Filologian lizentziatua da eta liburuen diseinu lanetan dabil Berlinen 2011tik. Argitalpen sorta oparoa du: Fuegos fatuos, Eleak eta beleak, Saco de humos, ártica / artikoa... Ohe hutsetan (Balea Zuria) izena du bere azken poema liburuak.

Berlinen idatzi duzu Ohe hutsetan liburua. Zure ohera, Bilbokora, itzultzeko asmorik baduzu?

Ez dut uste itzuliko naizenik. Urtebeterako joan nintzen hizkuntza ikastera Berlina, baina egonaldia luzatzea erabaki nuen eta bertakotu egin naiz. Gainera, itzultzea oso zaila da. Lagun guztiek haurrak dituzte eta haiekin geratzea oso zaila da orain. Tetris bat egin behar dut agendan. Nik buruan daukadan Bilbo jada ez da existitzen. Dagoeneko ez naiz ez hemengoa ez hangoa, inoren lur batekoa naiz.

Alemaniera ikastea ez zen samurra izango, baina hizkuntzez jabetzeko erraztasuna duzula ematen du...

Euskara eta alemaniera oso antzekoak dira zenbait gauzatan. Dena den, alemaniera oso zehatza da; agian zehatzegia ikasteko. Euskaldun berria naiz ni: A ereduko ikastetxe batera joan nintzen eta gaztelaniaz jarduten nintzen beti. Euskara maila zeharo baxua neukan, klaseak astean bitan baino ez baikenituen izaten. Klasean euskara, latina balitz bezala irakasten ziguten eta ez zitzaidan batere interesatzen. Iñaki Martinez izan zen nire euskarako irakaslea lehenengo BUPen eta erabat aldatu zidan ikuspegia. Egunero hiru orduz euskaltegira joaten hasi nintzen eta euskaldundu egin nintzen erabat. Pentsa, EGA atera nuen eta Euskal Filologia hasi nuen. Horregatik, irakasle hari eskainia dago liburua.

Dena, bidean urte bat bere ere galdu gabe?

Bai, ama nafarra dut eta ni ere buru-gogor samarra izaki... Alemanierarekin ere gauza bera gertatu zitzaidan. Lanean nenbilela hasi zitzaidan gustatzen eta hara joatea erabaki nuen. Niretzat hizkuntza bat ikastea benetan ikastea da, erdi-bidea ez zait gustatzen; hizkuntza hartan irakurri eta hitz egin nahi dut.

Diziplinatua izango zara, beraz...

Beti izan naiz apur bat alemaniarra eta areagotu egin zait zenbait gauzatan. Oso germanizaturik nago. Alemaniarrak ez dira estereotipoek dioten bezain zorrotzak beti, baina lanean bai. Diseinu enpresan emaitza berera daramaten prozedurak proposatzen badizkiet, adibidez, ez dute malgutasunik erakusten.

Leku ona al da Berlin idazle batentzat?

Berlin oso hiri ederra da, baina baita garestia ere. Zentrotik aparte samar dagoen hegoaldeko gune batean bizi gara gu. Turistarik apenas dagoen han. Hara joan aurretik Madrilen izan nintzen bizitzen eta han kaskoak topera eraman behar izaten nituen. Berlinen ez dago builarik ez kalean eta ezta tabernatan ere. Alemaniarrei hiriburua oso kaotikoa iruditzen zaie, baina Bilborekin alderatuz hutsik daude kaleak. Etortzen naizen aldiro egokitzapen fase txiki bat pasa behar izaten dut. Hala ere, Berlin bezalako hiri batean konpainia arazo bat izan daiteke. Jende asko joaten da bertara bizitzera, baina urte pare bat egin eta itzuli egiten dira. Nik nire lekua behar dut eta batzuetan zail egiten zait hain ingurune aldakorrean bizitzea. Geratzen direnak ere beti dute buruan itzulera.

Zuk ez duzu faltan sumatzen herria?

