Artikulua :: Irati Jiménez 2026/10/06

Zeremonia sobrenatural bat eskatzen duen ariketa telepatiko bat

Urteak eman ditut neuri buruari ondo idaztea zer den eta zer ez den galdetzen, ondo idazteko zer egin behar den pentsatzen, eta gauza horiei guztiei buruzko erantzunak bilatzen eta konpartitzen. Hemen bertan ere bai, behin baino gehiagotan. Beti iruditu zait galdera garrantzitsuak zirela idazleontzat, gure ofizioa ondo egiteko tresna egokiak behar dugulako, eta lagungarriak izan zitezkeela baita irakurleentzat ere, gure ofizioa ondo egiten dugun baloratzeko tresnak merezi dituztelako.

Ez dakit nire ahaleginekin jende askori lagundu diodan. Tarsoko Saulok aintzinako kristauei esan zienak egia izaten jarraitzen du: bila dabiltzanei baino ezin zaie lagundu. Eta, hala ere, gerta daiteke guretzat laguntza handi bat izan dena, besteentzat ez izatea hain lagungarria.

Edonola ere, orohar, saiatu naiz gauza praktikoak esaten.

Gehienak, gauza teknikoak izan dira.

Baina literatura teknika baino gehiago da. Truko batzuk jakitea baino gehiago eskatzen duen ariketa magiko bat ere bada. Baudelaire izan zen hori beste inork baino hobeto esplikatu zuena. Literatura ariketa telepatiko bat dela, idatzizko konjuro baten bidez aukera ematen diguna geure baitan dauden irudiak, ahotsak eta pertsonaiak beste baten baitan jartzeko, berak ere ikusi, entzun, eta sentitu ditzan. Hori horrela bada, eta literatura ariketa magikoa bada, literatura idaztea ere apur bat magikoa izan behar da, halabeharrez. Dena ezin da izan teknika kontua. Teknika, azken baten, trukoak dira. Eta magia, benetako magia, trukoak baino askoz gehiago da.

Literaturak zeremonia sobrenatural bat eskatzen du

Ariketa magikoa den neurrian, literaturak ezagutza, teknika eta esperientzia eskatzen eta eskertzen dizkigu, jakina. Horiek gabe ez goaz inora. Baina literatura ez da horrekin konformatzen. Gehiago eskatzen digu, eta zenbat eta gehiago eman, gehiago eskertzen diguu ematen dioguna.

Tinta behar da letrak idazteko, bai. Baina literatura egitea supermerkatuan erosi behar duguna apuntatzea baino gehiago da. Edo gehiago ez bada, bada, behintzat, beste zerbait. Bi gauza horiek egiteko boligrafo berbera erabili dezakegu, baina oso gauza diferenteak dira. Literatura bada egin nahi duguna, boligrafoaren tinta irakiten jarri behar da. Suak piztu behar ditugu, tintontziak bor-bor egin arte. Orrialde zuriaren haginak zorroztu behar ditugu, haragian zauria egin behar dezaten eta tinta odolarekin nahastu dadin.

Naturaz gaindiko zeremonia bat behar dugu. Garuneko-fluxuak ez direlako nahiko. Buruan dakigunaz gain, literaturak oraindik ez dakiguna eskatzen digulako. Kontzientziak aginduta idaztea komeni da, baina inkontzienteari obedituz. Zeremonia sobrenatural batek egiten du hori guztia posible. Eta zeremonia horrek denontzako balio du. 

Berdin dio nora goazen literaturara joaten garenean. Barruraino joan behar gara.

Idazle batzuk bulegoetako eta enpresetako eta korporazio handietako idazleak dira. Beste batzuk fabriketako langileak dira. Edo akademiakoak. Badira egunez idazten duten idazleak, eta egunero idazten dutenak. Badira kalera begira idazten dutenak, eta barrura begira begiratzen dutenak. Gauez idatzi ezin dutenak eta gauez baino idatzi ezin dutenak. Inporta duena ez da zer motatako idazlea garen, baizik eta zenbateraino garen idazle. Noraino garen zintzoak literaturarekin. Ez gero publikoarekin, editorearekin, zuzentzailearekin, kritikoarekin, kazetariarekin, irakurleekin. Horrek badu bere garrantzia, jakina. Baina badu bere garrantzia gero. Ez da inolaz ere benetan garrantzia duena. Benetan garrantzia duena idazten ari garenean gertatzen da. Literaturaren zeremoniara nola sartzen garen, hori da kontua. Hor gauden bitartean, nola gauden. Eta nor garen.

