Artikulua :: Maitane Pérez Gómez 2026/02/26

TXIKIA… ALA TXIKIENTZAT?

Nire egunerokoa haurtzarotik oso gertu dago. Hiru eta zazpi urteko bi umeren ama naiz, eta eskola publikoan lan egiten dut lehen hezkuntzako tutore gisa. Haurrez eta liburuz inguratuta bizi naiz, eta askotan haurrentzako istorioen artean igarotzen ditut egunak.

Seguruenik horregatik sortu zen nire baitan lehen aldiz idazteko gogoa ere. Eta, haurrentzat idazteaz eta haurrei irakurtzeaz asko gozatzen dudan arren, batzuetan sentitu izan dut haur literaturari barkamena eskatu behar zaiola existitzeagatik. Txikientzat delako. Arina delako. Adin txikikoentzako idaztea sinplea ematen duelako. Badirudi “helduentzako” literaturak pisu handiagoa duela, eta haurrentzako istorioek leku txikiagoa. Noizbait entzun izan ditudan «bai, baina… haurrentzat idazten duzu, ezta? Hori erraza da» bezalako esaldiek bigarren mailako zerbait balitz bezala utzi dute batzuetan haur literatura.

Eta egia da, beste gauza batzuen artean, haurrentzat idazten dudala. Baina ez da egia hori sinplea edo erraza denik. Izan ere, haur literaturak badu, nire ustez, askotan agertzen ez den zerbait: egia esateko ausardia. Hitz gutxirekin, babesik gabe, eta hitz xumeekin bizitzari buruzko galdera zailenei heltzeko gaitasuna. Bertan agertzen dira beldurra, galera, eta hutsuneei forma emateko modua.

Hausnarketa hori buruan nuela, eskolako liburutegia berrantolatzen ari ginela ohartu nintzen zerbaitez: apal berean zeuden duela hamar urteko liburu lodiak eta gaur egungo ale arinagoak. Bi garai, elkarri begira, isilean.

Lehenengoak, orain dela hamar edo hamabost urte, zortzi edo bederatzi urterekin irakurtzen ziren. Orain, askotan, beranduago eskaintzen dizkiegu haurrei. Batzuetan, Lehen Hezkuntzan irakurtzeko “gai” ote diren ere zalantzan jartzen dugu. Aldi berean, liburu berriek beste aire bat dute: testu motzagoak, irudi gehiago, erritmo biziagoa.

Agian ez da kasualitatea. Berehalakotasunean bizi gara. Pantailen munduan. Sare sozialen abiaduran. Dena orain, dena berehala. Irudi batek bestea estaltzen du. Bideo labur batek hurrengora eramaten gaitu. Ez dugu ia denborarik gelditzeko, begiratzeko, barrura sartzeko. Eta helduok erritmo horretara ohitu bagara, naturala da haurrei ere hori transmititzea. Irakurketan ere bai.

Honekin ez dut esan nahi liburu luzeak hobeak direnik. Argi daukat kalitateak ez duela zerikusirik orrialde kopuruarekin. Badira liburu labur sakonak, eta badira zaporerik gabeko liburu luzeak ere. Baina gaur egungo haurren irakurketa-moduan zerbait aldatzen ari dela nabaria da.

Eta ez da soilik irakurtzen duten kantitateari edo luzerari buruzko kontua. Baizik eta arreta mantentzeko gaitasunari buruzkoa ere. Badirudi istorio batean luzaroan geratzeko ahalmena, poliki-poliki barneratzeko denbora, hitzek beren erritmoa izan dezaten uzteko pazientzia… pixkanaka galtzen ari garela. Pantailen erritmoak, ordea, beste ohitura batzuk erakusten dizkigu: zatika kontsumitzea, azkar pasatzea, berehala hurrengora joatea. Eta ohitura horiek gureganatzen baditugu, zaila da gero geldotasunera itzultzea.

Ildo horretatik erraza da galdera hauek planteatzea: nola irakurtzen dute gaur egungo haurrek? Gutxiago irakurtzen ari dira… edo beste modu batean? Baliteke biak egia izatea neurri batean, eta horrek galdera sakonago batera bideratzen nau: zer gertatzen zaio isiltasunean geratzeko gaitasunari? Liburu batek ume bat benetan harrapatzen duenean, denbora gelditu egiten da. Orria berehala pasatzen ez dutenean isiltasun bat sortzen da. Barruko isiltasuna. Eta isiltasun horretaz gozatzea, gero eta arraroagoa den garai honetan, are baliotsuagoa bihurtzen da.

Hortxe ikusten dut nik literaturaren benetako indarra: kanpoko zarataren aurrean barneko espazio bat sortzea. Azken finean, literatura ez da luzeraren kontua. Ezta orrialde kopuruarena ere. Barruan gertatzen denarena baizik. Horregatik, agian, ez genuke galdetu behar haurrak gutxiago irakurtzen ari diren. Baizik eta nola ari diren mundua irakurtzen. Eta, batez ere, ea gu geu gai garen gelditzeko, entzuteko, eta denborari bere lekua emateko. Liburu batek barruan zerbait mugitzen badu, irakurketak bizirik jarraitzen du. Isilean. Poliki. Benetan.

Eta helduon ereduak, beti bezala, garrantzitsuak dira. Bertan hasten delako dena.

Maitane Pérez Gómez

Maitane Pérez Gómez