Elkarrizketa :: Izaskun Gracia 2024/06/21
Uxue Juárez Gaztelu

Uxue Juárez Gaztelu

Uxue Juárez Gaztelu (Iruñea, 1981) idazleak olerkia, arte-liburua eta eleberria landu ondoren, azkenaldian El viaje de Castor (Bookolia, 2020) eta Silkeren jauregia (abuenpaso, 2024) liburuak argitaratu ditut, biak haurrei zuzenduak.

Helduentzako zenbait poema-liburu argitaratu ondoren, azken urteotan gazteentzako eleberri bat eta haurrentzako zenbait liburu argitaratu dituzu. Zer dela eta genero- eta irakurle-aldaketa hori?

Kar, kar. Bai, egia da. Hainbat arrazoi ditudala esango nuke. Betidanik egon naiz bi genero horiekin harremanetan: nire lana dela eta, gazteentzako eleberriekin eta, haur-literaturaren kasuan esango nuke bion arteko erlazio hori berez ez dela inoiz hautsi. Aldatu da, bai, baina denboran mantendu da: txikitatik berarekin maitemindu nintzen, eta gero, nerabe nintzenean, alde batera utzi nuen beste irakurketa batzuk egiteko. Berehala, komikiaren munduan murgildu nintzen (nire nebaren gomendioei esker), eta hortik berriro album ilustratuetara jo nuen. Marraztea gustuko nuen (eta ikastaroetan izena ematea ere bai, kar, kar, kurtsitis eta programatitis nuela uste dut) eta ilustrazioarekin probatu nahi nuen (berehala ikusi nuen hori ez zela nire lekua). Horrez gain, haurren mundu horretan murgiltzea gustuko nuen. Aukera anitz eskaintzen dituen mundua da, eroa eta aberatsa. Umoretsua eta krudela ere bai. Jostaria. Eta hori ez nuen beste inon aurkitzen (poesian, beharbada).  

Bestalde, haurrentzako testuekin lanean ari nintzela, nire semea jaio zen eta, topikazoa dirudien arren, berarentzako istorioak sortzen hasi nintzen. Aldi berean, Arianna Squilloni idazle eta editoreak haurrentzako liburuen inguruko tailer bat ematen ari zen eta bertan ere izena eman nuen. Arianna aurkikuntza bat izan zen niretzat. Erreferentzia pilo bat ditu, argitaletxeen mundua oso ongi ezagutzen du, eta, gainera, berarekin lan egiteko aukera eman dit. Berak gomendatu zidan Luis M. Larrazarekin, Bookoliako editorearekin, hitz egitea; horrela, nire lehenengo album ilustratua kaleratu nuen Araiz Mesanza ilustrazailearekin batera (Kastoreren bidaia), eta, ondoren, Ariannak bera proposatu zidan bere argitaletxerako ere hainbat testu sortzea (Silkeren jauregia Araiz Mesanzarekin ere iaz kaleratu genuen eta hemendik gutxira beste bi ipuin aterako dira). 

Azkenik, nire semeari kontatu nizkion istorioak liburu formatuan pentsatzen hasi nintzen. Nik azaldu nahi nituen hainbat gauzen inguruko liburuak aurkitzen ez nituenez gero, nik neuk sortuko nituela erabaki nuen. Horrez gain, Ottok berak ere ideiak ematen zizkidan eta, hitzen mundura heldu zenetik, istorio-kontalari ere bilakatu da. Batzuetan ipuinak lapurtzen dizkiot (heldua denean, ordainagiria pasako didan beldur naiz ;P) edo galderak egiten dizkiot, egoera bat nola ulertzen duen ikusteko. Harrigarriak dira bere erantzunak. Baita inguruan ditugun beste umeenak ere. Oso originalak dira. Eta noski, kutsatzen zaituzte. Helduentzako lanetan aipuak eta beste idazleen ahotsak agertzen ditugun moduan, haur-literaturak ere badu berezitasun hori: aipuak daude, beste egileen obrekiko erlazioak (agerikoa zein ezkutukoa, segun eta) eta umeen ikuspegia eta ahotsa. Eta hori opari bat da.

