Artikulua :: Maite Darceles 2026/05/05

Zubiak eta txirikordak, hizkuntzen artean eta kulturan

Bezero berri batekin lehen bilera dut. Ontzi bete ur jarri dut baso-azpikoaren gainean eta oharrak hartzekoa eskura dudala egiaztatu dut. Zoomen sartu, eta gutxira agertu da Carola. Katalanez hasi zait hizketan. Gaztelaniaz erantzun diodanean ulertzen diodan galdetu dit, eta nik baietz erantzun diot, ia dena ulertzen dudala modu honetako elkarrizketetan, eta lasai hitz egiteko katalanez. Hala egin du. Tarteka gaztelania sartzen du, baina berriz hartzen du haria katalanez. Hitzen bat ez dut ulertuko eta galdetuko diot edo testuinguruagatik harrapatuko diot esanahia. Ohiko jokabidea da hau Kataluniako bezero eta kideekin bilerak ditudanean. Biko elkarrizketetan baino are gehiago mantentzen da katalanari eusteko joera bileran hizkuntza horretan mintzatzeko erraztasuna duten bi pertsona edo gehiago daudenean.

Les Bàrbares antzezlana gogoratu dut. Duela pare bat hilabete joan ginen ikustera Bartzelonako Teatre Borràsera. Ikuskizuna amaiturik, atarian biltzen diren taldetxoen zurrumurruaz inguraturik ari gara ikusitakoaz solasean. Nire lehen aipamena protagonistek erabilitako hizkuntzari egin diot. Hiru emakume elkartu dira hotel batean, haietako baten ilobaren hilondoko borondatea betetzera. Gaztetatik ezagutzen dute elkar hirurek, aspaldiko lagunak dira. Bi katalanez mintzatzen dira, hirugarrena gaztelaniaz. Batzuetan beste hizkuntzan esaldiren bat txertatu dute, besteari keinuak eginik. Baina elkarrizketa ele bikoak egin dituzte etengabe. Ulertzen da hori dela lagunen artean urteetan izan duten hizkuntza praktika. Eta publikoari ez zaio batere arrotz gertatu. Niri interesatu egin zait hizkuntzen erabileraren kontu hau, eta horregatik aipatu diet lagun katalanei, bat komunetik irten zain gauden bitartean. Lagunek, ordea, normal-normaltzat jotzen dute. Ez die horrek atentzioa eman.

Ele biko elkarrizketak ohikoak dira Katalunian. Egunerokoan ematen den praktika bat islatzen dute. Gurean, aldiz, ibilbide motza izan ohi dute oraindik: erdara agertu orduko euskara alboratu eta hortik aurrerakoa erdaraz egiteko ohitura barruraino errotua dugu. Erroturiko arau sozial horiekin pixkanaka apurtzen ari gara testuinguru batzuetan bederen, baina ibilbide luzea dugu jorratzeke. “Lehen hitza euskaraz egitea” edo “elkarrizketa ele bikoei eustea” praktika urratzaileak dira gure hizkuntza ohituretan, eta agian Euskaraldiaren aurreko paradigmaz eta ondoko paradigmaz hitz egin genezake, ekimen horren ekarpen nagusienetakoa izan baita hizkuntzaren inguruan dauzkagun arau sozial mugatzaileen inguruan kontzientzia hartzen laguntzea eta horiek aldatzeko urratsak ematera animatzea.

Gurean ez bezala, Katalunian elkarrizketa ele bikoak ohiko praktikak izanagatik ere, antzerkietan ikusgarri egiteak gehiago normalizatzen eta ohitura bihurtzen laguntzen duelakoan nago.

Bi abantaila ikusten dizkiot hizkuntza praktika hauek erakusten dituzten lanak egiteari. Euskarazko ulermen mugatua duen jendea erakar dezake. Zati bat bederen ulertuko duela bermaturik, horientzat euskarazko kulturara hurbiltzeko amua izan daiteke.

Bestetik, esan bezala, ele biko elkarrizketak normalizatzen lagundu dezake eta egunerokoan elkarrizketa mota horri eusteko inspiragarria izan.

