Artikulua :: Maite López Las Heras 2025/10/31

ZER DA POESIA?

Poesia zer den ez da oraingoxeko galdera, ezta ahuntzaren gauerdiko eztula ere. Aristotelesek berak, dagoeneko urrunegi gelditzen zaigun K. a. IV. mendean, lan oso bat idatzi zion poetikari (Περὶ Ποιητικῆς). Pentsalariak han aipatzen duenez, poesia mimesian, hots, imitazioan oinarritzen den artelana da. Poesiak, filosofoaren ustez, hizkuntzaren, erritmoaren eta harmoniaren bitartez natura ez ezik, bizitza eta giza-eskarmentua ere imitatzen ditu.

Aristotelesek oso aintzakotzat hartzen zuen poesia, gaur egun euren burua poetatzat hartzen duten gutxi batzuek eta ez beste inork hartzen ez duten bezala. Haren arabera, poesia historia baino hobea da, bigarren horrek gertatu denari buruz diharduelako, jazoera jakin batzuei buruz alegia, eta aurrenekoa, aldiz, gerta daitekeenari buruz, gai unibertsalei buruz, hain zuzen. Poesiak, esaterako, gizakion izaera imita dezake, benetan nolakoak diren azaltzen duelarik; baita gizabanakoek egiten dituzten ekintzak edo haiek sentitzen dituzten emozioak ere.

Halere, poesian bertan desberdintasunak daude, ez baita inondik ere genero uniforme eta homogeneoa. Platonen ikaslea izandakoak hiru irizpidetan banatzen zituen poesiaren artearen desberdintasunak: baliabideetan, objektuetan eta maneretan. Hortaz, imitatzailea den heinean, Sofoklesek Homeroren tankera izan dezake, biek ala biek goi-mailako gizakiak irudikatzen dituztelako, eta baita Aristofanesena ere, guztiek baitihardute ekintzaren bat egiten duten pertsonaiei buruz. Horregatik, greziar drama, hau da, tragedia eta komedia, poesiatzat hartzen dira.

Aristoteles maisuak, beraz, bere oharretan utzitakotik ondoriozta dezakegu Poetikak bere garaian ez zuela arrakastarik izan, askoz ezagunagoa zen Erretorika lanarekin bat egin zuelako. Gaur egun, euskal literaturan, Durangoko azokako nobedadeekin gertatu ohi den antzera. Hala ere, garai hartako pentsalariek arte biak oso lotuta zeudela uste zuten, hau da, bata bestearen bertsioa zela. Idazlan esanguratsu gehienekin gertatu ohi den bezala, ordea, ustezko adituak beranduago jabetu ziren Poetikaren garrantziaz.

Beraz, literaturan, katarsia oso aspalditik datorren afera da. Liburu bat argitaratzea bera katartikoa izan daiteke, askapena, alegia. Baina argitaratzeko oztopoez jabetzea eta gehienetan inork argitaratuko ez dizula onartzea ere oso bizi eskarmentu sakona izan daiteke, tragediaren modura, prozesu horrek pena eta beldurra sorrarazteko ahalmena duelako, eta ondoren, idazleak (are gehiago poetei dagokienez) nolabaiteko garbiketa edo katarsia biziko duelako.

Handik mende askotara, berriz, Gustavo Adolfo Bécquer ospetsu bilakatuko zuen olerkia idatziko zuen espainiar modernismoaren aitzindariak. «Poesia hi haiz» idatzi zuen, eta lasai gelditu zen, oso modu ederrean, hori bai. Izan ere, ez dago norbaitek poesia zarela baieztatzea baino laudorio ederragorik. Horrez gainera, poeta sevillarrak ere esan zuen poesia zure izpirituak ezinezko perfektutasunaren irrikaz astintzen duen hasperen malenkoniatsu eta lausoa baizik ez dela. Ukaezina da definizioa bera zoragarria bezain poetikoa dela.

Gabriel Arestik, berriz, iragan mendean, poesia mailu bat dela esan zigun, kontzientziak astintzeko tresna bat, Harrizko Herri Hau liburu ospetsuan. Eta haren izenkidea eta garaikidea den beste poeta batek, Gabriel Celayak, berriz, etorkizunez kargaturiko arma bat. Bilbotarrak eta hernaniarrak, hurrenez hurren, poesia artefaktu eraginkortzat zuten, helburu zabal eta itxaropentsuekin. Kontzientzia zer den galdetu beharko genuke, ordea, poesiaren xedea soziala ala banakakoari dagokiona den jakiteko. Edo, akaso, biak izan ote daitezkeen ere. Erantzuna agian Marko Aureliok eman diezaguke, kontzientziari buruz izugarri hausnartu zuen filosofo estoikoak, hain zuzen.

Nik ez daukat poesiaren definizio zehatzik, batez ere mugak jartzea kaltegarria izan dakiokeela uste dudalako. Badakit, aitzitik, poesia zer ez den, edo zer ez genukeen poesiatzat hartu behar edo zer ez den poema bat. Baina horretarako bidea poemaren irakurketa baino ez da. Bestalde, poesia definitzeko modu bakarra poesia bera dela onartu beharko genuke, eta hortik abiatu. Definizio akademikoak ahalegin antzu bezain eskasak direlako.

Oso garbi daukat, haatik, poesia ez dela inprobisazioa. Edo, beste era batera esanda, inprobisazioa ez dela poesia. Alegia, poesiak hausnarketa behar du. Poesia gogoeta bat edertzeko artelana da. Eta horregatik landu egin behar da. Burutazioak ez dira poemak. Eta poesiak, artelana denez gero, begirunea eta ezagutza behar ditu, une jakin bateko burutazio hutsez haratago. Eta uste akademizistek edo ezjakintasunak bultzatutako susmoetatik urrun egon beharko luke, axola gabe amaiera biribila duen ala ez, bildumako olerkiek gai amakomuna duten ala ez, egungo pentsamolde politikoki zuzenarekin bat datorren ala ez edo silaba kopuru egokia eta errima dituen ala ez.

Balio dezala, bada, zutabe honek gogoetaren eta bat-batekotasunaren arteko aldeaz eta poesiaren zeraz hausnartzeko. Eta, bide batez, galde dezagun euskal irakurleok ez al dugun merezi Aristotelesen Poetika euskaraz.

Maite López Las Heras