Txillardegi gogoan: noiz, zergatik, nola
Hamar urte dira Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela. Gogoan daukagu.
Adibidez, gogoan izan dut nik, jakina, Koldo Izagirrerekin lankidetzan Kronikak liburuaren argitalpena prestatzeko (Susa, 2022), haren testuak gaur egungo euskara batura ekartzeko lanean aritu naizenean. Txillardegik hainbat aldizkaritan, Zeruko Argia-n batez ere, 1968 eta 1986 artean idatziko kronikak biltzen ditu liburuak, munduko leku askotatik idatziak: Belgika, Norvegia, Amerikako Estatu Batuak, Gales, Galizia, Andorra… baita Euskal Herriko hainbat lekutatik ere, Barkoxe, Altzürükü eta Berrizaundik, besteak beste.
Espazioan eta denboran berarekin bidaiatzeko gonbita egiten dio Txillardegik gaurko irakurleari testu horietan. Jakin-mina gidari nagusi duela, espiritu irekiz beti, hainbat errealitate interesgarriri erreparatzen die, gaurkotasunik galdu ez duten gaiak jorratuz, justizia eta berdintasun gose gizatiarrez beti.
Baina bestela ere noiznahi izan dezakegu Txillardegi gogoan.
Gogoan izaten nuen nik, adibidez, Txillardegi —haren bidaide eta burkideekin batera: Lizardi, Koldo Mitxelena, Gabriel Aresti...—ETB1eko Barre librea saioko Garbizaleak saileko esketxak ikusten nituenean, Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaola aktoreek gorpuztutako polizia linguistikoenak. Euskara modu traketsean erabiltzen entzun orduko han agertzen ziren biak, hiztunari errieta egin eta zigor eredugarria ezartzera, euskara batua eredugarriaren aldarrikatzaile zorrotz. Paradoxikoa iruditzen zitzaidan euskara batua, garbizalekeriaren aurkako borroka gogorrean sortua, orain garbizaletasunaren eredu bihurtuta ikustea. Zer pentsatua ematen zuen behintzat kontuak.
Gogoan izan nuen, ildo beretik, Txillardegi —bidaideekin batera betiere— Beñat Rodrigo Kiliki Frexko Chill Mafia taldeko kideari entzun nionean berak, bere inguruko lagun askok bezala, ikasi duen euskara egiten duela, dakiena, ezin zaiola eskatu... Sabino Aranak agintzen zuen moduan hitz egiteko eskatu. «Sabino Arana?!», pentsatu nuen neure artean, harrituta: «Mutil hau tarteko kapitulu batzuk ikusi gabe iritsi duk telesail honen amaierara. Txillardegi agertzen den kapitulurik ez dik ikusi izango behintzat».
Gogoan izan nuen Txillardegi azkoitiar gazte bat entzun nuenean honelako zerbait esaten: «Ni euskara batuan ez nauk ni sentitzen». Eta azpeitiar bati irakurri nionean ez dela «euskara batuaren oso zalea» eta horregatik euskaratu zuela Oscar Wilderen The Picture of Dorian Gray… Azpeitiko euskarara (Dorian Grayn erretratue). Alferrik izan al zen Txillardegiren —eta bidaideen— ahalegin eta borroka gogor hura, kanpoko zein etxeko hainbeste aurkari gogorren aurka egina?
Esentzialismoa, etnizismoa, itxikeria integrista
Gogoan izaten dut Txillardegi espainiar intelektual unionistak euskara eta euskal kultura behin eta berriz, etengabe, esentzialismoarekin, etnizismoarekin eta itxikeria integristarekin lotzen dituztenean, euskarak eta euskal kulturak Txillardegik duela mende erditik gora zabaldutako bideetan urratsik egin ez balu bezala.