Nerabeentzako eleberriari dagokionez (Kai Handia, Erein, 2022) esango nuke nerabeei gizartearen eredu bat proposatu nahi niela. Nekatuta nengoen maitasun erromantiko eta errealitate heteronormatiboak jorratzen zituzten eleberriak behin eta berriro irakurtzen zituztela ikusteaz, eta gizartearen eredu horizontalago bat aurkezten zuen testu bat idaztea bururatu zitzaidan. Baita hizkera poetikoa ere mantenduz. Askotan uste dugu nerabeak ahalegina eskatzen dien testu bat ulertzeko ezgaiak direla, dena egokitu beharko bagenie bezala. Horren kontran nago. Nerabeak ez dira ergelak eta ikastetxean egunero harritzen naute botatzen dituzten ideia eta erantzunekin. Testuak konplexuak izan daitezke; irakurleari, ume zein nerabeari, exijitu behar zaio. Bestela, bost.

Bukatzeko, esan beharra dago ez dudala sentitzen genero- eta irakurle-aldaketa egon denik. Behintzat, generoarena, ez. Generoa modu zabalago batean ulertzen dut: helduentzako poesia idazten jarraitzen dut, baina poesia edo lengoaia poetikoa haurrentzako eta nerabeentzako testuetan jorratzen dut. Eta irakurleen adinari erreparatuz, helduek zein umeek irakur ditzakete nire album ilustratuak eta nerabeentzako eleberriak. Azken lanetan (Ariana Squilloniren A Buen Pason aterako den Otto eta Pintxoren edo Altzearen udaren kasuan, adibidez) hainbat genero elkartzen ditut: komikia, narrazioa, antzerkia eta poesia. Esan bezala, aniztasun hori eskaintzen duten literatura-espazioak dira. 

Zer gustatzen zaizu gehien haur-literaturatik? Eta gutxien?

Gehiena: askatasunerako gunea edo etxea dela. Helduentzako literaturan argitaratzen ausartuko ez liratekeen mundu eroak, sinbolikoak, marginalak, mugako egoerak topa ditzakezu. Eta maitasuna: maitasunak mugituta idazten eta umeen eta beren familien aurrean maitasunez aurkezten ditudan obrak dira.
Gutxiena: liburu-azokan dagoen haur-literaturaren masifikazioa eta moralistak diren liburuak (edota umeei zer egin behar duten agintzen dieten liburuak. Azken hauek gorrotatzen ditut, batez ere estilo melengan egindakoak).

Askotan esaten da haurrentzako liburu askok genero-aurreiritziak betikotzen dituztela: neskentzako liburuek printzesei buruz hitz egiten dute, eta mutilentzako liburuek heroiei eta abenturazaleei buruz… Zer deritzozu? Egia bada, noren esku dago hori aldatzea?

Leku eta adierazpen artistiko guztietan bezala, badago mainstream-agoa den esparru bat, nagusitzen dena eta sistemak ezartzen duen ideologia betikotzen laguntzen duena. Hau filmetan, serietan, musikan edo liburuetan erraztasunez eta egunero ikusten dugu. Zintzoki hitz eginda, liburu hauek erreko nituzke. Piromano literarioa bilakatuko nintzateke liburu guzti hauek erretzeko. Baita horiek ekoizten dituzten argitaletxeak ere. Mina ematen dute eta deskultura-guneak dira. Manipulazio-guneak, alegia. Sortzaile bakoitzak nahi duena sor dezake, eta askatasunez sortzearen aldekoa naiz, baina uste dut liburu-mota horiek ideologia jakin bat zabaltzen dute. Ez daude askatasunaren eraginpean sortuta, baizik eta kapitalismoak ezartzen dituen kodeen menpean. Horregatik, horiekin hautsi beharko genuke. Ezabatu.

