Iratxe Retolaza Gutierrez

Iratxe Retolaza Gutierrez Atzera

2007-07-13
"Literaturaren eremura hurbiltzeko ere kode berriak eta mundu ikuskera berriak eskaintzen dituzte Teoria feministek"
"Geu, sareinok, aspalditik gabiltza lanean. Sarea miatzen dugu zulo bila...", diote, Sareinen manifestuaren hastapenean, Sareinak blogaren sustatzaileek. Sortzaileetariko batekin, Iratxe Retolaza EHUko irakasle eta literatur-iruzkingilea, izan gara solasean aipatu literatur-zulo horietaz eta blogaren nondik norakoaz jakin nahian.

Zeintzuk dira Sareinak proiektuaren xedeak eta zergatik blog formatua?

Feminismoa, literatura eta euskararen unibertsoa uztartzen dituen sarea osatzea da egitasmo honen helburu nagusia, kezka hauen inguruan interesa duten pertsonen sarea sortzea da helburua. Horregatik, hiru kezka hauek bilduko dituen komunikazio eta eztabaidarako gunea zabaltzea izan da asmoa. Jakina, komunikaziorako eta eztabaidarako gune horretan, helburu konkretu batzuk badira: batetik, emakumeen lanak ezagutaraztea (gaur egungo lanak, eta baita iraganean sorturikoak ere); bestetik, sorkuntza lanak generoaren ikuspuntutik irakurtzea, irakurbide berriak zabaltzeko asmoz; edota hiru kezka hauen inguruko berriak zabaltzea.

Bloga egitea erabaki genuen bi arrazoi nagusirengatik: batetik, onartu beharra dago, bloga egitea bideragarriagoa da (materialki eta ekonomikoki); baina, bestetik, blogaren formatua ere egoki lotzen zitzaion geure asmoei. Izan ere, blogaren formatuak sarea sortzeko aukerak zabaltzen ditu, solaserako eta elkarlanerako aukerak zabaldu. Blogean kolaborazioak jaso egiten dira, iradokizunak eta iritziak jasotzen dira, hartu-emana biziagoa da. Eta sarea sortzeko bidean, askoz eraginkorragoa eta interesgarriagoa iruditzen zitzaigun hartu-eman horri bide ematen zion formatuari lotzea, formatuaren malgutasunak zubiak eraiki eta sarekideak zabaltzeko aukera eskaintzen duelako. Aldi berean, bloga gai honen inguruan egon daitekeen interesa neurtzeko ere bide aproposa dela iruditu zitzaigun. Bestalde, egitear den eta egiten ari den (sortzen ari den) sarearen irudiarekin lotura handiagoa du. Eta halakoa da gure lana, sortze-prozesuan dagoena, eta interesa dutenekin sortuz joango dena. Bide egiten ari dena, bide egin nahi duena.

"Gure literatura zulatuta nabaritzen dugu” adierazten duzue, non daude zulo horiek?

Zuloak asko eta asko dira, jakina, baina, Sareinak egitasmoak zulo jakin batzuengan jarri du arreta. Bereziki emakumeen sorkuntza baloratzean zuloak egon diren aztertu nahi dugu, edo euskal literaturaren irakurketetan ere hutsuneak egon direla aztertu nahi dugu, bereziki generoaren ikuspuntutik eginiko irakurketa asko eta asko ditugu faltan oraindik ere. Gure gunea, jakina, bada aldarrikapen gunea, mundu ikuskera batzuen alde agertzen garelako, euskal literatura eta feminismoa uztartzeko hautua egin dugulako, eta hautu horrek, ezinbestean, emakumeok jasaten ditugun egoera batzuk salatzea ekarriko du, edota egindako irakurbide jakin batzuen oinarrian dagoen mundu ikuskera matxista salatzea ekarriko du. Era berean, genero rolak sorrarazten dituzten muga eta herstura horiek (emakumeontzat zein gizonentzat) literaturaren eremuan nola gorpuzten diren azalarazteko gunea ere izateko asmoa du. Azken batean, mundu ikuskera feministek ere euskal literaturan izan diren hutsune edo zulo batzuk osatu ditzaketela uste dugu.

