<p>Abian da Euskaltziandiaren eta EIEren arteko lankidetza-hitzarmena</p>

Abian da Euskaltziandiaren eta EIEren arteko lankidetza-hitzarmena

Euskaltzaindiaketa EIEk  lau urterako lankidetza-hitzarmena sinatu dute, Akademiaren egoitzan egin den ekitaldian. Bi erakundeon arteko elkarlanak euskararen eta euskal kulturaren garapena izango ditu jomuga. Horretarako, egitasmoak partekatzeko konpromisoa hartzen dute euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean.

Ekitaldian, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Miren Agur Meabe idazle eta Euskaltzaindiaren idazkariak eta Mikel Ayllon idazle eta EIEko zuzendaritza batzordekideak parte hartu dute. «Akademiak berebiziko garrantzia ematen dio EIEren aholkua baliatzeari, adibidez, gaztetxoentzako tutoretzak bideratu edota idazle berrientzako bekak diseinatzeko orduan, beti ere literatura garaikidearekiko estimazioak bultzatuta», adierazi du Miren Agur Meabek. «Bi etxeok ateak zabalik nahi ditugu batak bestearentzat, urte luzetako esperientzia eta ikuspegi praktikoa uztartuz, gela berriak sortzeko gure kulturaren eraikuntzan», gaineratu du Akademiaren idazkariak. Bere aldetik, Andres Urrutiak esan du akordioa estrategikoa dela Akademiarentzat, eta R. M. Azkue Literatura Sariak aipatu ditu: «Balia dezagun hitzarmen berri hau, besteak beste, 1975etik BBKren babesarekin antolatzen dugun R. M. Azkue sariei bultzada berri bat emateko». Azkenik, Mikel Ayllonek elkarlana sustatzeko deia egin du: «Bizi dugun garai honetan, garrantzitsua izateaz gain, funtsezkoa ere bada gure literaturaren eta gure kulturaren birika den euskara hauspotzeko elkarlana sustatzea. Horregatik, elkarri eskutik helduta bidean aurrera egiteko konpromisoa berretsi nahi dugu gaur. Gure eguneroko lanean sortzen ditugun baliabideak elkarren eskura jartzeaz gain, ekimen berriak jarri nahi ditugu martxan, gero eta jende gehiago erakartzeko euskararen eta literaturaren mundura. Indar berezia egin nahi dugu, gainera, gazteen esparruan, gure hizkuntzan idazteko grina pizteko helburuz».

Hona hemen akordioaren bidez 2026an landuko diren egitasmo nagusiak:

  • Prestakuntzaren eremuan: Euskaltzaindiak batasun bidean eman eta ematen dituen arauak gizarteratzeko eta hedatzeko asmoz, prestakuntza eskainiko die EIEren bazkideei. Horiek horrela, 2026. urtean bi ikastaro antolatuko dira, bata, udaberrian eta, bestea, udazkenean.
  • Sorkuntzaren eremuan: 2026. urtean, Idazle gazteen ibilbidea sustatzeko beka-deialdia sortu eta abian jarriko dute.
  • Sustapenaren eremuan: hasi berri diren idazleen lana bultzatzeko asmoz, mentoretza-programa sortuko dute. R.M. Azkue eta Urruzuno literatura sarietako irabazleek izango dute lehentasuna.
  • Euskaltzaindiak Hegats aldizkaria katalogatzeko, digitalizatzeko eta bi erakundeen webguneen bidez gizartearen esku jartzeko konpromisoa hartzen du. Era berean, Hegats aldizkaria eta idazleak.eus-en argitaratu diren zutabeen testuak Euskararen Erreferentzia Corpusean jasoko da.

Bestelakoak ere jasotzen ditu hitzarmenak. Honela, EIEk Euskaltzaindiari egingo dizkio gramatika, lexikografia, ortografia, onomastika eta euskalkien erabileraren inguruko kontsultak eta iradokizunak, eta Euskaltzaindiak kontsulta horiei erantzuna eman edota bideratuko ditu. Nolanahi ere, halakoetan teknologia berrien erabilera sustatuko da, ikusgarritasuna eta erabiltzaile potentzialei erraztasunak ematearren. Azkenik, bi erakundeok publikatzen dituzten argitalpenak elkarren artean trukatzeko konpromisoa hartzen dute.