Egileok eta kultura-eragileok ardura bat daukagu: gure obretan zabaltzen dugun mezuaren erantzule gara. Eta are gehiago umeentzako eta gazteentzako testuak ekoiztean. Zalantzak mahaigaineratu behar ditugu, pentsamendu kritikoa piztu behar dugu, gizarte- eta lengoaia-proposamen anitzak eta askeak (ahal den heinean) aurkeztu behar ditugu. Mamia duten obrak landu. Eta hori seriotasunez eta enpatiko, kritiko, samur eta sentikorrak izanda egin behar dugu, jakin-mina piztu behar dugu irakurlearengan. Ez dugu betiko leloa eta formula erromantikoa zein matxiruloa errepikatu behar. Hori erreza da. Eta pobrea. Eta axolagabea. Eta krudela. Baina dirua ematen du.

Beraz, egile bezala argi dago zer proposatuko nukeen: goseaz hiltzea, kar, kar. Eta irakurle bezala: jakin-minez jokatzea, hainbat argitaletxe ikertzea eta liburutegia oihan bat izango balitz bezala eta bertan ezkutatzen diren altxorrik berezienak aurkitu beharko bagenitu bezala.

Haurrek tabletak eta mugikorrak gero eta gehiago erabiltzen dituzte. Nola lehiatu daiteke liburu bat horrekin? Inoiz baino zailagoa al da irakurtzeko ohitura eta gustua haurrengan bultzatzea?

Egunero nire buruari galdetzen diot gauza bera. Zalantza asko ditut horren inguruan. Adibidez, lehiatu behar da? Ez al dira espazio ezberdinak? Liburuak, irakurketa, isiltasun- eta lasaitasun- burbuilak dira (beno, segun eta istorioa edo testua zer nolakoa den, noski) sareen eta mugikorren eta teknologia guzti horren aurrean. Urgentzian eta premian murgilduta bizi gara eta literatura horren antidotoa dut. Eta literatura hitza azpimarratuko nuke, ez literatura-merkatua (honek ere bulimia literarioa eta antsietatea, premia eta larritasuna sortzen ditu gaur egun). Orduan, irakurtzeak bizitza motelaren goraipamena izango litzateke, nire ustez. Pantailen eta teknologiaren abiaduraren kontra. Eta «kontra» erabiltzen dudanean ere, zalantza sortzen zait: «kontran» al doaz benetan? 

Esan dezakedan gauza bakarra da nire ikasleek beraiek esan ohi dutena: batzuk, irakurleak zirenak, pantailetara heldu orduko (eta mugikorra aipatzen dute, ez liburu elektronikoa), irakurtzeari utzi zioten. Eta horietako batzuek ere aipatu dute pena ematen diela aurretik zeukaten irudimena moteldu dela. Irakurtzen zutenean, irudimen handiko pertsonak ziren, eta orain, aldiz (16-17 urteko ikaslegoaz ari naiz), duela bi urte mugikor bat bereganatu zutenetik, nahiko geldo sumatzen dute burua, arreta mantentzea kosta egiten zaie, eta abar. Hau entzuten dudanean, berriro ere pantailak eta mugikorrak erreko nituzke, baina hori ez da erantzuna, noski. Gainera, oso erreakzio sinplista izango litzateke. Argi dago lehen aipatzen nuen izate piromanoaz baliatuz ez ditudala munduko irakurzaletasunaren edo irakurzaletasun ezaren komeriak konponduko.