Baina, proposamen hau egiteaz bat, kontu handiz ibili behar dugula ere jabetzen naiz. Pertsonaien ezaugarriek hizkuntzaren inguruan hartutako erabakia justifikatu behar du. Erabiltzen dugun hizkuntzak guri buruz asko esaten baitu. Eta horrelako zerbait eginez gero, ezin da edonola egin.

Jorra daitekeen beste bide bat azpitituluena da. Urrian Bartzelonako CCCBn Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabalen bertso-saioan izateko aukera izan nuen, Leire Vargas gai jartzaile zutela. Sorpresa izan zen. Ez nuen uste plaza hartan euskara hutsezko saioa egingo zutenik. Oso berezia izan zen, eta publikoa bereganatu zuten bertsolariek, berehalako katalanezko itzulpenaren laguntzaz. Atzerapen pixka batekin agertzen zen pantailan itzulpena, eta txaloak eta barreak bi tempotan gertatzen ziren: euskaldunok bertsolarien tempoan erantzuten genuen eta handik segundo batzuetara erantzun zabalagoa entzuten zen, katalanezko itzulpena behar zutenena.

Bitxia eta interesgarria iruditu zitzaidan, eta ez dakit horrelakorik egin ote den Euskal Herrian erdarazko azpitituluekin. Nik behintzat ez dut horrelakorik sekula entzun. Bertso saioak zailtasun gehigarria du berehalako itzulpenerako, inprobisatua baita. Antzezlan batean errazagoa litzateke.

Ibai Atutxa eta Danele Sarriugarteri entzun nien podcast batean euskal kultura euskaldunok bakarrik “kontsumitzen”[1] dugula eta euskaldunok, berriz, erdarazko kultura euskarazkoa bezainbat. Berez txikia den hori handitzeko zubi-lana egitea dagokigula iruditzen zait eta  euskararen eremuak zabaltzeko ahalegina egitea. Hizkuntza (eta kultura) babestu eta zabaldu.

Literaturaren materiala hizkuntza da. Euskal literaturarena euskara. Literaturak hizkuntza behar duen bezala, euskarak ere literatura eta kultura behar ditu. Zer hizkuntza mota litzateke kulturarik gabea? 1984 orwelldarraren pareko zerbait, eta jabetu gaitezen Orwellek neohizkuntza, hizkuntza berri eta huts bat irudikatu behar izan zuela mundu horri testuingurua jartzeko.

Batak bestea behar du eta elkar eraikitzen dute. Euskal kulturak euskara eraikitzen du. Aberasten du. Zabaltzen du. Ekarpena egiten dio. Eta lehengai gisa euskara behar da euskal kultura sortzeko. Bata da bestearen eraikuntzarako materiala, Eider Rodríguezen lanaren izenburua ebatsirik. Gràcia auzotik pasieran, Dena zulo bera zen ikusi dugu liburu denda baten erakusleihoan, gaztelaniazko bertsioan. Sartu gara Sant Jordirako erosteko asmotan, eta dendariari liburuaz galdeturik, egilearen lana ondo ezagutzen duela ohartu gara, badaki zein apaletan dauzkan bere liburuak (katalanezko eta gaztelaniazko bertsioak), ondo ezagutzen dituela bistan da, irakurriak dauzka, eta laburtu ere egin dizkigu, ez diogu esan pertsonalki ezagutzen dudala eta irakurriak ditudala gomendatzen ari zaizkigun liburuak, jakina, liburu saltzaile argentinarra Rodríguezen lanaz hitz egiten entzutea plazer txiki bat izan da, are handiagoa “es una especie en extinción” esaldiaz goraipatu duenean. Handia da itzulpenen bidez ere euskal literatura zabaltzea.


[1] Komatxoen artean jartzen dut “kontsumitu”, ez baitzait hitz hori batere gustatzen proposamen eta lan kulturalei aplikatzeko. Eta aditz bakarrean esateko beste modurik ez zait bururatzen orain. Ez dut gogoratzen haiek erabilitako hitz zehatza.

Maite Darceles