Artikulua :: Jon Eugi 2024/11/15

Zer egingo dugu ereserkiarekin?

 Aizue, ereserkiaren kontua zertan da? Musikari batzuek Jose Mari Iparragirreren Gernikako arbolaren aldeko manifestu bat izenpetu zuten duela lau urte. Ondoren, kultur munduko pertsona eta eragile batzuen babesa jaso du baina, esango nuke, herritarren artean ez duela arrakasta handirik izan. Berria egunkariak twitterren egin zuen inkestaren arabera,  Mikel Laboaren Txoriak txorik jaso zituen boto gehien euskal ereserkia izateko. 724 pertsonak parte hartu zuten inkestan eta botoen erdiak baino gehiago jaso zituen (%51). Gernikako arbolaren alde %15ak egin zuen. Gora eta gorak botoen %7 bereganatu zituen eta %27ak beste baten aldeko joera erakutsi zuen. Jakina, lagin txikia da partehartzaile horiena, baina jendearen Gernikako arbolarekiko jarrera epelak ez ninduen asko harritu. Izan ere, nork abesten du gaur egun abesbatza eta talde kantuzale batzuek salbu? Une honetan, Euskal Autonomi Erkidegoak eta Nafarroak, bakoitzak berea dauka: Gora eta gora eta Nafarroako Gorteetako ereserkia, hurrenez hurren. Beraz,  Euskal Herri osorako ereserkirik gabe jarraitzen dugu, alegia, euskaldun guztiok aintzat hartu eta ordezkatuko gaituen ereserkirik gabe. Ekimen horren ostean, horrela utzi behar al dugu kontua?      

1853. urtean Iparragirrek sortu zuen kantuak badu historia. Behinola sona eta oihartzuna izan bazuen ere, ez da erraza iraganeko ganbaratik zerbait gaur egunera ekartzea eta herritarrek bere egitea. Denbora asko pasatu da kantuaren garai oparotik eta XXI. mendeko euskaldunen artean ez da beste abesti batzuk bezain ezaguna. Gainera, melodia polita den arren, hitzetan egilearen pentsamolde erlijiosoa islatzen da. Hortaz, ez ditu gizarte moderno baten sentsibilitate ezberdinak ordezkatzen. Izan ere, fede kristauaren sinesmen gabeen kopurua gero eta gehiago hazten ari da. Adibide honek erakusten du proposamen bat egiterakoan errealitatetik abiatu behar dela; iragan historikoa ez dela nahikoa jendartean nagusitu dadin, eta 2024ko euskaldunak aintzat hartu behar direla. Badirudi Mikel Laboaren Txoriak txorik daukala abantaila. Aldeko eta aurkako iritziak daude ereserki bat izateko balio ote duen. Zergatik ez eztabaidatu? Edo beste kantu batzuk proposatu? Ni neu Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean kantuak hunkitzen nau gehiago eta haren aldekoa izango nintzateke. Baina hau euskal herritar orori dagokion kontu bat da, denen artean erabakitzekoa, beraz, zergatik ez bidea eman bere nahia azaldu dezan?  Azken finean, herriak abesten duenak edo abestuko duenak du azken hitza. Herritarrengan sustraitzen dena da gailenduko dena, alferrik da haiei bizkarra emanda bat aukeratzea.

Batzuek iritziko diote kontu honek ez duela garrantzirik, orain arte bezala jarraituta ongi goazela. Alegia, gure futbol taldearen estadioan, gure taldea irabazten badoa (soilik irabazten badoa, ezta?) Mikel Laboaren Txoriak txori abestu, eta kitto, horrekin nahikoa dela. Bada, nik kontrakoa uste dut. Euskal Herria, hiru administraziotan zatituta, eta kohesiorako balio duen hizkuntza, egoera gutxituan dagoena, indarra galtzen ari bada, funtsezkoak dira ereserki bat bezalako batasun elementuak, Iparraldeko zein Hegoaldeko euskaldunek abestuko dutena ekitaldi garrantzitsuen aurretik. Oso serio hartu behar genuke; behingoz gaiari heldu eta ofizialki bat izendatu arte jarraitu. Gainera, ereserki horrek ez luke zertan gaur egun daudenak ordezkatu behar, haiekin batera abesteko aukera egongo litzateke, nahi izanez gero.  Nik ez dakit nork hartu behar lukeen ardura.  Pentsatzekoa da, erakunde ofizial baten faltan, herri ekimenaren bidez eraman beharko litzatekeela aurrera. Bide batez, halako ekimen nazional batek herri kontzientzia lokartua berpizteko balioko luke.

 Horra hor erronka. Euskaldunok gure artean zerbaiten inguruan ados jartzeko ditugun zailtasunak kontutan hartuta, ez da erronka makala. Baina ereserkirik gabe bere nortasunari eustea zailago izango du gure herriak mende honetako aldapa bihurgunetsuetan. 

Jon Eugi