Gauza guztietan bezala, zirrikituak bilatu beharko ditugula uste dut. Gizartea oso azkar aldatzen ari den eta bere konplexutasuna ikaragarria den arren, uste dut espazio txikiak bila ditzakegula, salbamendu taula bat bailiran zain ditzakegula. Inoiz baino garrantzitsuagoak dira. Eta inoiz baino zaurgarriagoak edo erasotzeko errezagoak. Berriro ere gure ardura da, heldu, guraso, gurasoen lagun, aiton-amon, tutore, edozein ikasgai-irakasle edo liburuzaina izanda ere. Eta nola? Argi daukat liburuekin maiteminduta dagoen pertsona orok bere bidea topatuko duela. Adibidez, lotara doanean, nire semeak bi liburu eskatzen dizkit; argia itzaltzean, ahoz beste bi kontatzeko eskatzen didanean, uko egiteko gogoa dut. Hainbat egunetan, nekeak agintzen du eta bat irakurri baino ez dut egiten. Baina beste batzuetan, indartsuago sentitzen naizenean, istorio ezberdinak kontatzeari ekiten diot. Ez dakit horrekin etorkizunean beste irakurle bat gehituko den mundu asegabe honetara, baina behintzat, saiatuko naiz. Berak ere beste ume bati irakurtzeko gogoa kutsatu ahal dio, eta beste bati eta beste bati. Ez ahaztu nazioarteko irakurle-sarea eratzen dugula eta hitzek botere hori dutela: gu guztiok elkartzekoa. Eta hor badago indarra. Eta eginbeharra, noski. Ezinbestekoa den herri-ekintza eragilea. Gelan ere gauza bera egiten saiatzen naiz. Horretarako, askotan kanpotik ezarritako programak dioenari uko egin beharko zaio, gelan literatura-izartegi berria sortzeko asmoz. Edukiak azaltzeko lekuak baino, eskolak sozializazio-guneak dira geroz eta gehiago; horrenbestez, uste dut mugikorrak gelatik at utzi behar direla eta espazioa liburu, ipuin, kontakizun eta hausnarketarentzat berreskuratu behar dugula. Eta hor egon behar dugu guk, noski, ikasleei literaturaren zaletasuna eta sentitzen dugu emozioa kutsatzen. Edo saiatuz, behintzat.

Eta egia da beti irakurle amorratuek oso gutxi garela eskoletan. Irakurketa ez da inoiz modan egon, baina egia ere bada irakurle berri bat ere galdu ezin dugula. Prezioa oso altua izango litzateke. Izaten ari da.

Zer gaiari buruz ez da behar adina hitz egiten haurrentzako liburuetan?

Krudelkeriari eta suizidioari buruz, esango nuke. Gai horiei buruz hitz egiten diren liburuak ez dira saltzen, eta editoreek ez dute apustu hori egiten. «Ez dut suizidioaren inguruko liburu bat kaleratuko, familiek erosiko ez dutela jakinda», erantzun zidan zintzotasunez editore batek. Gizartean saihesten den gaia izanik, pentsa zein zaila izango den umeen mundu «magikoan» sartzea. Bestalde, adina kontuan izanda, batzuetan zaila da suizidioa zertan datzan azaltzea. Ez dute ulertzen. Hor ere zalantzak ditut. Baina probatuko nuke. Argitaratu eta ikusi zer gertatzen den.

Heriotzaren inguruko liburuak egon badaude (geroz eta gehiago), baina askotan, gurasoek zerbait arinagoa erosten dute. Oraindik beldurra ematen digu haurren galderei zer erantzun ez jakiteak (agidanez, umeei erakutsi behar diegu helduok azkarrak garela, dena kontrolpean dugula eta egoeraren jabe garela), edo tristeegia dela iruditzen zaigu, eta gure ume gixajoa oraindik burbuila batetan eduki nahi dugu...

John Klassen egilea, adibidez, oso ona da krudelkeria eta umorea erabiltzean, baina ez dut ulertzen zer dela eta hemengo gehien saldutakoen zerrendan ez dagoen. Hori esanguratsua da. Umeak haien artean ere krudelak dira, baina kosta egiten zaigu onartzea. Mugak probatzen dituzte eta askotan min egiten diote elkarri. Ongi legoke horrelako materialak aurrean izatea gaia jorratzeko. Askotan ere ez dira ausartzen hori egiten, errieta egingo diegula badakitelako. Baina pultsio hori barruan dute eta liburuak hori azaleratzeko aukera ematen dio helduari. Eta beldurrarekin bezala, krudelkeriaren arreta kanpoko pertsonaia batean jartzen badugu, errazagoa da hori guztia lantzea eta bereganatzea.

