Artikulua :: Pako Sudupe 2025/04/08

Zorionaren agertokiak

Gehienak bat etorriko zarete nirekin honetan: bizitzako une edo aldirik atseginenak beste pertsona batzuekiko edo pertsona batekiko harremanetatik etor daitezke, laneko jarduera batzuetatik eta aisialdiko jardueretatik.

Erich Fromm pentsalari handiak The art of loving liburuan honako hau idatzi zuen: "harremanetarako irrika da gizakien desirarik ahaltsuena, espeziea biltzen duen oinarrizko indarra. Existentziaren arazoaren behin betiko konponbidea pertsonen arteko bat-egitea da, beste izaki batekin bat-egitea, maitasuna".

Luis Rojas Marcosek dio pasio erromantikoa emozio gorena dela, frenesi bat zeinek gizon eta emakume gehienak astintzen dituen, gutxienez behin, bizialdian zehar.

Margaret Mead antropologoaren aburuz, lehenbiziko harremanean, sexua bilatzen dugu; bigarrenean, seme-alabak, eta hirugarrenean, konpainia. Sedukzioaren zirimola finitzean, maitasuna esfortzua eta kemena galdegiten duen arte bihurtzen da.

Bikote gisa bizi diren askotxok aipatzen dute egunero egin behar dela lan bikote-harremanak ilusioa atxiki dezan eta bertan sexu kemena, komunikazio ona, botere oreka eta kontrajarrita dauden dependentzia eta autonomia uztar daitezen. Lana hartzeaz gain, harreman zoriontsua atxikitzeko hainbat kualitate behar dira: zintzotasuna, norberaren ukapena, malgutasuna, ulermena, tolerantzia, eskuzabaltasuna, borondate-indarra, iraunkortasuna, maitatutako pertsonaren ongizatearekiko kezka eta haren indibidualtasunarekiko errespetua. Kualitate horiek dosi egokian banatzea erraza ez delako, bakarrik bizi direnen proportzioa goraka doa gure gizarteetan.

Esan beharrik ez dago, gaur egun senar-emazteek eta seme edo alaba batek edo bik osatutako familiak dira nagusi. Baina gero eta gehiago dira seme-alabarik gabeko bikote hetero, gay edo lesbianak, ezkontzeke elkarrekin bizi diren bikoteak, jatorri ezberdineko seme-alabak dituzten dibortziaturiko bikoteak eta abar. Gainera, gizarteak gero eta joera handiagoa du harreman zoriontsu eta desberdin horien legitimitatea aitortzeko; harreman horiek guztiak aukera librean, maitasunean eta protagonistek elkarrekiko duten konpromisoan oinarritzen direnez gero.

Beste aldaketa sozial handi bat emakumeen askapenak ekarri du; gero eta guraso gehiagok lortzen dute lanbidea edo lana etxetik kanpo egitea, eta parte-hartze ekitatibo samarra etxeko zereginetan eta seme-alaben zaintzan edo hezkuntzan. Zorioneko etxeek maitasuna, leialtasuna, konfiantza, segurtasuna eta laguntzeko eta babesteko konpromisoa dituzte amankomunean. Hala ere, osagai horietako baten falta nahikoa arrazoi izan daiteke familia baten zoriona zapuzteko. Eta haustura horiek oso mingarriak izan ohi dira, batez ere seme-alabak tartean direnean. Baina hemen zorionaren agertokietan zentratzen ari gara.

Amodiozko harremanetatik laneko jardueretara etorriz: lanean zoriontsu izan ote daiteke? Betebehar erregular atsegingarri batek autonomia eta autoestimua handitzen ditu guregan, eta parte hartzeko plazerrarekin eta gizartearen funtzionamenduari edo hobekuntzari laguntzearekin geure buruaz harro egonarazten gaitu. Egia da badaudela lan monotonoak, ahalegin handirik eskatzen ez dutenak eta orduan langile horiek "marjinal", edo alferrikako senti daitezke. Baina zeregin entretenigarri eta sortzaileak ere badira.

Gizon eta emakume askok diote beren lana ez dela soilik eguneroko ogia lortzeko bidea, baizik eta, gainera, nortasun pertsonal eta sozialaren iturri bihurtu dela, definitzen laguntzen diena eta beren bizitzei ilusioa eta esanahia gehitzen diena.

Aisialdia da alaitasuna ematen digun bizitzaren beste esfera bat. Laburbilduz, beste pertsona batzuekiko harremanak, lana eta aisialdian praktikatzen ditugun zaletasunak eta jarduerak dira gure unerik zoriontsuenen iturri nagusiak.

Gaur egungo bizimoduak eskaintzen duen ingurune gero eta azeleratuago eta teknologikoagoak indibidualismoa eta gizartetik baztertzeko joera susta badezake ere, pertsonen arteko harremanek, laneko jarduerek eta aisialdikoek eman diezaguketen zoriona lotzen duen haria gure bizitza besteekin partekatzeko sentimendua da.

Pako Sudupe