Begona Lasa Sormen-lanak
Donostia, 1962. Orereta ikastolan ibili nintzen. Betidanik maite izan dut adierazpenaren mundua. Gaztaroan, nerabezaroan hobeki esanda, oso esanguratsuak izan ziren niretzat geroko nire ibilbideari begira zenbait esperientzia: Rosa Monteroren “Crónica del desamor” irakurtzea, J. Artzek Errenteriako Anabitarte baserrian eginiko poesia emanaldia (hitza espazioan barreiatuta), Lola Herrerak antzeztutako “Cinco horas con Mario” lana ikustea, besteak beste. Donostiako EUTGn Euskal Filologian lizentziatu eta Martuteneko Itzultzaile eskolan itzulpengintzako ikasketak burutu nituen. Itzulpengintzan argitaratutako lanak: Anton Chejoven Bi antzerki labur (Baroja argitaletxea). Bederen taldeak antzeztu zuen eta neuk jarraipena egin, euskara aldetiko moldaketak eta beste egiteko. Mijai Bulgakov-en Mediku baten oroitzapenak (Baroja argitaletxea). Antzerti aldizkarian, RICHARD II izenburupean eginiko sarrera testu moldaketak eta itzulpenak, telebistarako azpitituluak. Heinrich von Kleist-en Amphitryon entzezlana, Bederen I taldeak antzeztua Inprimatutako lehen ipuina: “Aitarekin arrantzan”, Erein argitaletxean. Bizitzaren erdia baino gehiago eman dut euskara irakasten, Errenteriako Udal Euskaltegian batik bat. Nire eguneroko jardunean disziplina desberdinen konbinaketa oinarritzat izan dut, eta ildo horretatik bultzatu ditut zenbait egitasmo: ahoz gorako irakurketa, antzezpenak, ipuin musikatua… Ahozko nahiz idatzizko adierazpena gogoko ditudala eta hainbat ikastaro egin ditut jorratzeko eta orain idazketa lantzeko tailer batean ari naiz(Maite Gonzalez Esnalek gidatua) Gaur egun, idazteaz gain, horretarako lagungarria izango den materiala biltzen eta testigantzak grabatzen ari naiz…