Zoritxarraren haziak
Zorionaren hazien ondotik, zoritxarraren hazietan zentratuko naiz. Gure mendebaldeko gizarteetan, tamalez, suizidio ugari gertatzen dira. EAEn bertan, hiru egunez behin. Non daude, bada, sufrimenduaren haziak? Hasteko: gutako bakoitzak zorionaren bilatzaile bilakatu behar du, zeren zoriontasuna bilaketa bat da, beste ezer baino gehiago, gaia aztertu duten autore askorentzat. Moderno izatea norberaren zoriaz etsitzeko gai ez izatea da.
Demagun bizitzan zehar, gurea bezalako gizarteetan, erabat harturik, lau aldi nagusi izaten ditugula: haurtzaroa, gaztaroa, helduaroa eta zahartzaroa. Bada, aldi bakoitzean ahalegindu behar dugu aldiari dagokion zoriontasunaren bila. Autolaguntzaren muina mundu-ikuskera horixe da, eta jada zentzu komunaren parte da.
Ikuspuntu horren suposizio nagusiak honako hiru hauek dira: lehena da gure gogamena gai dela zirkunstantziak eta herentzia gainditzeko, eta ez dagoela deus esfortzu eta borondatearekin lortu ezin dugunik. Bigarrena da, guri gertatzen zaiguna pentsatzen eta sentitzen dugunaren isla dela. Eta hirugarrena, zoriontasuna trebetasuna dela eta ikas daitekeela. Beraz, euren jarrera aldatzeko gauza ez direnak zoritxarraren harrapakin izango dira. Zoritxarreko pertsona ezdeus kognitibo bat da, izaki ahul bat, eta emozioen mendekoa.
Sufrimenduak jadanik ez dauka antzinakoek ematen zioten zentzua, existentziaren nahitaezko parte, edota kristautasunak ematen ziona, zeinarentzat jatorrizko bekatuaren fruitua baitzen, eta horregatik zoriontsu izatearen exijentziak indarra hartzen du. Amets kolektiboek indarra galdu duten garai honetan, eta aldi berean nor bere bizitzaren autore bilakatu beharra hauspotzen denean, subjektu izatearen exijentzia handiegia gerta liteke eta hainbat kasutan, depresio eragile.
Bizi dugun modernitateak kultura indibidualizatuaren oinarrian dauden bi gaixotasun sorrarazten ditu: estresa eta depresioa, zeinak lehen ez bezala, kausa sozialetatik deslotuak agertzen zaizkigun. Sufrimenduarekin gertatzen den bezala, erabat psikologikotzat hartzen dira.
Gaixotasun psikosomatiko horien jatorrian, nagusiki, bi arrazoi daude; bata, lanaren arloan eguneroko bizitza gero eta exijentzia handiagokoa izatea, eta bestea, egokitzeko beharra. Kultura psikoterapeutikoak zabaltzen du denok zaurgarriak garelako ideia eta laguntza behar dugulakoa. Aldi berean, zoriontasunaren industriak, herri psikologian esplizitatuak, kontrako mezua bidaltzen digu, hots, geure bizitzaren bridak har ditzakegulakoa. Hortik estresa.
Depresio garaikideari dagokionez, zenbait kausa ditu. Batetik, azelerazioaren gaixotasuna da. Gizarte hipermodernoak bizitza sozialaren erritmoa azkartzen du modu objektiboan, loari eta jatorduei-eta denbora murrizturik; halaber, lanarteei, hildako denboratzat jorik haiek, eta aldi berean jarduerak ugaltzen dira, eta jakina, gero eta denbora gutxiago eskaintzen zaie. Bizitza sozialaren erritmoa modu subjektiboan ere azeleratzen da, eta urgentzia eta antsietatea sortzen ditu.
Azelerazioaren ondorio ez ezik erantzukizunaren ondorioa ere bada depresioa. Hainbat arlotan, eman behar den maila ez ematearen sentimendua gailentzen da, eta, azken buruan, uneoro norbera bilakatu beharraren nekea. Depresioa antsietatearen kulturari dagokio. Honela idatzi zuen Helena Béjarrek Felicidad: la salvación moderna liburuan:
Depresioa, beraz, norbera izatearen nekearen adierazpena da, jarrera hobetzeko agindu kulturalarena, pentsamendu-estiloa aldatzearena, zirkunstantzietara bakarka egokitzearena, segurtasuna ematen zuten erakundeen gainbeheraren itzalpean. Eta ahal ez izatea hainbeste zamarekin. Autolaguntzako eskuliburuen aurrean bakarrik, gizabanakoa depresioan hondoratzen da, nahikoak ez direnean loturen kontingentziatik eta oraingo eta etorkizuneko ziurgabetasunetik bizirik irauteko egiten dituen ahaleginak (215).
Aipaturiko liburua 2018an argitaratu zen, eta autoreak 2023an egin zuen bere buruaz beste. Zoriontasunaren bilaketa porrot handi bat ere bilaka liteke, eta gorago suizidioen gainean emandako datuak halaxe egiaztatzen du.