Artikulua :: Iratxe Ormatza Imatz 2026/02/17

Virginia Woolf Euskal Herrian

Virginia Woolf Ingalaterrako goi-klasearen alaba zen, garai hartako inperio zabalenaren hizkuntza egiten zuen. Baina andrea zen. Idazlea izanik ikusi zuen lanerako dirua behar zela, dirua eta gela bat norberarena. Inguruko gizon intelektualek ez zuten idazteko arazorik: lekua zuten eta oinordetzan jasotako dirua eta ondasunak. Andreek, ostera, lekua irabazi behar zuten, eta goi-klasekoak izan arren, gizonek baino oinordetza txikiagoa jasotzen zuten, eta emakumeen lanek ere ordain urriagoa zuten. Ondo ordaindutako lanpostuak debekatuta zituzten. Gizonek, gainera, bazuten non idatzi, gela bat bakarrik edo lagunekin egoteko, gela bat irakurtzeko, musika entzuteko, beste ezein ardura barik. Aldea ikusi eta hartaz idatzi zuen Woolfek. Inperioaren hizkuntza ikasian idatzi eta irakurtzen zuen. Berea goi-mailakoen ingelesa zen. Urtean 500 libera utzi zizkion oinordetzan izeko batek. Pribilegioetatik idatzi zuen.

Ia ehun urte pasa dira harrezkero. Euskaratuta daukagu liburua. Ederra iruditzen zaigu eta mahai-inguruak eta hitzaldiak antolatzen ditugu hark esandakoa gaur egun indarrean dagoelako. Gaur egun emakume idazleok dirua eta gela bat behar ditugu.

Guk ez ditugu inondik inora Woolfen pribilegioak, ostera. Gurea gutxiagotutako hizkuntza da, jazarria, gutxietsia, garatuz doana eta bete bako espazioak dituena. Berrogei urtean irabazitakoa, egon behar genukeen horretatik hain urrun, erauzi nahi digute. Ez zaie nahikoa gaztelaniaz arazo barik bizitzearekin, ezta kultur programa oparoa izatearekin, euskarazko arnasgune-herriak urritzearekin. Orain, lantokietako arnasguneak ere ezabatu nahi dizkigute. Epaileek legeak baliatzen dituzte hizkuntza-eskakizunak baliogabetzeko. Ez gara 800.000 ere, baina gehiegi iruditzen zaie zelanbait.

Euskaldunok legeak behar ditugu, geure burua babesteko.

Duela mende bat Ingalaterran, literaturarako, musikarako, antzerkirako, arte plastikoetarako publikoa zegoen. Ikuskizunetara joaten ziren. Baita gaur egun ere. Gure publikoa txikiagoa eta sakabanatuago dago, ordea. Euskaldun askok ez daukate sorkuntza-lanen berririk, hedapena behar baino urriagoa da.

Halako Euskal Herria daukagu. Ingalaterratik urrun. Woolfek esan zuen dirua ere beharrezkoa zela. Jakina, jan, etxea, bizimodua eta fakturak ordaindu behar ditugu. Gainerakoek bezala. Lagun batek esan didanez, erokeria izango litzatekeena, hau da, askorentzat lan bi izatea eskatzen zaigula sortzaileoi: ogibidea eta lanbidea. Deskantsua, ondo jatea, kirola egitea, lagunartean eta familiartean egotea, sortzaileen lanaz gozatzea aldarrikatzen da bizimodu osasuntsu bat izateko, ongizatea (ongi+izatea) sentitzeko. Euskaraz sortzen dugunoi, baina, esaten zaigu ondo dagoela aisialdia, kirola, lagunak, senideak deskantsua baztertzea. Egon badaude ogibidea nahi dutenak eta sorkuntza hortik kanpo landu. Bejondeiela. Batzuentzat ona den hori ez da zertan arau izan.

Hori ez eze, esaten zaigu nahiko diru-baliabide eskaintzen zaigula gure jarduera aurrera eramateko. Esaten digun horrek urtean hamalau soldata baditu ere, eta lanorduetatik kanpo aisialdiaz disfruta badezake ere. Lanarteak plazaratutako inkestan datu gordinak ageri dira: “[e]uskaraz soilik sortu zuten artisten irabazi garbiak 2023an, batez beste, 4.717 eurokoak izan ziren”. Esaten zaigu prekarietatetik gauza ederrak sortzen direla. Asun Garitanok esan du hau ez dela prekarietatea, eufemismo bat dela, hau miseria dela (“Kultura ezkultura” Lanartea 2015). Bizimodu ekonomikoki ezegonkorra bada, osasunari eragiten dio, eta, beraz, ekoitzitakoari. Iñigo Astizek Berrian idatzi zuen Irlandako gobernuak bi mila sortzaileri hilean mila eta hirurehun euro emandako soldatari buruz. Soldata jaso duten artistek bizimoduan eta sorkuntzan aldea ikusi dute, besteak beste, denbora gehiago eman dute sortzen eta sorkuntza-lan gehiago hasi eta amaitzerik izan dute, familia izateko aukera ikusi dute. Sorkuntzan eta bizimoduan onerako eragin die.

Entzuten da inoizko sorkuntza-lan onenak ditugula, inoiz baino gehiago, inoiz baino aberatsagoa. Zergatik? Sortzaile asko eta asko engaiamendu handia daukatelako hizkuntzarekin eta euren buruarekin. Lanarteak egindako inkestan, sorkuntzatik bizi diren erdiek pentsatu dute sorkuntzari eskainitako denbora murriztea edo bertan behera uztea, diru-sarrerak apalegiak direlako, ezegonkortasuna handia delako, ez daudelako ziur aurre egin ahal izango dioten geroari. Buru-osasunaz kezkatuta daude. Baina jarraitzeko esaten digute, gustatzen bazaigu horrela ere sortu dezakegula. Gaur egun horrelaxe daudela gauzak. Maila ona ematen badugu, jasoko dugula merezi dugun ordaina, amets neoliberala beteko zaigula. Irlandara itzulita ordea, “programaren parte izan diren artistek depresioan erortzeko arrisku txikiagoa izan dute”.

Sortzaileak estu bizitzen behartzen gaituzte publiko gero eta urriago baten aurrean gure lana aurkezteko. Eta, gainera, pozik agertzea nahi dute.

Woolfek liburua idatzi eta ia ehun urtera, sortzaileok sormenaren eta lanaren ordain duina behar dugu (baita Irlandako eredua ekarri ere), kultur-ekosistema burujabea eta aberatsa, euskararen eremu hedakor batean. Eta horretaz sortzaile guztiok ere jabetu behar dugu.


 

Iratxe Ormatza Imatz