Artikulua :: Irati Jiménez 2026/07/14

Zenbat ahalegin antzu, gure arbasoentzat; zenbat denbora galdu, guretzat

Idazle maiteen artean gehien maite ditugunekin gertatzen den bezala, askotan etortzen zait gogora Luis Cernuda. Eta Cernudarekin akordatzen naizenean, askotan akordatzen naiz hitz hauekin, behin bere aberria izan zen espainolenari buruz esan zituenekin:

“Gure artean, izatekotan, literaturak presentea baino ez dauka. Hildako poetarentzat, baita handienarentzat ere, ez dago bizirik irauterik. Ospetsuenei buruz soilik hitz egingo bagenu ere, ze inporta die espainolei Garcilasok edo Bécquerrek? Baudelaire eta Keats airean bizi dira oraindik, bizi izan ziren lurraren gaineko zeru lasaietan. Baina Espainiako aire zalapartatsu eta beldurgarrian, gure poeten argi-itzalak ezin du distirarik egin, eta laster hondoratzen da ahanzturaren infernuetan”.

Eta hitz horiekin batera, beste hauekin ere akordatzen naiz, akaso horiek baino etsigarri eta tristeagoak:

“Espainiar bakoitzak izaki primitibo baten gisara egiten dio aurrera munduari, berak baino lehen inork mundua begiratu, sentitu, ulertu izan ez balu bezala. Hain balio handia duen jarraitutasunaren lotura falta da, tradizioarena. Zenbat ahalegin antzu, gure arbasoentzat; zenbat denbora galdu, guretzat”.

Cernudak benetan pentsatzen zituelako dira hitz horiek hain tristeak. Eta euskaldunontzat berdin balio dezaketelako egiten zaizkit hain etsigarriak. Hegoaldeko euskaldunoi, behintzat. Tradizioaren katebegia ez hausteari dagokionez, askoz sanoagoa eta sano hobea izan delako iparraldeko literaturaren tradizioa.

Arbaso guztiak problematizatzearen problema

Badakit arazo asko ditugula euskal literaturan. Eta literaturaz haratago zer esanik ez. Baina gutxik kezkatzen naute honek bezain beste. Iraganeko gure arrasto guztiak belaunaldiz belaunaldi ezabatzen joateko joera ilun batek gidatzen gaituela uste dut, eta belaunaldiz-belaunaldi iraganeko arbaso guztiak problematizatzen jarraitzen dugula, geure buruari gorrotoa dirudien egoskorkeria triste batekin. Idazleen deklarazioetan ikusten dut, unibertsitatean literaturari buruz idazten diren lan akademikoetan, literaturaz idazten diren era guztietako liburuetan. Inork irakurri nahi badu hildako idazle batek literaturaren arloan gauzaren bat ondo egin zuela, kostako zaio irakurgai hori topatzea. Gaizki egin zuen guztiaz, ordea, bizitza osoan irakurtzeko beste material dauka. Eta fikzioa gustatzen bazaio, pozik irakurriko du, kritika negatiboak ugariak diren beste direlako gaizki pentsatuak. Ikuspuntu zientifiko batetik, justifikagaitzak direla esango dut, esango nituzkeelako gauza larriagoak ere baina gaur ez nator horretara.

Gaur, gai honek nire ustez garrantzia duela esatera nator, eta pentsatzen duguna baino kalte handiagoa egiten digula. Eta inori mesederik ez, ez bada geure buruari harrikadaka nola gabiltzan ikusiz disfrutatzen duen norbaiti. Baina besteoi kalte baino ez digu egiten. Izan ere, errepublikarik gabeko herri zatitu honek nola imajinatuko du bere etorkizuna, eta nola irabaziko du etorkizun hori, iragana behin eta berriro entregatzen badu, eta behin eta berriro galtzen?

“Dembora presentea eta dembora pasatua” dio T.S. Eliotek Gabriel Arestiren euskarazko itzulpenean, “acaso daude presente biac dembora futuroan, / Eta denbora futuroa contenituric denbora pasatuan”. Hori horrela bada –eta nik esango nuke badela–, denbora pasatuaren futuroarena eta pasatuarena problema berbera dira eta bigarrenari aurre egiteko lehenari ere garrantzi bat eman beharko diogu. Beharbada galdetu beharko diogu geure buruari, gizarte bezala orohar eta literatura bezala zehazki, nola tratatzen dugun iragana. Justoak garen geure kritiketan edo krudelak. Jakinminez begiratzen ote diogun, edo minez, besterik gabe.

