Zorionaren haziak
Lehen artikulu honetan, zorionaren hazietan zentratuko naiz eta bigarrenean, zoritxarraren hazietan. Hirugarrenean, zorionaren agertokietan jarriko dut begia, eta azkenengoan, zoriontsu sentitzeko nortasunaren ezaugarrietan.
Gure bizialdian gorabeherako ugari bizi izanagatik, oraintxe atseginak eta hurrengo atsegin lapurrak, pertsona gehienen zorion maila orokorrak bere horretan mantentzeko joera agertzen du. Ematen du ezen munduratzen garenetik, mundu honi adio esaten diogun arte, aldez aurreko joera bat izaten dugula gehienetan zoriontsu edo zoritxarreko sentitzeko.
Zenbait ikertzailek milaka pertsonengan urteetan behatutakoak bermatzen du pertsona bakoitzak zorion gradu propio bat esperimentatzen duela bere bizialdian, gorabeherako txiki batzuekin, denboran zehar irmo irauten duelarik. Bestela esanda, batzuk aldi gehienetan zoriontsu izan ohi dira, eta beste batzuk, aldiz, gehienetan, zoritxarreko. Ez adinak, ez sexuak, ez itxura fisikoak, ez lanbideak, ez eta adimen koefizienteak eragiten omen du zoriontsu sentitzeko dugun joeran. Baldintza horiek eraman gaitzakete zoriontsuxeago edo zoritxarrekoago sentitzera aldi jakin batzuetan, baina epe luzera eragin minimoa izaten omen dute gure ongizate orokorraren eskalan.
Gure zorion maila nahiko egonkorra izatearen arrazoia, partez, gure geneetan dago. Mundura geurekin ekartzen ditugun geneen eta horiek gure garunaren eraketan eta neurona-sareetan duten eraginean, eta, ondorioz, gure nortasunaren ezaugarrien garapenean. Oso garbi ageri da hori plazenta bereko bikien kasuan. Minnesotako Unibertsitateko Psikologiako irakasle David Lykkenek seiehun biki berdinekin (gen berak dituztenak) egindako ikerketak iradokitzen du zorionaren %40 faktore genetikoen kontrolpean dagoela, eta horregatik gen berberak dituztenek zorion maila ere berbera izan ohi dute; are, familia eta ingurune sozial ezberdinetan haziak izan badira ere. Plazenta banatako bikien kasuan, aldiz, zorion maila oso ezberdinak atzeman ziren, nahiz familia berean haziak izan.
Halere, genetikaren eragina %40koa dela esan dugu. Ildo horretatik, ezin da albo batera utzi gure izateko moduaren eraketan duten papera haurdunaldiaren gorabeherek, erditze garaiko estutasunek eta jaio, heldu eta bizi garen gizarte-giroaren estimulu osasungarri eta kaltegarriek, bereziki haurtzaroko esperientziek.
Zorionik eza epe luzera prebenitzeko modurik onena izan liteke konbentzituta egotea ezen izaki guztien jaiotza-eskubideak berekin dakarrela gehiegikeriarik eta krudelkeriarik gabe hazteko eskubidea. Eskubide horretaz gozatu ahal izateko baldintza da denok dugun maitasun-beharra asetzea. Maitasunak autoestimua, konfiantza, ontasuna eta zoriontsu izateko gaitasuna indartzen ditu. Maitasun zapuztuak, aldiz, depresioa, gorrotoa eta miseria eragiten ditu. Zorigaitzaren sustrairik kaltegarrienak eta saihesgarrienak dira haur baten izpiritua mutilatzea eta haur horren izaera deformatzea abandonuaren, abusuaren edo indarkeriaren bidez. Izan ere, horrelako kalteek halabeharrez ahultzen dituzte haurrengan autoestimu, konfiantza, baikortasun eta itxaropeneko bizi-sentimenduak, eta horiek gabe zorigaitzera bideratuak egon ohi dira.
Gizaki gehienok ondare genetiko jakin batekin jaiotzen gara, eta ondare horrek bere baitan hartzen ditu pozik egoteko eta munduan ditugun esperientziez aktiboki gozatzeko joera ematen diguten haziak. Ingurune familiarraren eta sozialaren kalitatearen, bizi ditugun egoeren, eskura ditugun aukeren eta aukeratzen ditugun bideen arabera, hazi horiek indarrez ernal daitezke edo ezkutuan iraun dezakete, hazi edo hil egin daitezke.
Luis Rojas Marcosek Nuestra felicidad deritzan liburuan dioen bezala:
...nire susmoa da ezen gizonek eta emakumeek bizitzarekiko duten gogobetetze-mailak zerikusi gehiago duela garaipen pertsonal eta kolektiboarekin herentzia genetikoarekin baino. Funtsean, gure benetako herentzia da geure burua eraikitzeko eta gure ondorengoak moldatzeko dugun gaitasun propioa, baina ez patuaren esklabo gisa, baizik eta haren eraikitzaile gisa. (159).