Zer egiten dugun arriskua dagoenean. Aitortu nahi ez dugun egi bat bidearen erdian agertzen zaigunean. Gauza bat planifikatu dugunean eta beste bat gertatzen hasten denean. Gure baitan atera nahi duenari ateratzen utziko diogun. Edo hor barruan dagoena inork ez ikusteko idatziko dugun. Errebelatu edo ezkutatu. Esan edo gorde. Arriskatu edo kobardatu. Zer egingo dugun da kontua. Noraino iritsiko garen. Horrek erabakiko du gure literatura noraino helduko den.

Bulegoa, fabrika, akademia, erbestea. Berdin dio non idazten dugun. Baina lekuren batera iritsi nahi badugu, benetan iritsi nahi badugu, zeremonia sobrenaturalean parte hartu behar dugu. 

Korporazioetako idazleak, eta idazle proletarioak

Literatura ofizio bat denez, idazle batzuentzat negozio bat da literatura. Diru bat eman dezakeena eta prestijio bat eman ohi duena. Badira literaturara enpresarien mentalitatearekin sartzen diren idazleak, literaturaren etxean sartzen direnean, literaturaren banketxera sartzen direnak. Idazle horiek ez dute beti bilatzen dutena lortzen baina lortzen dute, sarritan, bilatzen dutena. Halako idazleentzat gerta daiteke literatura negozio on bat izatea, baina negozio apur bat zikina ere izan da, eta horregatik, idazle horiek negozio on bat egiteaz gain, literatura on bat egin nahi badute, zikintasun hori entregatu behar diote. Tratu guztiak ez dira sotoan lan egiten duten kontulariekin egiten. Egin, kristalezko leiho handiak dituzten bulegoetan egiten dira, eta hori bada idazle batentzat literaturaren parnasoa, hori da literaturari zor diona. Goiko solairura lehen aldiz igo zenean zer sentitu zuen. Tratu batekin igogailu jeitsi zenean zer pentsatu zuen. Hori da era horretako idazleak kontatzeko daukan sekreturik handiena, eta, beraz, hori da literaturari eman diezaiokeen gauzarik handiena.

Demagun idazle batek deabruarekin tratu bat egin duela.

Imajina daiteke horrekin egin dezakeena baino literatura hoberik?

Gizonen aldeko idazleak eta gizonen ondoan daudenak

Idazle guztiak ez dira enpresa-buruak, jakina. Badira literaturara langilearen etikarekin sartzen direnak ere. Fabriketan gertatzen dena kontatu nahi duten idazleak. Idazle langileak izaten dira eta langile onak badira, idazle onak izan daitezke. Baina idazle batek langileen idazlea izan nahi badu, eta benetako idazle langile bat, ezin du beti eguneko txanda egin. Ezin du bulegotik idatzi. Lana bukatzen denean, eskuak garbi badaude, seinale eskuak garbitu ditugula lanean geundenean.

Egunekoaren ostean, beste txanda bat egoten da. Aldamiotik begiratu behar izaten zaio arriskuari. Harrizko kontzientzietan, sinismenetan, bihotzetan eta herrietan zuloak egin behar izaten dira. Eskuak izerdituta izatearekin ez da nahikoa, gorputzak jakin behar du izerdia zer den. Zer den beldurra. Zer den mina. Heriotza zer den. Gizonaren alde paratu nahi badugu, alde horretan idatzi behar dugu. Gizonen aldean, gizonekin, ilunpetan. Mailuak isiltzen direnean, negarrak entzuten diren leku ilun horretan.

Erbesteko idazleak, eta idazle erbesteratuak

Idazteak beti eskatzen du erbesteratze maila bat, baina idazle batzuk erbesteratu kronikoak dira, ez dute topatu humanitatearen parte izateko beste modurik, ez bada erbeste kroniko batean bizitzea baino. Idazle horiek egin dezakete misantropiaren literatura bat, baina literatura misantropikoa handia izango bada, zintzoa izan behar da. Humanitatea ez da alboratzen ez badu minik egiten, eta idazleak min hori eraman behar du bere erbestera, benetako aberri literario bat eraiki nahi badu.

Humanitateaz mendeku hartzeko idatzi daiteke, baina jakin beharko genuke zergatik nahi dugun mendeku hartu. Idatzi daiteke humanitatearen kontra eraikitako erbeste batetik, zergatik erbesteratu ginen gogoratzen badugu. Amorru hori gurekin badator, etsipen hori, humanitate egarri hori.

