Edorta Jimenez Ormaetxea Sormen-lanak
Mundaka, 1953. Irakasle eskolako ikasketak egin zituen, Euskal Filologia adarrean. Lan munduari dagokionez, gauza ezberdinetan aritu da: marinel, irakasle, telebista eta zinema gidoilari, itzultzaile eta idazle. Kazetaritza ere jorratu du: Egin, Gara eta Egunkaria egunkarietan idatzi izan ditu zutabeak. EITBko Hau komeria! saioko gidoilaria izan zen. Era berean, Farenhait, Beti eskamak kentzen eta Babel programetan lan eskarmentua du, gidoilari gisa gehienetan. Goenkale programako 95 kapitulutako sortze lanetan jardun zuen. Zinema gidoilari gisa, zenbait dokumentalen gidoia idatzi du: Atuna, Sagardoa, Patxarana, Patakon, Euskal Kortsarioak lanen gidoilari izateaz gainera, Itsaso guztiak urpeko munduaren gaineko proiektuan elkarrizketa eta musika saioko gidoiak idatzi zituen. Gaur egun, literaturan finkatu du bizimoduaren ardatz nagusia. Literaturan genero ezberdinak landu ditu: poesia, ipuingintza eta eleberrigintza, kronika etab. Omar Nabarro heteronimoarekin bost poesia liburu argitaratu zituen (ikusi bibliografia atalean), bere literatur ibilbidearen hastapenetan, baina egun alboratu egin ditu bertsoak. Ipuingintzaren alorrean, ezin ahaztu daitezke Urdaibaiko ipuin eta kondairak liburua eta Gabriel Aresti saria irabazi zuen Atoiuntzia ipuin-bilduma, besteak beste. Eleberrigintza historikoa eta kronika jorratu izan ditu azken urteotan. Baleen berbaroa eta Kilkerren hotsak lirateke, besteak beste, bere azken nobelagintzaren eredu nagusiak. Kronikaren esparruan, Europako mugetan barrena liburuak Europan zehaz trenez eginiko ibilbidea kontatzen du eta Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan liburuak idazle amerikarrak Mundakara eginiko bisita baten aitzakiarekin, euskal zerbitzu sekretuen nondik norakoak azaltzn ditu. 2007an gaztelaniara itzuli dute Kilkerren hotsak eleberria El canto de los grillo izenarekin eta TTartalo argitaletxearen eskutik. 2010ean Haragizko amoreak poesia liburua argitaratu zuen Susa argitaletxearekin.