Juan Martin Elexpuru Arregi Sormen-lanak
Filosofia eta Letretako Filosofia adarrean lizentziatu zen. Euskal Filologian doktore. Zarauzko eta Bergarako Ikastoletan ibili zen lehenengo irakasle lanetan, eta Bergarako UNEDen gero. Unibertsitate honetako Euskara Departamentuan jardun zuen 1976tik 1996ra, itxi zuten arte. Haur literatura idatzi du, Txepetxa eta sugea eta Laminen sekretua, besteak beste. Bi bidai-liburu, Alpeen itzalpean eta Kuba triste dago. Nagusientzako bi ipuin bilduma, Txakur zaunkak atean eta Hamaika ipuin.
Txalaparta argitaletxeak kaleratzen duen Literotura liburu erotikoen bildumako zuzendaria izan zen. Bilduma honetan plazaratu zituen Krabelina Beltza eleberria eta euskarazko testu erotikoen antologia bat, Euskal lizunkeriaren antologia. Goenkale eta Balbemendi telesailetan gidoilari lanetan jardun zuen. Literaturatik at, Bergara aldeko hiztegia argitaratu zuen eta hainbat itzulpen egin ditu. Eta talde lanean, EGA prestatzeko bi liburu eta Bergarako euskera liburua. Honetaz gain, Bergara aldeko berbak eta langintza zaharrak proiektu etnografiko-dialektologikoaren zuzendaria izan zen, lau liburu guztira.
Egunkari eta aldizkarietan idatzi du, herri aldizkarietan batez ere: Arrasate Press, Berrigara, Goienkaria... 2001etik 2005era, Aralar alderdiaren Gipuzkoako koordinatzailea izan zen.
SOS Iruña-Veleiako taldeko kidea 2009az geroztik; hitzaldi ugari eman du auziaz, blog bat ere eramaten du, Iruña-Veleia, gezurra ala egia, eta hainbat artikulu eta Iruña-Veleiako euskarazko grafitoak liburua idatzi ditu.
Badihardugu Euskara Taldearen sortzaileetarikoa, Ahotsak proiektuan egiten du lan azken urteetan.