Artikulua :: Maitane Pérez Gómez 2026/10/01

ZENBAT DAGO GUGANDIK IDAZTEN DUGUN HORRETAN?

Atzo, Bilbon dinamizatzen ari naizen emakumeei eta literaturari buruzko ikastaro batean, idazketaz eta sorkuntza-prozesuaz hitz egiten ari ginela, galdera bat sortu zen: zenbat dago gugandik idazten dugun horretan?

Galderak eztabaida aberasgarria ekarri zuen. Idazten dugunean kontzienteki jartzen dugunaz hitz egin genuen, baina baita oharkabean sartzen den horretaz ere. Batzuetan istorio bat zerbait zehatzi buruz idazten ari garela pentsatzen dugu, eta, denbora pasa ahala edo idatzitakoa beste begi batzuekin irakurtzean, beste zerbait ere kontatzen ari ginela deskubritzen dugu.

Ikastaroa amaitu zen, baina galderak etxeraino lagundu zidan.

Aurreko zutabeetako batean esan nuen idazten dugunok ia inoiz ez garela hutsetik hasten; bizi izan dugunetik, gogoratzen dugunetik, galdu dugunetik idazten dugula. Baina agian haratago doa kontua. Batzuetan, geure buruaz ere idazten dugu hori egiten ari garela jakin gabe.

Ez dut esan nahi idazten dugun guztia gure biografiaren parte denik, ezta sortzen dugun pertsonaia bakoitza gure isla denik ere. Askotan galdetu didate nire pertsonaia jakin bat ni naizen, eta erantzuna argia da: ez.

Baina, zerbait badu niretik.

Nola ez du izango? Pertsonaia hori nik sortu dut. Bere erabakiak, beldurrak, akatsak eta kontraesanak nire barnetik atera dira. Nik inoiz hartuko ez nituzkeen erabakiak hartuko ditu. Nirekin zerikusirik ez duen bizitza izango du. Baina mundua ikusteko nire modutik zerbait geratuko da nonbait: kontzienteki jarri dudana, batzuetan; eta beste batzuetan, konturatu gabe sartu dena.

Horixe izan zen atzoko elkarrizketaren ostean gehien pentsarazi zidana.

Istorio bat idazten hasten garenean, batzuetan badakigu zer kontatu nahi dugun. Beste batzuetan ideia bat besterik ez dugu: leku bat, pertsonaia bat, irudi bat, galdera bat edo eszena konkretu bat.

Eta idazten hasten gara.

Baina istorioak aurrera egin ahala, hasieran ikusten ez genituen geruzak agertzen dira. Pertsonaiek guk aurreikusi ez genituen galderak egiten dituzte. Gatazka batek uste baino toki sakonago batera eramaten gaitu. Eta, batzuetan, azken puntua jarri ondoren bakarrik ulertzen dugu zer ari ginen benetan kontatzen.

Nik, adibidez, fantasia eta euskal mitologia uztartzen dituen istorio bat idatzi dut. Baso bati buruz. Kondaira bati buruz. Baina idazten amaitu nuenean konturatu nintzen baso horren azpian doluaz ere aritu nintzela. Hazteaz. Galeraz. Erabakiak hartzeaz eta horiek duten prezioaz.

Ideia horiek guztiak ez zeuden, beharbada, lehenengo eskeman. Baina nire barruan bazeuden.

Eta horrek ez du esan nahi istorio bakoitzaren atzean esanahi ezkutu bat bilatu behar dugunik. Batzuetan istorio bat istorio bat besterik ez da. Baina uste dut fikzioak baduela zirrikitu bat gure barruan gordeta dagoena kanpora ateratzeko. Batzuetan badakigu zer ari garen jartzen bertan. Beste batzuetan, geroago ezagutzen dugu.

Horregatik iruditzen zait oso zaila dela istorio bat benetan noiz hasten den jakitea. Lehenengo hitza idazten dugunean hasten al da? Ideia bururatzen zaigunean? Edo askoz lehenago, oraindik istorio bat izango dela ere ez dakigun zerbait gure barruan geratzen denean?

Idaztea ez da soilik istorioak asmatzea. Barruan daramagun horri forma emateko modu bat ere bada. Eta horregatik, azken puntua jarri ondoren, batzuetan idatzi dugunari begiratu eta geure buruaren zati bat aurkitzen dugu bertan.

Nahita jarri ez dugun arren.

Maitane Pérez Gómez