Autobiografien idazleak, eta idazle autobiografikoak

Eta misantropikoak ezezik egin daitezke obra autobiografiko bikainak ere, baina autoerretratuetan jartzen duguna ezin da izan besteek ikustea nahiko genukeena. Inork ikusten ez duenaz idatzi behar dugu, inork ikusi ezin dutenaz, ikusten dutenean beharbada gustatuko ez zaienaz. Gezurretatik harago joan behar dugu, hezurretaraino. Harrotzen ez gaituzten gauzak topatuko ditugu, batzuetan. Topatuko dugu harrokeria, askotan. Eta hori da literaturari eman beharko geniokeena. Ez genuke inoiz izan behar literaturari deskubritu duguna ez emateko bezain harroak. Literaturak zentzurik badauka, horixe delako daukan zentzu bakarra. Konprenitu egiten gaituela gaiztoak garenean, koldarrak garenean, sakon-sakonean gizakiak baino ez garenean.

Sakontasun horretan sartzetik literatura sendagarria ateratzen da, apala eta iruzurrik gabea. Literatura ona eta on egiten diguna. Belaunaldi oso bat edo batzuk iluminatzen dituena. Literatura batek ez duelako asko balio mina zer den ez badaki, ez badaki zer den beldurra, zer den lotsa; zer diren gaiztakeria, bakardadea, eta koldarkeria. Baina asko balio dezake eta asko balio du mina zer den badaki, beldurra zer den, lotsa zer den; gaiztakeria, bakardadea eta koldarkeria zer diren.

Zerbait esan behar dugula. Hori da kontua. Eta esan beharko genukeena beti dela apur bat esan nahi ez duguna, hori ere bai. Ez dakigulako zer den. Edo nola esan. Ez dakigulako esan edo ez esan. Hori da zeremonia sobrenaturalarekin laguntzarekin esan dezakeguna. Eta esan dezakegunez, uste dut hori dela esan beharko genukeena. Gezur literariorik handiena ezertan gezurrik esan gabe eraiki daitekeelako. Ezertan sakondu gabe. Ezer esan gabe.

Idazle batentzat ez baitago hizkuntza baino tranpa arriskutsuagorik.

Literaturaz gaixotu ziren idazleak, eta literaturan gaixotu direnak

Idazle asko, agian, idazle gehienak akademiako idazleak dira, beste ezer baino gehiago. Liburuetatik datoz. Liburutegian etxe bat topatu zutelako dira idazle. Horregatik doaz beti liburuetara bilatzen dutenaren bila. Baina kontuz ibili behar dute, akademia suizidio luze bat izan daitekeelako, eta hizkuntza, labirinto suizida bat. Infernu labirintiko eta suizida bat. Hizkuntzak beti dirudielako soluzioa eta arazo bilakatzen denean, idazleak nahi izaten du hizkuntzarekin soluzionatu nahi izaten du, eta arazoa, arazoarekin konplikatzen du. Askotan literaturaren problemarik handiena hizkuntza delako. Hizkuntzak sendabide bat eskaintzen duelako, baina hizkuntza gaixotasun bat izan daitekeelako. Eta askotan izaten delako.

Horregatik behar du akademiako idazleak zeremonia sobrenaturala. Ez ibiltzeko idazten eta idazten. Idazteaz ez gaixotzeko. Ezer esan gabe. Ezer topatu gabe. Eromen literario bat idaztetik salbatu nahi badu, ez badu eromen literario bat idatzi nahi, idazleak laguntza behar du. Eta laguntza hori ezin dio hizkuntzak eman. Zeremonia sobrenaturala behar du, literaturarekin maitemindu zen haurra konbokatzeko eta haur horren laguntzarekin egin nahi duen literatura aurkitzeko.

Liburutegi guztietan dago gela ilun bat. Eta benetako konponbideak gela horretan daudenak dira. Kanpoan, hizkuntza dago, liburuak. Barruan, akademiako idazleak egin dezakeen literaturarik onena dago. Atea zabaldu behar duela, hori da kontua. Atea zabaldu behar duela eta ilunpetan barneratu. Hori da kontu bakarra. Kanpoan geratzen den bitartean, idatz dezake, bai, beti idatzi daiteke. Baina ezin da besterik egin. Idatzi baino ez.

Irabazi daiteke jokua, garaitu dezakegu sistema eta engainatu geure burua, bai. Lortu dezakegu baita Nobel saria ere, egunen batean, baina egun horretan inork begiratzen badigu, eserita topatuko gaitu, inoiz zabaldu ez dugun ate baten ondoan. Idazten egongo gara. Oraindik idazten baino ez.

Hitzak eta hitzak idazten, gauzak eta gauzak idazten.

 

Irati Jiménez