Zer ikusten dugu euskaldunok iraganera begiratzerakoan? Nor dago hor, arbasoen gelan? Hemen gaudenok zaintzen ditugu hangoak? Eta zaintzen ez baditugu, nola zainduko gaituzte arbasoek gu? Egon da noizbait gure miresmena, errespetua, maitasuna merezi zuen inor gure artean? Egin dugu euskaldunok inoiz ezer inoiz ondo? Egon dira hemen, euskaldunen artean, gizon on eta handiak, emakume handi eta onak? Cernudak espainolei buruz esan zuena ez ote da guretzat ere egia? Arbasoekin zer egin dugu, lur eman, hildakoei dagokien moduan, edo lurperatu, bizirik zeudenean egin zuten guztiak baliorik ez balu bezala? Bizi da baten bat airean, gure artean, zeru zabal hauetan?

Arbaso literarioei begiratzen diegunean, problemak baino ez ditugu ikusten. Edo beste modu batera esanda, arbaso guztiak problematizatu egiten ditugu. Eta ez dakit zuei baina niri arraroagoa iruditzen zait denak izatea problematikoak beste aukera baino: geu izatea benetako problema. Geu gara katebegia apurtzen dugunak, arbaso guztiak problematizatu ditugunak, problematikoak zirela esan digutenean, problema bat zirela pentsatu dugunak, eta problemak ebitatzearren, denak entregatu ditugunak, dagoeneko errespetatzen ez gintuen inoren errespeturik irabazi gabe eta, bidean, botere handi bat galduz.

Zeruan sinetsi edo infernuan, berdin zaigu, dena dela problematikoa sinetsi dugu

Norbaitek pentsa dezake -eskubide guztiarekin eta nahiko argudio zentzuzkoekin- problema ez dela horrenbesterako. Ez dugula iragan literario interesgarririk izan eta hori esatea ez dela problematizatu behar. Arazoa, egotekotan, geure buruarekin aski kritikoak ez izatean egon daitekeela. Badago hori pentsatzen duen jende asko, egia esan.

Ez nago ados.

Eta askotan aipatu dudan adibidea den arren eta dagoeneko niretzat ia mania obsesibo bat, esaten dudan guztia frogatzeko ezin hobea iruditzen zait “abadeen literatura” etiketari eman diogun dimentsioa. XX. mende erdialderainoko iragan guztia ia bertan sartzeraino eta sartu esaten dudanean, gutxietsi esan nahi dut. Gure literatura idatzian abadeek izan duten garrantzia ez dut ukatuko. Absurdoa litzateke. Baina idazleak abadeak izateari eman diogun esanahia desproportzionatua dela ukaezina iruditzen zait. Are gehiago: ni neu konbentzituta nago gure iraganean idazle gehienak metalgintzako langileak izan balira, gaur “abadeen literatura” esaten dugun modu berean eta helburu berberarekin esango genukeela “errementarien literatura”. Ez duela baliorik adierazteko, ez dugula zertan irakurri eta irakurtzen ez badugu, ondo egiten dugula. Baita irakurtzen dutenak baino hobeto.

Horren frogarik ez dudala esan dezakezue. Baina baten bat badudala esango nuke.

Izan ere, ez dugu gurearekin egiten duguna beste literatura batzuekin egiteko beharrik sentitzen.

Onartzen dugu Teresa Avilakoaren poesiak balio literarioa izan dezakeela. Ez dugu sentitzen “mojen literatura” delako purrustada bat botatzeko gogoa. Edo sentitzen badugu, esango nuke eutsi egiten diogula, ez dakigulako purrustada hori intelektualki zentzuzkoa litzatekeen edo absurdoa. Eta gauza berbera gertatzen da beste idazle askorekin. Fray Luis de Leon, San Juan de la Cruz, Luis Gongora, Calderon de la Barca. Espainiak ez ditu arbuiatzen “abadeen literatura” egin zutelako. Ez dut esango duten balioa ematen dienik, ez da egia eta. Baina akademia espainolak ez ditu abadeak zirelako baztertu, euskaldunoi maiz aplikatu digun etiketa iraingarri berberarekin. Eta Espainiatik kanpo zer esango dizuet. Ez dut inoiz inor entzun Jonathan Swiften kontra ezer esaten apaiza zelako.

