Artikulua :: ITXARO BORDA 2024/03/19

UDABERRIKO POESIA

Badu zenbait urte Udaberriaren etorrera poesiarekin uztartzen dela. Martxoaren 8aren eta 21aren artean, olerkariak ibiltzen dira alde batetik bestera, irakurketa saioak eskaintzen. Karia horretara hizkuntzak nahasten dira eta batzuetan trena ere hartzera behartuak gara, toki bitxi eta arraroetaraino joateko. Frantzian eta Quebec-en gertatzen da ekitaldia 1999az geroztik. 1981eko gobernu sozialistako Jack Lang kultura ministro ohiaren ideia bat zen, elur bolaren antzera, finkatuz, lodituz eta egonkortu zena, hasieran bederen André Velter olerkariak animaturik. 2001ean hasi ziren gai bat eta eguzama-eguzaita bana hautatzen. Lasai, ez da sekula, eskualde hizkuntzetako poetarik aukeratu bi hamarkada pasatxo hauetan, alta poeta euskaldunak, bretainiarrak, korsikarrak eta okzitaniarrak badira. Baina, Frantzian ez da oraindik “patois” deitzen dituzten eta poesia bezalako ekimen elitisten arteko lotura arrazionalik aurkitu eta onartu. 

Poesiak eskandalua behar du existitzeko? Galdera bat da, sakona, aurtengo edizioari egokitzen ahal dioguna: 2024an Sylvain Tesson hautatu dute, gaitzeko “bronka” eraginez poesiasferoaren baitan. Poeta askok haserre iharduki dute, bereziki sare sozialetan. Tesson, idazle-bidaiaria da eta ezagunak dira eskuin muturrarekiko bere harreman hurbilak. Graziaren tematikak gainera ur benedikatu ontzi eta intsentsu urrin sobera duela ere erran izan da, batzuek eliza kristaurik bortitzenaren zigilua kausitzen diotela. Debadioak debadio, hala ere 2024ko urre koloreko afixa ikusten da espaloietan eta poesia saioak iragartzeko baliabideetan. 

Argi dago, gaur egun, poesia eta literatura Frantzian eskuinera plegatzen ari direla, batez ere poesia, garbitasuna, bizitasuna eta ortografia aldetik zuzentasuna bermatuko omen lukeelako. Poesia jartzen da halatan, eskoletako egitarauetan, hizkuntzarekiko eta ikasleen loturak indartzeko, bai eta “iletrismoa” borrokatzeko. Bistan dena, teoria hau frantsesari dagokio, beste mintzaira guziak zepora amil daitezkeelako. Bi astez beraz, ikasleek olerki bat ikasten dute buruz eta poeta garaikideak gurutzatzeko suertea ukan dezakete batzuek. Hamabost egun eta gero exit poesia, affaire classée! 

Poesia hor dago udaberriko lehen muskilak ateratzen direnean, sahatsa lili ikusten dugunean edo ilargi berria zutuntzen delarik zeruaren eremu zelestiarrean, naturalki bezala, bitartekorik gabe, isiltasun dorpe edo oihu zakar biren itxuran. Primaderako ekinokzioa datorkigu eta hitzen distirak duda izpirik ez du. Egia da, orduan, edonor poeta sendi daitekeela: bere zainetan nabaritzen du sapa gora eta behera, irudiak biderkatzen eta perpausak lurrean sugetzen zaizkio. Baina utz dezagun lirismoaren ildo hau poesia ez delako bakarrik lirismoa, ez da bakarrik malenkonia, ez da bakarrik maitasunaren oihal arrosa. 

Goiz honetan irratian entzun dut Artur Rimbaud-en Iluminazioak poemaren zati bat, musika elektronikoz troxatua. Hunkitu nau, bereziki bukaerako “Hiltzaileen garaia dator” erranaldiaren kolpeak. Palestinan gertatzen den sarraski humanoaz pentsatu dut, ramadan hasierako egun hauetan, hiltzaileak datozela hiltzaileen ondotik, geldirik gabe. Eta poesiak eramaten nau Gazako mugetara edo Kyiveko auzo txiroen hegietaraino. Edonora funtsean, mundua bere dolorean poesia baizik ez delako, “Poeten udaberria” izeneko ekitalditik ehun mila legoatan. 

Nahi genuke poesia atxiki ezkaratz zabal eta garbietan, haur ongi-ikasi bat bailitzan, zauri ez dadin, zikin ez dadin. Baina ezin da ibaiaren isuria geldiarazi eta poesia erreka salbaia da. Ez du hizkuntza handien eta unibertsalen axolarik, lau hiztunekiko mintzairak inarrosten ditu, biziarazten, murgilarazten ilunperik garratzenean ere. Graziak agian ez du konnotazio erlijiosorik... grazia, izateko modua eta gauean ikusteko ahalmena ukaitea izan daitekeelako. Jakitea, itsumendiaren erdian, bidea nondik doan, elitearen gaztelu goratsuetatik urrun. 

Eta poesiaren egiazko urtaroa larrazkena balitz?

ITXARO BORDA