Joseba Ossa Altzibar Sormen-lanak
Zumaia, 1964. Ikasketak Agurainen, Leioan, Gasteizen eta Donostian egin ondoren, borondatezko gizarte lanetan (Emaus GKEan) eta Kontzientzi Eragozleen mugimenduan aritu zen lanean. EIZIEren lehendakaria izan zen 1986an Eskandinaviarantz abiatu zen, bederatzi hilabete iraungo zuen bilaketa pertsonaleko "barne" bidaia batean. Bide batez, beste kultura batzuk ezagutu eta hizkuntza berriak ikasteari ekin zion (katalana, frantsesa, ingelesa...). Bidaiaren buruan, berehala itzuli beharrean, hiru urtez geratu zen Finlandian, bertan bizi, lan egin eta hango hizkuntza ikasten. Gerora emazte izango zuenarekin Euskal Herrira itzuli eta, lehen alaba jaio ondoren, 1991ean, itzulpengintzari ekin zion. Harrezkero lanbide horretan dihardu. Tartean bestelako lanak ere egin ditu, adibidez Gernika Gogoratuz ikerketa zentroan, gatazken tratamenduei buruzko lanean. 1998an itzulpen eta argitalpen enpresa bat sortu zuen, zerbitzu ugari eskainiz, batik bat argitaletxeei (testuen sorkuntza, itzulpenak, zuzenketak, diseinua eta maketazioa...), baina baita nazioarteko erakunde, gizarte mugimendu eta GKEei ere. Harrezkero horretan dabil, 15-20 lankiderekin batera, buru-belarri, familiak eta enpresaren eginkizunek utzitako zirrikituetan sorkuntza lanetarako ere denbora atera nahian.