Aipatzen duzuen “Teoria feministaren” nondik norakoa laburbildu dezakezu?

Teoria feminista ez da bat eta bakarra. Feminismoak egon badaude, eta ondorioz, teoria feministak daude, pluralean. Are gehiago, sareinak egitasmoko kideen artean ere, badira feminismoa ulertzeko modu ezberdinak, eta ondorioz, baita teoria feministak aplikatzeko modu ezberdinak ere. Dena den, modu orokorrean azaldu beharko bagenu, Teoria feministak jarduera sozialak aztertzeko genero ikuspuntutik abiaturiko irizpideak erabiltzen dituzten teoriak dira. Alegia, jarduera sozialetan indarrean diren generoen arteko botere-harreman horiek aztertzeko irizpideak sortu behar dira, kode berriak sortu behar dira. Azken batean, teoria feministak jarduera sozialetara beste kode baten bitartez hurbiltzeko aukera berriak eta mundu ikuskera berriak sortzen dituzte, eta beraz, literatura jarduera soziala denez, literaturaren eremura hurbiltzeko ere kode berriak eta mundu ikuskera berriak eskaintzen dituzte Teoria feministek.

Atal adierazgarri eta bereizietan antolatu duzue bloga.

1.- GURE IRITZIA APALEAN (Euskal literaturaren historiaren berrikusketa) [Arduradunak: Amaia Alvarez Uria eta Josune Muñoz]. Atal honetan elkarrizketaren bitartez euskal literaturaren historia berrikusi egingo da, historia-lanetan bildu direnen inguruko gogoetak eginez, eta batez ere historia-lanetan bildu ez direnei arreta jarriz. Emakume idazleek euskal literaturan zein leku izan duten aztertuz, eta zein leku beharko luketen aztertuz, eta batez ere literaturaren historia ulertzeko beste bide batzuk jorratuz.

2.-METODOLOGIA FEMINISTA (betaurreko moreak jantzita literaturari begiratzeko proposamena) [Arduradunak: Josune Muñoz eta Iratxe Retolaza]. Atal honetan literaturara hurbiltzeko metodologia feministaren berri emango da. Pixkana-pixkana modu errazean metodologia feministaren alderdi zenbait aurkeztuko dira, gai honetan interesa dutenei sarbiderako lehen urratsak egiteko bidea errazteko asmoz.

3.- FEMINISMOEN HISTORIAK (pentsalari feministak, korronte feministak eta mugimendu feministaren historia munduan eta Euskal Herrian). [Arduradunak: Amaia Alvarez Uria eta Iratxe Retolaza]. Atal honetan mugimendu feministen historiak egingo ditugu. Izan ere, blog honen beste asmoetariko bat, feminismoak daudela agertzea da, feminismoa ulertzeko moduak daudela, feminismoa gauzatzeko moduak daudela. Are gehiago, mugimendu feminista bertsuaren barruan ere ikuspuntu anitz egon dira, ertz askotariko ikuskerak bildu dira. Horregatik, feminismoaren historia nagusia abiapuntutzat hartuz, feminismoaren historian ahaztu izan diren bazterreko eztabaidagaiak haizaratu nahi ditugu, feminismoaren kontzeptuaren aniztasuna azaleratzeko. Halaber, Euskal Herriko mugimendu feministen historiak egiteko gunea izango dugu hauxe, bertako mugimendu feministan partaideen lekukotza zuzena eskainiz, eta haien esperientzia jasoz historiak egiteko beste bide batzuk eginez.

4.- Euskal literaturari buruzko kritika literario feministaren atala da MAGALPETATIK [Arduraduna: Iratxe Retolaza]. Atal honetan euskal sorkuntzaren iruzkinak eskainiko dira, betiere kritika literario feministaren ikuspuntutik. Besteak beste, metodologia feminista atalean aurkezturiko hainbat lanabes praktikara eramango dira.