Gogoan izan nuen Txillardegi Ainara Ortega musikari eta aktoreak, Facebookeko sarrera batean, Nire euskaltasuna poema laudatu zuenean, Koldo Izagirrek idatzia eta Imanol Lartzabalek kantu bidez zabaldua, aditzera emanez bat egiten zuela euskaltasun horrekin. Mezuan sumatu uste izan nuen oraindik ere, tamalez, aldarrikatu egin behar dela poema horretan poetikoki deskribatzen den euskaltasuna, azken batean Txillardegik, bere garaiko euskaltzale askoren aurkakotasunari aurre eginez, tinko aldarrikatutako euskaltasuna. Bai, tristea da oraindik ere, hainbeste hamarkadaren ondoren, gure euskaltasuna zuhaitz genealogikorik gabeko basoa dela gogora ekartzen ibili beharra, Alostorrerik gabeko dorrea, zaldizkorik gabeko bidea, aldarerik gabeko lorea, almiranterik gabeko itsasoa...
Politikari abertzale ezagunak Nafarroako Erresuma, Orreaga, Amaiur eta beste aipatzen entzuten ditudanean ere gogoan izaten dut Txillardegi. Ez dut ukatuko erreferentzia horien interesa eta garrantzia. Neu ere liluratu ninduen jakiteak Nafarroako erregina batek, Joana III. Albretekoak, Bibliako Itun Berria euskaratzeko enkargua egin ziola idazle bati, Joanes Leizarragari, XVI. mendean. Ez zidaten halakorik irakatsi nire garaiko BUP eta COUn, eta zalantza daukat gaur aipatzen ote zaien ikasleei DBHn edo Batxilergoan. Baina ez al lirateke erreferente zentzuzkoagoak, egokiagoak, gure gaurko munduarekin eta balioekin konektatuagoak, esate baterako, batzuk aipatzearren, Lizardi, Koldo Mitxelena, Gabriel Aresti eta, nola ez ba!, Txillardegi?
Txillardegi Liburutegia
Gogoan izan nuen Txillardegi duela pare bat aste edo Donostiako Liburutegian maileguan jasotako liburu batzuk atzerapenez entregatu ondoren ere. Zigortuta nengoenez, ezin maileguan beste libururik jaso, eta erabaki nuen, Udal Liburutegiaren alternatiba moduan, Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegira joko nuela, nahi nituen liburuak maileguan eskuratzeko. Hori kalean topo egin nuen lagun bati adierazteko hala esan nion: «Txillardegitik Mitxelenara joango naiz».
Jakina baita Donostiako Udal Liburutegiari Txillardegi izena emateko eskaria gero eta zabalkunde handiagoa izaten ari dela. Ez legoke gaizki izendapen ofiziala iristen den bitartean geure artean izendapena erabiltzen hastea, Txillardegi Liburutegia deitzea Donostiako Udal Liburutegiari, Reale Arena estadioari Anoeta deitzen jarraitzen dugun modu berean, edo Heineken Jazzaldiari Donostiako Jazzaldia, Cristina Eneari Gladys Enea…
Gogoan dut aurrez aurre ezagutu nuen Txillardegi hezur-haragizkoa ere. Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendariaren enkarguz, Galizian egun batzuk pasatu genituen biok elkarrekin, 2006an, erreportaje baten bitartez Leturiaren egunkari ezkutua nobelaren idazketa lana gogoratzeko, lehen argitalpenaren 50. urteurrena zela eta, Ferrolen soldadu zegoela idatzi baitzuen hura Txillardegik, 1956an.
Bereziki gogoan dut erreportajerako lanak amaitu ondoren, Coruñako hilerrira joan ginela biok, eta han Rosalia de Castro eta Manuel Murguia idazleen hilobiak non zeuden galdetu ziola Txillardegik hilerriko langile bati, haiek nahi baitzituen inondik ere ahal baldin bazen bisitatu. «Kanposantuko langile honek aita-semeak garela pentsatu dik», esan nuen neure artean. Irri egin nuen neure kolkorako. Atsegina egin zitzaidan ideia. Nola ez ba! Batetik, nerabe nintzela geratu nintzelako aita-zurtz, eta nekez izan nezakeelako ordezko aita hoberik; bestetik, Txillardegi, ikuspegi kultural edo intelektual batetik, benetako aita izan dugulako, eta dugulako eta izango dugulako, askok eta askok.