Xakea eta literatura
Xakean aritu nintzen garaiko ezagun batek ea berriz jokatzeko asmorik ba ote nuen galdetu zidan duela gutxi. Ezetz erantzun nion, hainbeste pentsatu behar den kirol horretan berriz jarduteko gogorik ez dudala argudiatuz. Izan ere, gaur egun, gogoetan aritzekotan, xake jokaldietan bainoago, nahiago dut ideien ehizan jardun, besteak beste, artikulu hauek idazteko. Eta pentsatzen hasita, ezagunaren galderak xakearen eta literaturaren arteko harremanak eman dituen fruituei buruz pentsatzera eraman nau. Izan ere, xake-jokoak (ere) gure letretan isla izan baitu.
Jokatzeari utzi nionean, (2000. urtea baino lehen), oraindik banuen interes pixka bat kirol horrekiko, eta albisteak-eta jarraitzen nituen. Baina, ordurako, literaturazalea eginda nengoen eta irakurketari eskaintzen nion denbora librea. Dena dela, artean mantentzen nuen interes hori zela medio, Stefan Zweig-en Xake nobela euskaratu zutenez, irakurri egin nuen. Argumentuak erakarri egin ninduen: Ozeano Atlantikoan zehar bidaiatzen ari den itsasontzi batean munduko xake txapelduna doa: Mirko Czentovic. Baina, berarekin batera, kirol horretan bikaina den beste pertsonaia enigmatiko bat doa, iragan ilun samarra duena. Bidaiari batzuek bi maisu hauen arteko buruz buruko xake partida bat antolatuko dute baina lehiak ondorioak izango ditu haietako batengan. Xakea aitzakia hartuta idatzitako eleberri interesgarria da, jokoaren jarraitzaileek apreziatzeko modukoa. Hain zuzen, zale batek idatzitako istorioa izanik, ez dira falta, noski, jokoaz eta partida bat jokatzeari buruzko ideiak. Liburuak lehiatzen nueneko garaiaz hausnartzera eraman ninduen. Orduan konturatu nintzen ederra dela norberak gustuko duen horretatik bizi ahal izatea. Are gehiago, sormena lantzeko aukera ematen badu. Jakina, txapelketak jokatu eta dirua irabazten zuten xakelari atzerritarrengan (errusiarrak, haietako asko) nuen gogoa. Hori ez zegoen nire eskura; nik ezin nuen halakorik egin nire maila oso apala zelako. Baina, sormena lantzea, bederen lortu dut idatzizko lanen bidez. Hortik bizimodua ateratzea ez. Idazle euskaldun gutxiren esku dago literaturari esker bizitzea. Hala ere, sos gutxi batzuk eskuratu ditut liburuetatik, xaketik baino gehiago!
Ez dut aipatu gabe utzi nahi Stefan Zweig-en liburu honetan oinarritu zirela Philipp Stolzlek zuzenduriko The Royal Game filma egiteko. Ez zuten zehatz-mehatz egokitu, lizentzia batzuk hartu zituzten, istorioari koherentzia gehiago emate aldera, baina protagonistak nola amaitzen duen jakinda, eztabaidagarria izan daiteke egindako hautua.
Xakea, bere horretan hartuz, hau da, jokoaren ezaugarriak eta piezak, hartuz, literatura sortzeko baliagarria ote zen hausnartzen jardun nuen. Erantzuna urte batzuetara etorri zitzaidan: Alberto Ladron Aranaren Xake mate nobela (Elkar, 2002). Hor bai, taulako piezak hartuz pertsonaia batzuk izendatzen dira (errege beltza, erregina zuria…) eta istorioaren trama jokoaren ezaugarrietan harilkatzen da, amaierako xake mate jokaldia barne. Emaitza merituzkoa iruditu zitzaidan; idazleak lortu zuela xake-jokoa eta literatura, biak ongi uztartzea. Nik Graham Greenek idatzi eta Carol Reedek zinemara eramandako The third man (Hirugarren gizona) filmaren eragina sumatu nion. Idazleak hautatutako lekuak (Alemaniako M. hiria), garaiak (1945 urtea, II. Mundu gerra, aliatuak nazien aurkako borrokan) eta pertsonaia batzuek egiten duten penizilinaren kontrabandoak eraman ninduten hori pentsatzera.
2004. urtean Elkar argitaletxeak Ipuin izugarriak izenburuko liburua argitaratu zuen. Xabier Mendiguren Elizegi editoreak hautatutako ale eder batzuk jaso ziren, 1990eko hamarkadako antologia baten modura. Bertan, Zorion Zamakolaren Ez dut biharko argirik ikusiko zetorren. 1936ko gerran, Elgetako frontean borrokan ari den soldadu batek kontrarioen bandotik jaurtitako granada baten ondorioz konortea galduko du. Hil ala bizi dagoela, xake partida bat jokatuko du aurkari berezi baten aurka, hain juxtu, Ingmar Bergmanen Det sjunde inseglet, (Zazpigarren zigilua) filmean protagonistak jokatzen duen arerio berdinaren aurka. Zaila da Zamakolaren ipuinaz askoz gehiago kontatzea espoilerrik egin gabe baina istorioa ezagutzen dutenek jakingo dute zertaz ari naizen.