5.- Eta emakumeek idatzitako munduko literaturei buruzko kritika literario feminista MUNDU-MUNDUKA. [Arduraduna: Josune Muñoz] atal honetan, mundura begira jarriko gara. Euskal literaturara itzuli diren lanak kontuan hartuko ditugu, eta emakumeen literatura nola itzuli den eta zer itzuli den ikusiko dugu, eta batik bat itzultzeke dauden liburu interesgarrien berri emango da. Azken batean, munduko literatura nola egiten dugun geure aztertuko dugu, eta nola egin genezakeen geure proposatuko dugu.

6.- LEIHOTIK BEGIRA atalean berriak, elkarrizketak, erreportajeak. [Arduraduna: Gema Lasarte] Atal honetan kazetaritza-lanak eskainiko dira. Feminismoa, literatura eta euskararen unibertsoaren bidegurutzean bat egiten duten berriak, erreportajeak eta elkarrizketak eskainiko dira.

7.- AMATRIUSKA, blogaren barruko bloga. Hau izango da oharrak, gogoetak, iritziak, kolaborazioak, sorkuntza lanak eta irakurleak parte hartzeko koadernoa... Blogaren atal hau parte-hartze askerako gunea izango da. Gainerako ataletan geuk sarturiko testuen bitartez bideratuko dira elkarrizketak eta gogoetak, baina, gune honetan, aldiz, parte-hartzea askea da, betiere aipaturiko hiruko horretan kokaturiko sorkuntzak, iritziak, kezkak, jolasak... badira.

Berriki Joseba Gabilondoren ekarpena izan duzue zuen blogean eta bertan zera aipatu du: “Ez dut uste gaur egun –emakume idazlea- eta –emakumeen unibertsoa- esistitzen denik, inoiz esistitu bada”.

Joseba Gabilondoren baieztapen hau elkarrizketa osoaren testuinguruan ulertu behar da. Gabilondok adierazten duena, honako hau da: ez dela esistitzen emakume idazle eredu monolitikorik, eta ez dagoela emakumearen unibertso monolitikorik. Hau da, emakume idazleek talde heterogeneoa osatzen dutela, eta emakumeen unibertsoa ere hetereogeneoa dela.

Baieztapen horrekin bat gatoz. Jada aipatu dugu, feminismoak daudela eta teoria feministak daudela. Eta hori horrela da, azken batean emakume identitatea bera ulertzeko modu anitz eta anitz daudelako. Emakume identitatea anitza dela kontuan izanda ere, onartu behar dugu, gizartean emakume/gizon kontzeptuek botere-harreman jakin batzuk sortzen dituztela (molde askotarikoak, jakina), eta oraindik ere identitate bereizle diren kontzeptu horiek indarrean daudela. Ziur asko, ikerketa feministek kontuan hartu behar dute, horixe da, generoak sortzeko ereduak gaur egun askotarikoak direla, eta aniztasun horretan dauden bide ezberdinei begiratu beharko diete, irakurbide monolitikoak ez sortzeko eta emakumearen irudi monolitiko bat ez sortzeko.

Zer-nolako erantzuna izan duzue orain arte. Nolakoa da blogaren egunerokoa? Laguntzarik izan duzue?

Egun, astean behin edo berritzen dugu bloga, ahal izanez gero atal ezberdinetako kolaborazioak tartekatuz. Nahiko gustura gabiltza alde horretatik, oraingoz behintzat, astero berritzeko harturiko erronkari eutsi diogulako. Ea horrela jarraitzen duen!

Bestalde, blogak izan duen erantzuna, hasieratik sorpresa ederra izan da. Ez genuen espero hasiera-hasieratik halako oihartzuna izatea, ez eta jendearengan halako harrera beroa izatea. Erantzunak eta proposamenak jaso ditugu, baita kolaborazioak ere. Datorren ikasturteari begira, bi horiexek ditugu erronkarik nagusienak: batetik, asteroko martxa horri eustea, eta ahal izanez gero txukunago; eta bestetik, parte-hartzea sustatzea ahalik eta gehien, hartu-eman horretarako zubiak gehixeago lantzea.

Aurrera begirako proiekturik?

