Unibertsoa metafora
Poetak ez daki fisikaria ere badela. Kantatu du: “Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai. Hauts hartatikan uste gabean noizpait ginaden gu ernai” (Xabier Lete).
Fisikariak ez daki poeta ere badela. Esan du: “Izarrei buruzko gogoeta egiten duen izarren hautsa gara” (Carl Sagan).
Hain zuzen ere, fisikariek erakutsi dute gure gorputza eratzen duten atomoak eta ezagutzen dugun materia guztiarenak iragan urrunean hil ziren izarren arrastoak direla. Unibertsoaren sorrera azaltzeko teoria onartuenaren arabera, duela 13.800 milioi urte leherketa ikaragarri bat izan zen. Handik jaio zen unibertsoa, eta sortu zen dagoen eta egongo den materia guztia.
Big Bang deitzen zaio teoria horri, ingelesak agintzen baitu zientzian. Izarren hizkuntza unibertsala da, ordea, eta garai guztietako gizon-emakumeak entzun dute haien esana. Egungo astrofisikariek, teleskopio ahaltsuen bidez aditu dituzte, eta jaso dituzten uhinetan oinarritu dira teoria sortzeko.
Diotenez, hidrogenoa da elementurik zaharrena. Izarren erregaia da. Izarren bihotzean, hidrogeno-atomoak fusionatzen dira, eta, fusio horretatik, helioa sortzen da. Aldi berean, energia askatzen da; energia hori da Lurretik antzematen diren beroa eta argia.
Izarrak ez dira eternoak, baina, eta hiltzen direnean, supernoba erara lehertzen dira, edo, txikiak badira, nano zuri gisa geratzen dira fosilduta. Edozein modutara, nebulosa bat uzten dute inguruan, eta, desintegratzean, errakzio kimiko konplexuak sortzen dira. Haien bitartez, elementu berriak eratzen dira, hala nola karbonoa, Lurreko bizidunon oinarrizko elementua, edo silizioa, txipen ezinesteko osagaia. Azken finean, materia ez da baita sortzen ez deusezten, eraldatu baino ez da egiten (Antoine Laoisier).
Kantatu die poetak hondarturiko baleei (Anari). Ba ote daki balea horiek, agian, eguzki-ekaitzen eraginez iritsi direla azken arnasa emango duten lekura? Izan ere, ekaitz horietan, Eguzkiak energia altuko partikulak eta erradiazio magnetikoa askatzen ditu. Horren ondorioz, aurorak sortzen dira Poloetan, eta sateliteak, sare elektrikoak eta gailu elektronikoak aztoratu eta hondatu egiten dira.
Bada, biologoen ustez, baleek Lurraren eremu magnetikoak baliatzen dituzte orientatzeko. Eguzki-ekaitzek sortzen dituzten interferentziek baleak desbideratzen dituzte, eta zorigaiztokoenek hondarretan harrapatuta bukatzen dute. Han itotzen dira, Eguzkian sortutako ekaitza baten erruz.
Jakingo ote du fisikariak poetak lehenago jakin zuela? Eta biologoak kantariak bazekiela? Poetek eta kantariek zientzia baino ez zuten behar, metaforek gordetzen zuten egia ulertzeko.