Artikulua :: ARITZA BERGARA 2023/05/29

ZELEDONA ETA MARIO JAIO?

Ohituren aldaketak, tradizioaren eboluzioa… hori izan da orain arte idatzi ditudan artikuluetako gaia, eta berriro ekingo diot, baina, kasu honetan, garaiaren atzetik ibili beharrean, pausu bat aurrera emango dugu eta udako jaiei begira jarriko gara, garaia heldu baino lehen. Ez da plan txarra, ezta? Eta zergatik euskal herriko jaiei buruz idatzi? Pasa den egunean, irratian albiste bat entzun nuelako. Kazetariak azaldu zuen Gasteizko blusen eta nesken batzordeak protokolo berri bat zuela, Zeledonen hautaketa ikuspegi ez-diskriminatzailetik bermatzeko. Besteak beste, pertsonaiaren rola betetzen zuen pertsona ezin izango zela bere generoaren arabera bereizi adierazi zuen, eta horrek aukera ematen ziola neska bati paper hori egiteko. Berria entzun eta burmuin gehienak mugitu zitzaizkidan buruan. Zeledon eta Zeledona izango ditugu aurrerantzean? Eta Mari Jaiaren kasuan? Gauza bera gerta liteke? 

Ziur nago egongo dela argudiatuko duenik Zeledon neska batek antzezten duen pertsonaia bat izan badaiteke, Mari Jaiaren kasuan gauza bera gertatu beharko litzatekeela eta aukera eman beharko litzaiokeela gizon bati rol hori betetzeko, bestela diskriminazioa izango bailitzateke. Eta azaletik begiratuta, ez litzaioke arrazoirik faltako, nahiz eta esan behar den ez direla irudi guztiz antzekoak; desberdintasunak daude bi jai-ikurren artean. Esate baterako, kontuan hartu behar dugu Zeledonek, dorretik plazara jaitsi ondoren, pertsona fisikoaren itxura hartzen duela, eta hori ez da gertatzen Mari Jaiarekin. Hau elementu diferentziala da, noski. Baina ziur nago, eztabaidatzen hasita, alde batera geratuko litzatekeela.

Aipatu dudan irratian entzundako berrian, artikulu honen abiapuntua dena, kazetariak, kalean galdezka, jendearen aldeko eta kontrako iritziak ematen zituen, batez ere adineko emakumeenak. Eta gehienak, berriro ere, tradizioan oinarritzen ziren aldaketa hauen kontra agertzeko. Tradizioa, berriro aipatuko dut, giza eraikuntza bat besterik ez da. Eta kasu honetan argi dago, jai-ikonoaren sorkuntzaren datuak baititugu. Zeledon kanpandorretik jaisteak 65. urteurrena betetzen du aurten, eta horrek esan nahi du lehen, 1958. urtetik atzerago bagoaz, jaitsiera ez zela egiten. Eta norbaitek, une hartan, jaiaren hasiera berritzea erabaki zuen. Izan ere, argi utzi nahi dut ohitura guztiek aldaketak izaten dituztela eta eboluzionatu egiten dutela. Zorionez, gehituko dut.

Imajinatzen al duzue XXI. mendean sedatuta baina bizirik dauden antzaren lepoa erauzten duen jai-tradiziorik? Horrela egiten zen 1986ra arte. Urte hartan sartu ziren gomazko antzarak.      Eta soilik 2022tik, hau da, iaztik, ezarri da antzara artifizialen erabileraren derrigortasuna Lekeitioko Antzar egunean. Esan bezala, tradizioak aldatu egiten dira. Eta eskerrak, ezta?

Hiriburuetara itzuliz, agian, jai-ikonoaren antezepenean, urtero genero bat eta bestea txandakatzen bukatuko dugu, hori izango bailitzateke bien arteko oreka-modu bidezkoena. Baina, kasu horretan, non geratuko lirateke genero ez-bitarrak? Gustura sentituko zinatekete? Edo Zeledonek eta Mari Jaiak genero zehatzik ez duten hirugarren urte bat eskatuko zenukete, beraiek ere presente egoteko? Eta, perfekzionistenek talde bakoitzaren pisu espezifikoarekiko proportzionala den ordezkaritzaz hitz egingo eta eskatuko lukete. Eta argudia lezakete: emakumeak biztanleriaren % 48 dira, gizonak biztanleriaren % 47, eta beste % 5ek ez du genero espezifikorik,  "ez-bitarrak" biztanleriaren % 5 baino ez dira. Eta proportzioa mantentzeko, jai-ikonoak 20 alditatik bat bakarrik agertu beharko lukeela generorik gabeko figura horrekin, ez gainaurkezteko. 

Ez daitezela gaizki ulertu nire hitzak; jakina, pertsona guztien berdintasunaren alde nago eta ohituren eta jaien bilakaera ulertzen dut. Baina, batzuetan, askoz ere sinpleagoak izan beharko liratekeen gaiak muturreraino eramaten ditugula uste dut. Hain korapilatsu eta konplexuak gara gizakiok…

 

ARITZA BERGARA