Bai, aurrera begirako proiektuak baditugu esku artean. Batetik, parte-hartze hori sustatu asmoz, eta batez ere gai hauek jendearekin aurrez aurre lantzeko asmoz, datorren ikasturtean zehar jarduera batzuk antolatzeko asmoa dugu. Oraindik ez dakigu ziur zein datatan, ezta zein gai konkreturen inguruan, baina jarduera batzuk antolatzeko asmo hori buruan dugu, eta ideia hori lantzen ari gara. Jarduera horien asmoa, besteak beste, sarea zabaltzea izango da, gai hauekin interesaturik gaudenon topagunea sortzea, aurrez aurreko topagunea. Sareko zeharkako komunikazio hori, komunikazio zuzena ere bihurtzeko (ekarpenak jasotzeko, eztabaida sortzeko, eta abarrerako).

Bestetik, aipatu duzun Joseba Gabilondoren elkarrizketaren harira, badugu gogoan Josebaren desafioari eustea. Berarekin argudioan, honako desafioa bota zigun eta guk oso kontuan hartu: “Desafio bat bota nahiko nizueke, eta nire laguntza eskaini era berean, izan ere, uste dut momentu honetan lagungarrien gerta daitekeena, euskal emakumezkoen literatur historia bat izango litzatekeela. Ez dut uste historia hau era fundamentalista batean idatzi behar denik, halako emakumezko nazionalismo separatista bat sortuz. Uste dut, historia honen bidez, emakumezko idazleak errebindikatu behar direla, baina era berean generoa, botere egitura bezala, aztertu, eta beraz, maskulinitatea bera aztertu, gizonek beren posizio unibertsala gal dezaten eta berauek ere gizabanako historiko bihur daitezen. Alegia historia honek ez luke “gutiengo” baten historia izan beharko (honek indartu baino ez baitu egiten “gehiengoaren historia”ren kontzeptu maskulinista) baizik eta euskal literatura berrirakurtzeko beste bide bat, aurrekoak bezain unibertsal eta “gehiengo”.
Beraz, datorren ikasturteko asmoen artean ere badugu Josebak aipaturiko Historia hori atontzea, baina, jezarri behar dugu, ondo pentsatu eta egitasmo horren nondik norakoak zehatz mehatz antolatu, erronka horri behar besteko tamainan erantzuteko.

Argazkiak: Gaizka Iroz.
2007
Egungo euskal nobelaren historia
EHU
2002
Malkoen mintzoa. Arantxa Urretabizkaia eta eleberrigintza
Utriusque Vasconiae
2000
90eko hamarkadako narratiba: literatur kritika
Labayru
11/2017
Literaturaren historia DBH 3
Editorial Ibaizabal
11/2017
Literaturaren historia DBH 3, ikaslearen materiala
Editorial Ibaizabal
11/2017
Literaturaren historia DBH 4
Editorial Ibaizabal
11/2017
Literaturaren historia DBH 4 ikaslearen materiala
Editorial Ibaizabal
11/2016
Askatasuna, etengabeko borroka bat : Ferguson, Palestina eta mugimendu baterako oinarriak
Katakrak
07/2007
Literaturaren ateari joka
Literaturaren ateari joka

Euskal komikigintzaren historia laburbilduz, komikiaren eta literaturaren arteko harremana aztertu du Iratxe Retolaza literatur kritikari eta irakasleak UEUko ikastaroan.

xan aire

Baiona

Hitz gutxi. Pasarte luzerik ez. Metaforekin batera, onomatopeiak. Hemen, marrazkiek deskribatzen dute, biziarazten. Istorioa zuri-beltzez ala kolorez idazten. Bide batez, historia ere. Euskal komikigintzaren lehen aztarnak XX. mendearen hasieran aurkitzen dira, garai hartako aldizkari batzuetan. Gaur egun, euskal literaturaren ateari joka ari da bederatzigarren artea.

«Lehen komikiak garaiko literaturaren gai berdinez ari ziren dagoeneko, baserritarrei buruzko txisteen inguruan biltzen ziren biak», nahi ala ez. Iratxe Retolazarentzat, dudarik ez dago: euskal komikigintzak literaturan bere lekua daukala ziurtatu zuen atzo irakasle eta BERRIAko literatur kritikariak UEUn, Baionan emandako klase batean.