Haur-literaturak garrantzi handia duen arren (azken batean, literaturarekin dugun lehen kontaktua da), askok bigarren kategoriako literaturatzat hartzen dute eta oso presentzia txikia du hedabideetan edo azoketan. Zergatik geratzen da hori, zure ustez?

Bai, bitxia da. Itziar Pascual eta Suzanne Lebeau antzerkigileek esaten dute umeak ere, haiei zuzenduriko liburuak bezala, bigarren mailako pertsonak direla. Haien aburuz, historiaren une batetan, non izugarri babesten ditugun eta dena azaldu behar zaiela pentsatzen dugun gaude; subjektuaren identitate hori ez daukate umeek, lapurtu zaie. Horregatik, beraiekin erlazionatzen den guztia ere bigarren mailakoa da. 

Horrez gain, ez da kointzidentzia bat oraindik ere haur-literaturaren egile anitz emakumezkoak direla ikustea. Andersen, Dickens eta holakoak ezagutzen ditugu, baina emakume idazle ugari egon da umeentzako ipuinak sortzen (eta nola ez, gutxi batzuk ezagunak egiten zaizkigu soilik: Angela Carter, Astrid Lindgen, etabar).

Dena den, azken boladan badirudi haur-literaturak garrantzi, presentzia handiagoa hartu duela azoketan, kapitalismoak hor ere nitxo bat aurkitu duelako. 

Horren inguruan ere esan nahiko nuke Ana Jaka idazleak behin aipatu zidana, bere Marimatrakei eta umeentzako literaturari buruz hitz egiten ari ginen egun batean: haur- (batez ere honetan) eta gazte-literaturan egilea garrantsitzuena ez dela gustuko du. Jendeak, normalean, liburua gogoratzen du (protagonista edota izenburua, adibidez), eta ez egilearen izena (helduentzako literaturan gertatzen den bezala). Eta horrek ezezaguna izateko aukera ematen dizu. Hor ni-ak, idazleen ego tipiko horrek, ez du heldulekurik. Eta maite dut ideia hori. Haurrentzako idazten dudanean egin nahi dudanarekin lotura estua du.

Nor dira gogobetetzeko zailenak, haurrak ala gurasoak?

Helduak (ez soilik gurasoak) esango nuke. Zalantzarik gabe. Gure ideologia fin horrekin hurbiltzen gara liburuetara eta obrak aurkezten dizkiegu (honek bere ezagutza zabalduko du, honekin emozioak landuko ditugu, hau oso poetikoa eta artie-a da eta horrela seme superdotatua eta sentikora eraikiko dut), ume prototipo bat diseinatu nahian. Eta oker gabiltza. Haiek haien bolara doaz. Hor ere erabakitzeko askatasuna eman beharko genieke. Adibidez, nire kasuan, liburutegian edo liburu-dendan hamaikagarren aldiz kotxeei edo garraiobideei buruzko ipuin bat hartzen duenean, bere hautaketa onartzea asko kostatzen zait. Eta utzi behar zaio: niri ez dit inork esaten zer irakurri behar dudan, ezta? Gomendatu bai, bitartekaritza lana eskertzen dut. Bada, haiekin gauza bera litzateke. Errespetuz hainbat aukera aurkeztu eta, azkenean, beste bide bat hartu nahi badu, ba har dezala. Garrantzitsuena da haiek literaturaren labirintoan patxadaz galtzeko eta galera horretaz gozatzeko bidea ireki behar dugula. Zirrikitu hori. Baina guk atarian gelditu behar dugu, noizbehinka Minotauroaren orroak entzun ditzakegun arren.

 

Argazkilaria: Ione Arzoz

Izaskun Gracia
Uxue Juárez Gaztelu