Artikulua :: Miren Mindegia 2025/02/06

Urteko film onena


 

Sari banaketen garaiak bizi gaituen honetan, ohar bat: Film Onenaren Sariaren irabazlea ez da film onena. Sorkuntzaren muinera, zentzura eta zergatira jotzen badugu, are gehiago, ez dago “film onena” kontzepturako lekurik ere, subjektibotik sortzen den horren objektibiziazio saiakera indarkeria ariketa bat delako bere horretan. Ez dago film onenik, ezin da aukeratu, inposiblea da. 

Filmak daude, batzuk hobeki erdietsiko dute beren asmoa, beste batzuk ez dute lortuko. Batzuk istorio zehatz bat kontatuko dute, beste batzuk sentsazio baten arrasto baten itzala transmititzea lortuko dute, ikus-entzule –edo soilik ikusle, edo soilik entzule– bakoitzak bere barrenean duen dekodifikadorearen arabera iritsiko dena garunera. Hainbeste faktore gurutzatzen, nahaspilatzen eta lotzen dira berez hain sinplea den ariketa horretan, hau da, pertsona batek beste bati istorio bat kontatzen dionean, hain zabala eta aldi berean estua da ematen den konexio hori, eta hainbeste galbahe zeharkatzen ditu, ezinezkoa dela erabakitzea unibertsalki eta denontzat zein den kontakizun hoberena. 

Elkartu daitezke epaimahaian munduko zinema aditu goren, jakintsu eta entziklopedikoenak, aztertu ditzakete metraje bakoitzaren minutu eta plano bakoitzeko detaile xumeenak, eduki ditzakete eztabaida sakon, luze eta argudio-errefusiatuezin zorrotzenak, horren inguruko tesi luze eta mamitsuak idatzi zalantzagabekotasunaren argi jainkotiarrak iluminatzen dituen bitartean eta, hala ere, ez dute lortuko. Film baten eta pertsona baten artean gertatzen dena intimoa eta intrasferiblea da, errepikaezina, azalduezina. Misterio hutsa, maiatsuna bezala, ametsak bezala, zulo beltzak eta materia iluna bezala. 

Egia da badaudela hein batean objektibableak diren narratibaren gako batzuk, konexio hori modu are egokienean ematea ahalbidetzen duten estrukturak, moldeak eta baliabideak. Gure barne pantailara iristen den irudiaren kalitatea baldintzatzen duten zuntzak, nolabait esateko –badakigulako ez dela berdina irudia 4K-n ikustea edo 420p-ko erresoluzioan–.

Film batek izan ditzake pertsonaia ezin hobeki eraikitakoak, horietako gutxirekin eraiki dezake zure pentsamenduan metrajetik haratago geldituko den trama eta azpitrama sare ezin emankorragoa. Argiarekin jolastu dezake modu metaforiko, ia metafisiko batean pertsonaia horien barne garapenarekin paralelismo armoniko bat eginez, jakin badakigulako zinea argia dela, eta ez alderantziz. Hurbildu dezake ikuslea inoiz ezagutu ez duen leku eta errealitate batera, sekula imaginatuko ez lukeena. Horretan maisuak eta maistrak badaude, kontakizunaren tempoa, estruktura, lengoaia eta gainontzeko gakoak abileziaz darabiltenak, hartzailearen baitan emozioaren botoiak, piano-jole batek teklak nola, sakatzen dakitenak.

Eta hala ere, kontutan hartuta ez garela seriean fabrikatzen diren piano homo-afinatuak, ezinezkoa da piano-jole horrek jotzen duen piezak aldiro soinu berdina izatea. Ezin da bitan errepikatu melodia, gutako bakoitzaren baitan desberdina izanen da, aldea tonu baten erdiaren erdikoa bada ere. Ez dago mundu honetan horretarako bemolik. Munduko toki guztietako hiri eta herrietako kale-kantoi orotan txanpon baten truke aritzen diren piano-jole guztiak entzutea ezinezkoa den bezalaxe.

Beraz, irakurle, ez diezazutela fokuen argiek, flashek, alfonbra gorriek eta sari banaketetako diskurtso lakrimogenoek itsutu. Ez sinetsi, dena gezurra da, fikzioaren errepresentazioa, boutade bat, pantomima hutsa, zuk sinesteko, pentsatzeko, artearen sorkuntzan balizko neurketa bat badagoela, gure bizitzak rankingizatu –ranking bilakatu– daitezkeela, norbaitek erabaki dezakeela zein den urteko film onena, pentsatuz sari hori emanda lasterka joanen zarela zinema aretora, dituzun sos apurrak horretan gastatu eta butaka batean zure ipurdia jarriko duzula gutxienez bi ordu iraungo duen artefaktu bat irensteko, aurretik erabakita urteko film onena dela berak hala erabaki duelako.  

Guzti hau erranda, kontutxo bat gehietzea bertzerik ez: urteko film onena All we imagine as light da. 

Miren Mindegia