Artikulua :: Itxaro Borda 2024/04/17

XINGAR PUSKA BATEN TRUKE

Duela bi aste edo, hiltzeko besta egiteko enbeia zuten hankabikoz mukuru bete zen Baiona. Arrosa arin aireko lepokoak, kapeluak, bularretakoak, kamisetak, galtzak, kuleroak, galtzoinak eta galtzerdiak zeramatzaten soinean. Normalean, jende klase horrek, kolore hau, gutxiesten dituzten “emaxte eta gixon” ondasun gisa kontsideratzen du. Paradoxaz hantu mundu batean bizi ginela pentsatzen nuen, Baionako geltokian, Bilbotik etorri adiskide pare baten aiduru nengoela, trenak bata bestearen ondotik husten segitzen nituen bitartean. Hauxe urdanga-nobela bati hasiera emateko era egokia, ezta?

Baina euskaraz ez dago urdanga-literaturarik. Emakumeok idazten dugunak ere urdanga edo bargotik deus ez dauka, nahiz eta desioa gugan irazekitzen denean, mutur borobila airean, murrungaz urtzen garen, ipurdi aldean buztana kiribilkatzen dabilkigula. Hargatik, Xingar feria bezperetan, -eta biharamunetan-, kurrinka eta musurika leitzen ditugun obrak badira: ez dut izenik emango dezentzia euskalduna errespetatzeko. Soilik salatu, irakurle, zure belarri puntutxaren zulora, neskenegun arratsaldean, Ethel Coenen Drive-away dolls (2023) filma kokina ikusi nuela Atalante zineman, lesbianon arteko joko sexualak agerian zeudela, hainbat non, ikusle batzuek gela abandonatu baitzuten filma bukatu baino anitzez lehenago, zeluloideak zekarren xingar eta gurin saltsaz gogaiturik. Coendarren pertsonaiak eta laster kultuak izanen diren elkarrizketak hor zeuden pantailan... falta ziren haatik Fargo aldeko odolez tatxatu elurdiak.  

235 euroko isuna mereziko zukeen gure etxe-zolan pixa egiten zuen neska gaztearen mazela arrosak miretsi nituen. Auzoa sutan zegoen. Espaloia jadanik zaborrez estaltzen zuten hiri erdira zuzentzen ziren olde salbaiek. Igande goizean, egoera are larriagoa zen noski, janari hondarrak, baso & botila hutsak, poltsak eta likido bitxiz busti klinexak hedatzen baitziren denetan, Atilaren huno bandak pasatu balira bezala. Alta, -kontaketa lasaigarria zitekeen-, udaletxeko arduradunek neurriak hartuak zituzten Xingar feriatzaile gutxiago erakartzeko. Helburua lortu zuten ostegun eta ostiralean, baina ez larunbat gauean, ohikoan baino txerrikume gehiago hurbildu zelako Baionako Txikiko ostatuetako asketara. Egia erran, batzuek zioten moduan, jendea etorria zen Baionako “mini-bestak” egitera, gozatzera, arduragabe ekitera, mozkor etilikoaren bururaino joateko gutizia argiarekin. 

Larunbat goizean, merkatura joateko aitzakian, Roland Barthes esplanadako karpa handiaren aitzinetik lerratu nintzen. Begetarianoa naiz ene egunik gehienetan eta aitor dut haragi meta horien ikusteak halako goragale uhin bat eragin zidala, urdaila nahas eta oka egitear. Ogi biologikoa saltzen didan Silban lagunarekin solasean, genion, gertatzen ari zen guzia, gurbiltasun ekologikoaren logikaren aurka garatzen ari zen zerbait zela, kontsumoaren ereduaren errepikapen kontra-produktibo bat alegia! Zapatu eguerdi eguzkitsuan, iraganeko mitologia baten itxura eskaintzen zuen hiriak, goizetik arrailak ziren gizakiak karriketan gurutzatzean. Idazle gisa ene zeregina delako, ikusitakoa paperean etzatea egokitzen zait, gure ondotik etorriko diren belaunaldiek ez dituztelako ulertuko gure ahardikeria falangatsuak. Zuhurrago bizitzea tokatuko zaie... edo zuhurrago bizitzera behartuak izango dira.

Bilbotar adiskideek ere bazuten beren gurutzea eramateko: han, halaber,  tsunamia zuri-gorriak ziren hirian barna altxatzen Athletic-ek Sevillan irabazi errege kopa ospatzeko! Bizkitartean, etxeratu baiko, ez dakit zergatik, Lhanderen hiztegia irekitzeko gogoa piztu zitzaidan. Oroitu nintzen, orrialde haietan, bazegoela Planche: URDE C izeneko hostaila bat, marrazki eta izendegi mamitsu batez osatua. Hor nituen kausitu, urdea gure janariaren ardatza zen garaiko ene haurtzaroko eleak: urdai azpikoak, xingarrak, saltxitxak, lukainkak, odolkiak, lunkak, tripotak, urde generikoaren baitako xerri, bargo, aketz, ahardi, zerrama eta urdanga hitz potoloak... hiztegi zabala, euskal urdearen presentzia zentralaren lekuko. 

Gainerakoa, naski, literatura da.

Itxaro Borda