Artikulua :: Ana Galarraga 2024/06/07

Binomio fantastikoa: adimen artifiziala eta literatura

Istorioak sortzeko metodo bat da binomio fantastikoa, eta sinplea bezain eraginkorra da: hartu elkarren artean zerikusirik ez duten bi elementu arrunt, eta jarri harremanetan. Hor duzu istorioa, edo istorioak, harremanak era askotakoak izan baitaitezke.

Azken boladan, badirudi binomio fantastikoak osatzeko modako terminoa bihurtu dela adimen artifiziala (aurrerantzean, AA). Edozein elementuren ondoan aurki dezakegu: AA eta medikuntza, AA eta etika, AA eta artea, AA eta ingurumena, AA eta erlijioa, AA eta bideo-jokoak… eta jakina, noski, nola ez, AA eta literatura.

Gehienetan, AAk literaturan nola eragin(go) duen da gaia, eta ez alderantziz. Alegia, nola eragin duen literaturak AAn. Baina, izenetik hasita, nabarmena da AA eta haren eremu semantikoa literaturaz gainezka dagoela. Adimen artifiziala bera ere ez al da binomio fantastiko bat? Norbaitek noizbait Silicon Valley-en bi termino horietatik abiatuta irudikatutako istorioa sinetsi dugu, eta, orain, adimen artifizial deitzen diogu ordenagailu bidezko tekniken multzo bati, eragiketa matematikoetan oinarritutakoa, giza kognizioaren gaitasunak imitatzen saiatzen dena, haietako batzuetan arrakasta handiz (are, gizakiaren ahalmena gaindituz), eta beste batzuetan, erabat eskas.

Mekanismo literario batek eman dio izena, beraz, teknika-multzo horri. Eta hari lotuta gehien erabiltzen den figura literarioa hiperbolea da. Dena da hanpatua eta neurriz kanpokoa, aurrekaririk gabekoa, mugagabea, gaindiezina, ikaragarria. Eufemismoa ere oso erabilia da, baita metafora ere. Adibidez, hodeia terminoak bietatik du, izatez, hodei deitzen diogun hori prozesadorez betetako kubo erraldoiak baitira, eletrizitate- eta ur-kantitate izugarriak xahutzen dituztenak.

Duen erabileragatik, antropomorfizazioa saihetsezina da: ikasi egiten du, entrenatu egiten da, elikatu… Lapurtu ere egiten du, eta, irudikatzen dugunean, androide itxura hartzen du. Hortik pertsonifikaziora pauso laburra dago. Hala, Shelley deitu zioten beldurrezko istorioak sortzeko adimen artifizialeko programa bati. Massachusettseko Teknologia Institutuan sortu zuten, 2017an, eta egileek baieztatu zutenez, irakurleak zirraratzeko gai izan zen. Eta hori da literaturaren helburuetako bat, alegia, irakurleak hunkitzea.

Beñat Erezumak 2022an kaleratu zuen AA bidez euskaraz idatzitako lehen liburua. 40 poema ditu, maitasuna, heriotza, gorrotoa, laguntasuna eta antzeko gai intimo eta sakonei buruz. GPT-3 erabili zuen orduko hartan, eta, geroztik, asko hobetu da teknologia. Testu laburretan, batzuetan ezin da jakin pertsona batek idatzi duen ala AA bidezko testu-ekoizle batek. Aspaldi gainditu ditu AAk Iñigo Astizek “Monogamoak” liburuko ipuinetako batean aipatzen dituen tximino mekanografoak.

Beraz, ez da harritzekoa idazleek beren lana galtzeko beldurra izatea, idazle eta lana ere baden arren nahiko binomio fantastiko. Irakurleak berdin irakurriko al ditu, ordea, pertsona batek sinatutako lan bat eta AAk ekoitzitakoa?

Ujue Agudo psikologiako doktoreak esperimentu bat egin zuen, AA bidez ekoitzitako ikus-entzunezko bideo batekin. Boluntarioak bi taldetan banatu zituen; bati gizakiak egina zela esan zion, eta besteari, AA bidezkoa. Eta eskatu zien erantzuteko zenbateraino hunkitu ziren lana ikustean, eta zer sentiberatasun egozten zioten egileari. Horrela baieztatu zuen egilea gizaki bat zela uste zutenak gehiago hunkitzen zirela, AA bidez egina zela esan zitzaienak baino. Gainera, lehen taldekoek sentiberatasun handiagoa egozten zioten egileari, bigarrengokoek baino.

Irakurlea hunkitzeko ahalmena alde batera utzita, AAk badu literaturaren aurkako ondorio nabarmen bat: ideologia hegemonikoa berretsi eta areagotzen du. Eta ideologia hegemonikoa heteropatriarkala, zuria, elitista, eta ingeles elebakarra denez, bestelako ikuspegiak, kulturak, gorputzak eta hizkuntzak orain baino are bazterrekoagokoak bilakatzeko arriskua dute. Horrenbestez, idazle euskaldunek badute — eta izango dute— lana, ideologia hegemonikoaren kanpoko literatura bilatzen duten irakurleak dauden —eta egongo diren— heinean.

Ana Galarraga