Aipatu ditudan egile guztiek ez dutela literatura erlijiosoa egiten esango didazue, eta egia da. Teresa Avilakoarena eztabaidatu daiteke erlijiosoa den edo ez eta erlijioari eta espiritualitateari buruzko eztabaida interesgarri baterako emango luke. Baina eztabadaezina da Jonathan Swiftena ez dela literatura erlijiosoa, Axularrena den bezala. Hala ere, abade baten literatura ez erlijiosoa bada, orduan, Txomin Agirreren kategoria berberean egongo litzateke. Kresala abade kristau baten liburua delako, eta pentsamolde kristau bat zeukan idazle batena, baina ez da erllijioari buruzko liburu bat. Egia da bere pertsonaiak sakonki kristauak direla, kasu gehienetan, baina horrek ez dio meritu literariorik kentzen, izatekotan, gehitu egiten dio, Agirrek sortzen duen unibertso literarioan, pertsonaiak sinesgarriak izateko, kristauak izan behar direlako.

Euskal literatura “abadeena” dela esateak ez du esanahi berezirik, esan nahi duena oso inportanteena den arren: luzaroegian izan duela Elizak kulturaren eta alfabetizazioaren pribilejioa gure gizartean. Kristautasunean oinarri izan duten gizarteak, garaiz-garai, kulturaren zabalkundearenak baino gehiago izan direla kulturaren pribilejioarenak. Literatura batek abade asko izateak ez du esan nahi jendeari, orohar, ez zaiola literatura egitea interesatu, baizik eta ez duela idazten jakin eta jakin duenean, ez duela halako gauzetarako denborarik izan. Horregatik, On Kixoteren hitzaurrean Cervantesek ez die irakurle maiteei idazten, edo estimatuei, baizik eta zer eginik ez dutenei. “Desocupado lector” dio, irakurlea okupatuta balego, ez litzatekeelako irakurtzen egongo.

Esan nahi dut badela sasoia uler dezagun literatura bat abadeena bada, arrazoi historikoengatik dela, baina literaturaren balioaz ari garenean, ezin dugula dena mespretxatu “abadeena” delako. Geure buruari galdetu behar dioguna da testu literario batek ze balio literario duen. Balio literariorik badu, jakina.

Izan ere, testu batek abade batena izateagatik baliorik ez duela pentsatzea gehiegi pentsatzea da, eta era berean, gutxiegi pentsatzea. Pentsa dezagun hori hobeto, ez baita soilik gezurra, absurdoa ere bada. Esan beharrik ez dago baina abade batek idatzi dezake ondo… edo txarto. Adibidez, euskarari dagokionez, ez dut uste inork gure hizkuntza honetan Axularrek baino hobeto idatzi duenik. Eta gaiei dagokionez, egia da Axularrenak moralak edo espiritualak zirela –psikologikoak eta metafisikoak izateaz aparte–, baina Gotzon Garate abadea zen eta inork ezingo luke hori asmatu Alaba edo Izurri Berria irakurtzerakoan –bere obrarik bikainenak, eta nire ustez aski azpibaloratuak–. Txomin Agirreren Kresala irakurtzerakoan, ostera, irakurlerik despistatuenak ere asumituko luke idazlea kristaua dela, baina horrek ez dio meritu literariorik kentzen, lehenago ere esan dudan moduan, Arranondoko unibertsoan pertsonaiak kristauak izatea literarioki zentzuzkoa delako. Txomin Agirrek kristau baten gisara begiratzen dio munduari, hori egia da, baina literaturari horrek ze balio kentzen dion ez dakit nik. Izan ere, Chestertonen ustez, ebidentea da Shakespearen lanak irakurrita, katolikoa zela. Eta?

Asko maite dudan beste idazle batekin bukazearren, Bitoriano Gandiagaren poema batzuetan pentsa daiteke abadea zela eta asumitu, kristaua zela. Baina gehienetan ez. Eta batzuetan zein besteetan, irakurleak poeta handi bat topatuko du, eta literaturari dagokionez, inporta diguna hori da.

Eta inporta behar diguna ere bai.

Inoiz ez dut entzun Michelangeloren obraren kontra gaiak kristauegiak direla esaten, nahiz eta denetan ezagunena Vaticanoko sabaian dagoen eta Aita Santuaren aginduz egin zuen. Egia da guk ez dugula Michelangeloren neurriko artistarik izan, baina izan ditugu batzuk, geure neurrikoak, eta apur bat geure antzekoak ere bai. Eta horiei ze tratu ematen diegun, hori da kezkatzen nauena.

