Artikulua :: Izaskun Gracia 2024/06/13

IRAKURTZEKO LIBURUAK

Nire lagunek eta senitartekoek ondo dakiten bezala, aspaldion Alemaniatik alde egitean eta Euskal Herrira itzultzean luze pentsatu dut. Oraindik ez dakit noiz egingo dudan, baina erabaki dut datorren urtean (edo hurrengoan, gehienez) izango dela. Gaia ateratzen den bakoitzean, norbaitek galdetzen dit nire liburuekin zer egingo dudan. ZALANTZARIK GABE, nirekin joango dira liburuak, nahiz eta liburu horiek kutxetan sartu eta Euskal Herrira bidali behar ditudala pentsatze hutsak beldurra ematen didan.

Kontua ez da herrialde honetan bizi izan naizen hamahiru (hamalau edo hamabost, etxe-aldaketa egiten dudanean) urteetan liburu asko pilatu izana, baizik eta liburuak etengabe erosten dituen pertsona horietako bat naizela, nahiz eta oraindik irakurri gabeko ale pila bat izan. Japonieraz oso hitz polita dago fenomeno hori izendatzeko: tsundoku. Termino oso ederra da, egiaz, baina hura ezagutzeak ez dit laguntzen liburuak ez erosten.

Eta nik zin egiten dut saiatzen naizela, baina alferrik. Beti gauza bera gertatzen da: nireak, utzitakoak edo liburutegikoak diren bizpahiru liburu irakurri, eta hiruzpalau erosten ditut berehala. Erositakoetatik bat edo bi irakurri, eta liburu-dendara itzultzen naiz (edo Euskal Herrira edo oporretara joaten naiz, eta liburu-dendak bisitatzen ditut…), eta irakurtzeko liburu-kopurua gero eta handiagoa da. Batzuetan, irakurtzeko liburuak jartzen ditudan apalategia ia beterik dagoenean eta lotsagorritzen hasten naizenean, erritmoa hilabete batzuez jaisteko asmo irmoa hartzen dut. Eta betetzen dut.

Urtarrilean planto egin nuen azken aldiz. Urte honen hasieratik apirilera arte lau liburu baino ez nituen erosi. Hamalau aste horietan, irakurri gabeko liburu-mordoa asko txikitu zen (2-3 ale irakurtzen ditut astean; asko izan ziren, benetan), eta apal bat eta erdi hustea lortu nuen, eta harro-harro sentitu nintzen neure buruarekin. Baina pozak iraun zuen harik eta oraindik irakurtzeko nituen liburuak zenbatu nituen arte bakarrik. Ai ene. Hirurogeita hamar ziren.

Etorkizunean erosi nahi ditudan liburuen zerrendan daudenak adina ia, hazi eta hasi egiten dena. Baina saihestezina da. Gero eta gehiago argitaratzen da, liburu horietako asko eta asko oso interesgarriak dira arrazoi askorengatik, eta niri asko kostatzen zait tentazioari aurre egitea. Jeanette bihurria zen mundua horrela egin zuelako, eta literatura-merkatuaren errua da nik tsundoku-a sufritzea. Nola ez ba.

Pertsona batzuek e-book-ak erostea gomendatu didate, baina hori ez da irtenbidea. Alde batetik, eskola zaharrekoa naiz, eta pantaila batean irakurtzea ez dut gustuko. Papera ukitzea eta liburuaren usaina gustatzen zaizkit, baita nire apalategiko bizkar bat edo bestea ikusten dudanean sentitzen dudana ere. Bestalde, erosketa-erritmoa murrizten saiatzeko e-book-ak erostea sua gasolinaz itzaltzen saiatzea bezalakoa izango litzateke. Orain, oraindik irakurri ez ditudan eta horregatik errudun sentiarazten nauten liburuak ikus ditzaket, eta hala ere liburuak pilatzen baditut… Zenbat metatuko nituzke e-reader batean, pila fisikorik ikusi gabe?

Suposatzen dut zentzaezina naizela. Liburuak pilatzen jarraituko dudala, hori saihesten ahalegintzen naizen arren, eta hurrengo etxe-aldaketa egin behar dudanean, egoerak nire onetik aterako nauela. Baina tira. Onartu egin beharko dut, aldatu ezin ditudan beste gauza batzuk onartzen ditudan bezala. Eta horrek triste sentiarazten badit, bizpahiru liburu eros ditzaket. Horrek, segur aski, oso poztuko nau ☺

Izaskun Gracia