Baserritarra aldizkari donostiarrean agertu zen lehen euskal tira komikoa, 1907an. Bitoriano Iraolaren On Kosmerentzat. XX. mendearen hasieran, biñeta aitzindaria, irudiak eta hitzak batzen dituelako, istorio bat kontatuz gainera. Lehen euskal biñeta, berriz, Euzko Deia EAJren aldizkarian argitaratu zen, 1918an: Teles eta Nikoren istorioak. «Helburu didaktikoak zituzten hauek, umeak euskalduntzeko, alfabetatzeko eta, batez ere, EAJren ideologia zabaltzeko argitaratzen ziren», azpimarratu du Retolazak. Jarraian, Argia aldizkariak Txiki grafistaren txisteak, karikaturak eta tira komikoak ezagutarazi zituen, 1921tik aurrera. «Euskal komikigintzari indarra eman zioten Argia-k eta Txikik».


HAUR ETA GAZTEEN TRADIZIOA. Lehenengo ikastolekin batera, Euzko aldizkariak (1932-1934) Peru Malluki lehen euskal orri komikoa argitaratu zuen, Gaztetxu gehigarriarekin batera. «Hori material pedagogikoa bezala baliatu zen ikastoletan», azpimarratu du Retolazak. «Bestalde, Lauaxetak bultzatutako aldizkaria zen Euzko; hor ere, lotura zuzena ikusten da komikiaren eta literaturaren artean».

Haur eta gazteentzako komiki aldizkarien moda izan zen 1930 urte inguruan: Txistu (1927), Gaztetxu eta Poxpolin (1935-1936) sortu ziren, eta eragin handia izan zuten. Espainiako gerraren ostean, euskal komiki moderno baten garaia abiatu zen. Baina «gehienak haur eta gazteentzako eginak ziren eta gaur Euskal Herrian tradizio hori badaukagu», Retolazaren iduriko. Beharbada, tradizio horrek dio euskal komikigintzari ospe eskas bat eman. Hasteko, Habeko Mik helduen komiki aldizkariak arrakasta gutxi izan zuela nabarmendu du Retolazak.

Dena den, euskal komikiek arrakasta izan dute prentsan. Ezagunena, Antton Olariagaren Zakilixut. Pentsa, euskal literaturak bere munduan sartzen utzi du pertsonaia biziotsu hura. Zergatik Panpox nobela, besteak beste, eskuetan izan du Zakilixutek. Olariagak bide berri bat zulatu zuela azpimarratu du Retolazak.

Euskadi Sioux magazinak euskal komikigintzaren historiari barre eginez lortu du fama. Nafarroan, Napartheid aldizkaria sortu zen, euskararen aurkako legea salatzeko helburuarekin, 1988an. Garai hartan, Afrikaren metafora baliatu zuten Asisko Urmeneta eta Patxi Ugarte sortzaileek bazterketaren salatzeko. «Itxaro Bordak bezala literaturan, denbora berean».

Badirudi argi printzari segika doala orain euskal komikigintza. Horren lekuko, Patxi Gallegoren Xabinaitorren balentriak. Ikaragarrizko arrakasta lortu duen lehen euskal komiki-liburua. Beste pauso bat aurrera. Getxoko Komiki Azokak ere indar handiagoa ematen dio euskal komikigintzari. Prentsa generoa atxiki eta liburuarenaz hurbildu behar luke.

Orain, literaturaren atean joka. «Badirudi komikigintzara begiratzen hasi zaiola literatura», dio Retolazak. «Komikingatzari zabaltzeak on egingo lioke literaturari. Azkenean, pareko gauzak dituzte».






«XX. mendearen hasierako komikiek helburu didaktikoa zuten; umeak euskalduntzeko ziren»

«Komikigintzara zabaltzeak on egingo lioke euskal literaturari; azkenean, pareko gauzak dituzte»

iratxe retolaza

literatur kritikaria eta ehu-ko irakaslea





04/2015
Gure genealogia feministak : euskal herriko mugimendu feministaren kronika bat
Emagin, Emakumearen Inguruko Ikerkuntza Sustatzeko Elkartea