Betiko egurrak, betiko agurren ostean

Kezkagarria ez dela pentsatzen baduzue eta abadeen kontuak ez irakurrita ondo egiten dugula, pentsa ze tratu ematen diegun beste idazle askori. Txillardegiren literatura interesatzen zaigu, edo politikoegia da? Aski feminista ote da gure feminismo estreinatu berriarentzat Gabriel Aresti? Ez dira abadeak soilik. Hemen arbaso guztiei ematen zaie egurra.

Konparatu bestela Txomin Agirre bere antz gutxien izan dezakeen idazlearekin. Bere ostean agertu zen merituzko lehen eleberrigilearekin, zehatzago esateko. Eta ikusiko duzue problema Elizatik haratago doala. Izan ere, Agirre moralistegia da guretzat, hain modernoak garenontzat. Baina Jon Miranderen morala ez zaigu aski ona iruditzen, guri, hain modernoak ere ez garen euskaldunoi. Tristea da gurea. Modernoegiak gara zeruko dibinitatean sinisten zuen idazle batentzat eta bere literaturarentzat, eta modernoagia da guretzat infernuko botereak ere dibinoak direla sinisten zuen beste batentzat. Kristauegia bata, naziegia bestea. Iruditzen gehigitan proposatzen dugula bientzat soluzio final berbera.

Biak sutara.

Terriblea da sorginak zirelakoan zenbat emakume hil ziren hemen, munduari akelarre hitza eman dion herri honetan, baina gure modukoak ez ziren idazleenak izateagatik zenbat botako ditugun sutara, hori da orain kontua. Ez dakit zer irabazten dugun horrekin, baina asko galtzen dugu eta ez dakit zergatik egiten dugun, baina uste dut arrazoi bat ezagutzen dudala, beharbada, beste askoren artekoa. Feminismo antikolonialistak seinalatu diguna, behin baino gehiagotan idatzi duenean, zapalkuntza bizi duenak beti daukala joera zapaltzaileak berari buruz dioen guztia sinisteko. Eta beharbada hori da gertatzen zaiguna. Gutxiegitan kontenplatzen dugula geure buruari buruz dugun begirada ez dela, akaso, guztiz geurea. Eta gehiegitan ahazten dugula seinalatzen dizkiguten gaiztakeriak egia izan daitezkeela baina egiak badira ere, kontuz ibili behar dugula, begirada bera denean gaiztoa.

Ona bada, ukatu; txarra bada, onartu

Heldutasunak kritikak entzuteko gaitasuna eskatzen duela dela ez dago zalantzan jartzerik. Baina kritika bera nondik datorren jakitea inportantea da. Eta zertara datorren. Eta zer egin kritika horrekin. Asumitu edo ez, erantzun non eta nola, onartu ala salatu. Esango nuke hori dela benetako heldutasun froga. Eta ez dut uste froga hori gainditzen dugunik. Ze, ez dakit konturatu zareten, baina euskaldunok joera dugu gutaz esaten diren gauza onak asmatuak edo exajeratuak direla sinesteko, eta txarrak, berriz, egiazkoak. Joera hori daukagula konprobatzeko, begiratu zuen inguruan lehenik eta zuen baitan gero. Edo alderantziz. Ekibokatuta banago, esango didazue.

Baina arrazoia badut, esan beharrik ez dago kritikak eta loreak kudeatzeko metodo hori ez dela metodo zientifiko bat. Ez da ezta metodo bat ere. Zauri batetik datorren sistema zauritu bat, besterik ez da. Arazo bat esango nuke, eta jendarte bati eragiten dion neurrian, arazo nazional bat.

Ez dio literaturari soilik eragiten. Baina literaturari bete-betean eragiten dio.

Inoiz ez ditugu falta motiboak, idazle bat soberan dagoela erabakitzeko.

Eta kontua da, hemen ez dagoela inor soberan. Ez Agirre ez Mirande. Agirrek nobela tradizionalak egin zituen, baina aski ederrak. Dagoeneko ia desagertuta dagoen mundu baten berri dakartenak, nire amona Antoni eta biramona Desiren mundua, bide batez esanda. Mirandek modernitate berri bat inauguratu zuen, misterioz eta liluraz beteriko poesia bat eman zigun, euriak bezala dena berritu zuena, eta nobela triunfal bat, edertasun urragarriz bihotza zatitzen eta sendatzen duena.