Herrimin pixka bat izatea normala da. Euskaraz norekin hitz egina da okerren daramadana. Ez dut inorekin euskaraz egiten Berlinen. Baditut lagun batzuk zeinekin ingelesez mintzatzen naizen, besteekin zeinekin gazteleraz, baina euskaraz dakiten apurrekin ere nekez egin ahal izaten dut beti badelako taldean norbait ulertzen ez gaituena. Horregatik saiatzen naiz ahalik gehien irakurtzen. Etortzen naizenero dozena bat liburu erosten ditut hara eramateko.

Zeintzuk dira bidaia honetan Berlinera zurekin eramango dituzun liburuak?

Poltsa beteko dut oraindik, baina oraingoz Eider Rodrigezen Bihotz handiegia eta Jenisjoplin Uxue Alberdirena dagoeneko erosi ditut. Liburu-denda batean egotea arriskutsua da niretzat. Txartela kea dariola utzi ohi dut. Maite ditut edizio bereziak eta nire buruari aitzakiak jartzen, baimenak ematen, oso ona naiz. Iban Zalduaren Idazten ari dela idazten duen idazlea ere erosi dut.

Eta noiz aritzen da idazten Izaskun?

Egunean hamar bat ordu lan egiten ditut, beraz, denbora gutxi izaten dut idazteko, baina edozein unetxo baliatzen dut. Oso erraza egiten zait nagoen lekuan nagoela erabat kontzentratua egotea: oso miopea naiz eta musika kaskoak jantzita eramaten ditut sarri. Lehen egunero trenean bidaiatu behar nuen, ordu t’erdi joan eta beste hainbeste etorri. 'Ohe hutsetan' burdinbidetan idatzitako liburua da. Gainera, despistatua naizenez, norbaitekin geratzen naizen aldiro denbora askorekin joaten naiz eta itxaronaldia idazteko edo irakurtzeko erabiltzen dut.

Gaztelaniaz edo euskaraz, zein hizkuntzatan idazten dituzu lehen lerroak?

Ez dut erabakitzen zein hizkuntzatan idatzi. Normalean esaldi bat etortzen zait, hizkuntzaren batean, eta hartan jarraitzen dut idazten. Ziklikoa naiz: hiruzpalau hilabetetan prosa idazten dut, eta gero poesiara igarotzen naiz. Ez dut kontzienteki hautatzen zer eta nola idatzi, fase batetik bestera igarotzen naiz. Argitaratzeko aldatutako testuak ere baditut. Adibidez, Crónicas del encierro liburuan euskarazkoak dira jatorrizko hiru testu.

Aisialdian liburuak idatzi, eta lan orduetan liburuak diseinatu. Liburuen bueltako bizitza da zurea...

Bai. Nire lana maketatzea da, eta itzultzaile lanak ere egin izan ditut nahiz eta orain ez hainbeste. Liburuak fisikoki sentitzea gustatzen zait: ikutzea, usaintzea... Etxeko liburutegian ikusi eta azala begiratuta bakarrik badakit asko gustatu ote zitzaidan edo ez. Inoiz lagun bati liburua utzi eta arrastoren batekin itzultzen badit ere arrastoak liburuari nortasuna ematen dionaren iritzikoa naiz. Fetitxista samarra naiz bai...

Gustatzen al zaizu Ohe hutsetan-en tipografia?

Bai. Oso ondo irakurtzen da. Irakurterraza da. Garrantzitsua da tipografia. Badira zenbait tipografia oso nekezak direnak. Tarteka, liburu bat gomendatu izan didate eta maketazioa, diseinua eta tipografiak desegokiak badira irakurri gabe itzultzen diet. Ezin ditut jasan akats asko dituzten liburuak... kontutan izan filologoa naizela eta maketatzailea! Boligrafo gorria ateratzeko gogoa sartzen zait. Akats guztiak ez dira berdinak hala ere, batzuk oso sortzaileak izan daitezke.

Izaskun04http://www.uberan.eus/?gatzetan-gordeak/elkarrizketak/item/izaskun-garcia

2018
Ohe hutsetan
Balea Zuria
2012
artikoa/ártica
Amargord
2007
eleak eta beleak
Arabako Foru Aldundia
12/2010
Saco de humos
Telira
09/2012
Artikoa = Ártica
Ediciones Amargord
05/2017
Despertar lloviendo
Ya lo dijo Casimiro Parker
01/2016
Crónicas del encierro
Editorial Salto de Página S.L.