Artikulua :: Miren Mindegia 2024/11/26

Zuena da ardura

Zutabe hau azaroaren 25aren aitzineko egunean idazten ari naiz, jakin ezin beraz astelehen iluntzerako Euskal Herri osoan deituak diren elkarretaratze eta manifestaldiak nola joan diren, zein izan den erantzuna. Zenbat gizon joan diren. Zenbat gizonek jarraitzen duten arazoa izaten, zenbat konponbidea izateko urratsik ez ematen. Nire irudimenean, utopikoa ere deitu diezaiokegun ameskeriaz, gizonek erreakzionatzen duten mundu bat imaginatzen dut. Euren artean solas egiten irudikatzen ditut, itxurakeriak egitera behartzen dituzten emakumerik tartean egon gabe, batak besteari erraten: “Tira, bada zerbait egiteko unea, aski da, ezin dugu guzti hau mantentzen lagundu”. 

Nire inguruan ditudan gizonetako askok feminismoarekiko duten konpromisoarekiko konfiantza handiegia izan dut beti. Uxue Alberdik Hetero liburuan aski ongi islatzen duen bezala, aldiz, dezepzioa izan da maiz horren ordainetan bizitzea egokitu zaidana. Ez dakit zuei ere hala gertatzen zaizuei, utzidazue pentsatzen hala dela. Errealitate zaplazteko pare bat datozkit burura horren kontura. 

Kasualitatez hala bizitzaren makurkeriak hala erabakita, nire inguruan ditudan eta aita izan diren gizonen gehiengoak semeak izan dituzte –hala gizarteratuak izaten ari dira, behintzat–. Taldeko emakumeen ahotatik maiz ateratzen dira feminismoarekin lotutako kontuak gure solasaldietan, erran gabe doa gutxitan direla eurak gaia mahaigaineratzen dutenak, hartu dezagun hori ere seinaletzat. Mundu digitalean azken aldian piztu den berdintasunaren kontrako mugimendu erreakzionarioaren inguruan ari ginen orduko hartan, egungo haur eta gazteek horren aurrean daukaten babes faltaz, zaurgarritasunaz eta arriskuaz. Heziketaren garrantziaz. Zehazki, mutikoak heztearen garrantziaz. “Ea nola egiten duzuen zuek zuen mutikoak feminismoan hezteko”. Galderatik aldarrikapenetik baino gutxiago zuen esaldiari abudo erantzu zion batek: “Horretaz arduratuko zarete zuek”. To. bell hooksekin oroitzeko moduko arrapostua, zapaltzaileak zapalduaren eskuetan jartzen duenean zapalkuntzaren inguruan besteak heztearen ardura, zapalkuntza hori nabarmendu besterik egiten ez duen jarrera. 

Argiki gogoratzen dut bigarren bat ere, ikerketa soziologikotik ere izan zezakeena. Taldeko gizonetako batek bere senidea den aktore batek protagonizatutako maskulinitate berrien spot modukoa partekatu zuen whatsapp taldean (senitartekotasuna azpimarratu dut adierazgarria diruditelako, usaina hartzen baitiot halakorik ez balego ez lukeela bideo horixe bidaliko). Taldeko beste gizonen partetik ez zen inolako erreakzio edo erantzunik egon. Egun batzuk igarota, gaia atera zen. Zergatik ez zuen beraietako inork ezer jarri maskulinitate berrien tailer bat umore tonu argiarekin iragartzen zuen bideo horren inguruan? Hiru erantzun mota egon ziren, halaxe laburbildu zitezkeenak. Lehena: “Bideoak ez dit grazia berezirik egin, ez diot kasu handirik egin edukiari, mezua bidaltzeko moduaz ari naiz”. Bigarrena: “Ez naiz identifikatuta sentitu, nik nire burua feministatzat  hartzen dut jada, ez dut halako tailerretan izena emateko beharrik”. Hirugarrena: “Ez dut bideoa ikusi”. Ez dakit hiruetatik zein erreakzio den mingarriena: beste alde batera begiratzea, ukatzea edo inolako interesik ez agertzea. Gure egunerokoak hiruetatik aunitz duela erranen nuke. 

Ez dakit zein izan den Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean gizonek erakutsi duten jarrera. Arriskatuko naiz erratera nahiko genituzkeenak, behar ditugunak baino gutxiago agertu direla, denak behar baititugu, berez. Baina denbora bukatzen ari da, muturrera iristen ari gara, kokoteraino gaude. Aski da. Zeharkatzen gaituen indarkeriaz, gure gorputzak eta bizitzak arrisku itogarrian jartzen dituen indarkeriaz nazkatuta gaude. Nazkatuta egon beharko zenukete, zuek baitzarete indarkeria horren iturri, zuzenean eta zeharka, aktiboki eta pasiboki. Ados egotearekin ez da nahikoa. Jarrera aldaketa aktibo bat behar dugu, behar du jendarte honek, aurrera egiteko. Erantzun epelek, beste aldera begiratzeak, ukatzeak eta ezikusiarenak egiteak ez du balio. Hartu ezazue ardura, zuena dela.

Miren Mindegia