Unai Elorriaga Lopez de Letona Sormen-lanak
Bilbo, 1973. Espainiako Narratiba Sari Nazionala irabazi zuen lehen nobelarekin: SPrako tranbia. Berak aitortzen duenez, algortarra sentitzen da eta "kasualidadez" jaio zen Bizkaiko hiriburuan. Filologia ikasi zuen eta itzultzailea (Labayru Institutuan) da lanbidez. Gaur egun, eszedentzia eskatu ondoren, bete-betean emana dago literaturari. Aurretik, literatur klaseak eman izan ditu eta literatura itzulpengintza irakatsi era berean. Testugintzan ere jardun du eta literaturari buruzko hainbat artikulu argitaratu du, batean eta bestean: Idatz & Mintz, Aizu!, UK, Enseiukarrean, Deia...Espainiako Sari Nazionala irabazi ostean, El Pais, El Mundo eta La Varguardia egunkarietan kolaboratu du, besteak beste. Honez gain, hitzaldiak emateko parada eskaini zion: Madril, Segovia, Merida, Oxford... izan dira bere mintzaldien testigu zuzenak. XX. mende hasierako egileak ditu maiteen. Joan den mendeko hogeiko hamarkadako idazleek pentsatu eta eragin zutena gustatzen zaio. Auto bati buruz idatzi zuen ipuin bat gogoratzen du idatzi zuen lehena, bere ibilbide literarioan. 2002an Igartza Beka lortu zuen, Van't Hoffen ilea nobela egitasmoaren sorkuntza laguntzeko beka hain zuzen ere.