Literaturak denak behar gaitu.

Eta herriak ere bai.

Arbasoak erditik kentzeko joera daukagu baina erditik kendu behar duguna gure bulkada hori da, gure bulkada itsusi hori, iragan guztia iluna izan zela esaten diguna. Ezin da egia izan. Eta zorionez ez da. Arbasoen gela ez dugu zertan hustu behar. Han daudenek bidearen parte bat egin zuten eta lan batzuk erraztu zizkiguten, ez dezagun dena behin eta berriro hasieratik hasi behar. Arbaso horiek zaindu behar ditugula uste dut, herriaren parte izan ziren neurrian, herria izaten jarraitzen dutelako. Euskaraz, hilerrian daudela esaten dugu, eta horrekin bi gauza esaten ditugu. Hilda daudela, bai, baina herria direla, hori ere bai Kontua ez da soberan nor dagoen eztabaidatzea. Kontua da denontzako lekua egitea. Hemen denok kabitu behar garelako. Eta zorionez, hemen denok kabitzen gara.

Beharbada hori da Oteizak esan nahi izan ziguna. 12 beharrean, Arantzazun 14 apostolu jarri zituenean. Beharbada, ia dena egiteko zeukan herri batentzat 12 gutxi iruditu zitzaizkion eta beste bi arraunlari eman zizkigun, ontziari aurrera egiten laguntzeko.

Ez dakit gure kainismo literarioaren motibo guztiak ulertzen ditudan.

Batzuk bai. Batzuk innobleak eta ulerterrazak dira. Beste batzuk benetan uste dut geure zapalkuntzaren eta geure mila zaurien ondorio direla. Baten batzuk ez dakit guztiz konprenitzen ditudan. Ohitura kontua ere badela uste dut. Ohituagoak gaude kritikatzera mirestera baino eta miresteak beldurra ematen badigu ohitura faltagatik ere bada. Eta egunen baten, beharbada, miresten dugun hori beste modu batera ikusteak eragingo ligukeen mina kontenplatzeak.

Zorionez, ohiturak aldatu egin daitezke.

Eman eta zabal dezagun

Hildakoak erasotzea merkea da. Ezin digute erantzun. Eta hori abantaila handi bat izan daiteke norbaiti egurra emateko. Baina ez dut uste bizi nahi dugunik abantaila hori ontzat ematen duen edo sustatzen duen gizarte batean. Literaturaren alorrean, iraganean idatzi zen guztiari balio guztia kentzen jarri beharrean, uste dut jarri beharko genukeela merituren bat ote duen ikusten. Iraganeko idazleek egin zutena ezagutzen, ikertzen, zabaltzen. Eman eta zabal zazu lelo ederrean ez da esaten egurra denik eman behar dena. Nik neuk beti ulertu dut jasotakoa zela eman behar genuena, eta gutariko bakoitzak zabaldu beharko genukeena.

Horretarako utzi egin beharko diogu pentsatzeari gizontasunaren neurria, heldutasunaren neurria, pentsamendu kritikoarena, edo libertatearena geure literatura pasatuari buruz gauza itsusiak esatea dela eta iraganeko idazleekin modu itsusian portatzea.

Hori da errazena.

Zailena bestea da. Zailena zorrotzak garen bezain eskuzabalak izatea da. Epaitu beharrean, ulertzea. Iritzia eman beharrean, ikertzea. Kritikatzearekin batera, mirestea. Hori askoz zailagoa da. Elkar zaintzea, elkarri tratu ona ematea eta elkarren artean tratu ona exijitzea askoz zailagoa da defenditu ezin denari egurra ematea baino.

Geure antzekoak direnak eta gurekin bizi direnak edo bizi izan zirenak apur bat gehiago maitatzea, eta apur bat hobeto ere bai. Hori zaila da. Gero burua maitatzea ondo. Eta, ahal badugu, asko.

Hori zaila da. Baina ez da ezinezkoa.

Bihotza badaukagu.

Motiboak falta ditugula pentsatzeko joera dugu. Baina nire ustez ohitura falta dugu.

Ohitu gaitezen.

Konbentzituta nago gure bihotzak topatuko dituela modu asko denbora pasatuan bizirik mantendu gintuen maitasun iraultzailea suspertzeko eta, goiz edo berandu, topatuko dituela motibo ugari ere, denbora futuroa eraikitzen lagunduko digun maitasun hori benetan merezi dugula sinesteko.

Irati Jiménez