Artikulua :: Itxaro Borda 2024/10/01

UNAMUNO HENDAIAN

Miguel Unamuno idazleak bost urteko desterrualdia pasatu zuen Hendaian 1925 eta 1930 artean. Hego Lapurdiko hiri nagusian ez da kasik deus gelditzen Bilbotar izkiriatzaile gatazkatsuaren egonalditik, karrika izenik ere ez. Hargatik, Hendaiako geltoki aitzinean dagoen Hôtel de la Gare izeneko egoitzako horma batean, Larrungo harrian zizelkatu oroitarri bat ikusten ahal da. Bigarren mundu gerra baino lehen, Broca hotel hori irekia zen eta Espainiatik ihesean zetozen hainbat errefuxiatu gerizatzen zituen. Espainian, Primo de Riveraren diktaduraren garaiak ziren, eta, adierazpen askatasuna mugatua zen. Unamuno bezalako aktualitatearen komentatzaile aho zabal guziak Espainiatik kanpo bidali zituen. Aipatu dudan harri horretan, huntz hostoek erdi gordetzen dutena, 1928ko Cancionero-ko kopla bat dago, Bidasoaren eta Hendaiaren gorazarrez asmatua.

Unamuno ez dugu begi onez ikusten euskaldunok. Anti-euskaldunkeria leporatzen diogu, denbora hartako pentsalari askoren gisa, euskararen eta euskal kulturaren azken hatsak irudikatzen -eta desiratzen?- zituelako. Alta euskara bazekien, bizkaiera gaztetan ikasirik. Bere euskal munduarekiko aihergoa esplikatzen da gertakari intimo batez, preseski RM Azkue eta Arana Goirirekin lehiatu eta  Bizkaiko diputazioko euskara irakasle postua lortu ezinarekin... baina behar bada, karlistekin lotzen zuen EAJ proto-alderdiari zion gorrotorik handiena, Euskal Herria eta Bilbo ez baitzituen sekula bere bihotzetik ezabatu. XX. mendearen bihurgunean, iparraldeko apez batzuek desio berdina zuten: euskal mundua eta hizkuntza, herio natural ederraz -de sa belle mort zioten- hiltzen uztea, peko errekatik jalgitzeko indar mikorik egin gabe. 

Miguel Unamuno zendu zen 1936ko abenduaren 31n, 72 urtetan, eta bizitza horren parterik handiena, Salamancan irakasten eta sustut egunkarietan idazten pasatu zuen: gaztaro hotzean euskaltzalea zen, beranduago sozialista eta Errepublikazalea, liberala eta bukatzean frankista 1936ko altxamenduaren lehen asteetan. Luis Garcia Jambrina eta Manuel Menchonek 2021ean publikatu zuten La doble muerte de Unamuno liburuan agertzen da haatik, frankistei eman 5000 pezeta haiek aski behartuak izan zirela. Mihia ez zeukan sakelan eta halatan etsaigo indartsua elikatzen zuen artikuluz artikulu. Anbiguetatez beteriko gizonaren zen: 1936an Errepublikak pertsona distiratsu izendatu zuen, desizendatu eta frankisten aldia izan zen gero Unamuno ohoratzeko. Misterio bat bada halaber bere heriotzaren inguruan: supituki hil zen ala Bartolome Aragon falangistak zion heriorako jauzia egiten lagundu? Damurik Amaia Ezpeldoi erretretan dugula...

Nola heldu zen Unamuno Hendaiara? 1923ko irailaren 13an Miguel Primo de Riverak, estatu kolpe baten karietara, boterea hartu zuen Espainian. Urte bete beranduago, goizeko seietan, soldaduak etorri zitzaizkion bila Salamancako etxera Kanarietara desterruan eramateko. 1924an, ihes egin zuen Parisera, -La Perouse karrikako plaka lekuko-, eta 1925eko agorrilaren bukaeran Hendaian sustraitzen da, hain maite zuen Espainiako mugatik hurbil, nahiz eta ez zuen ahanzten muga horren beste aldean estimu handitan zeukan Euskal herri hura ere hedatzen zela. Egun oroz, bazkal ondoan, Hendaiako Errepublika plazara zihoan, hango Grand Café-ko terrazan kafea hartzeko eta beste errefuxiatu espainolekin egunkariak arakatzeko. Aroaren arabera, Ondarraitzeko puntaraino joaten zen oinez edo Txingudiko bahiaren zeharkaldia egiten zuen, Biriatura ere luzatuz noiztenka. Hendaian bilbatu zuen Romancero del destierro bildumako Orhoit gutaz olerki hunkigarriak Biriatun ditu erroak.

1930eko urte hasieran erori zen Primo de Rivera. Handik gutxira Unamunok muga zeharkatu zuen eta hegoaldeko hirietan heroi baten antzera hartu zuten, milaka jendek ongi etorria egiten ziotela. Egia erran, 1926an diktadoreak indultatu zituen Unamuno eta bere lagunak, beraz Espainiara askoz lehenago itzultzen ahal ziren. Baina Unamuno horrelakoa zen, buru gogorra -euskalduna?- eta historia egiten ari zelako urguilu azkarrekoa.

Itxaro Borda