Artikulua :: Itxaro Borda 2025/05/13

TASIOREN AITZAKIAN

Atalante zinema gelak, urte oroz bezala, apirilaren bukaeran antolatu du Rencontres sur les docks izeneko festibala, lau egunez hainbat film programatuz eta bereziki euskal eta gaztelar egile gazteen obrak eskainiz, gehienetan lehen aldiz, mugaren alde honetan. Etxetik hiru ehun metrotan daukat nik zinema hori eta horretan sartua naiz ez bakarrik kanpoan hotzegi edo beroegi egiten duen egunetan. Egitarau bikaina iragarria zen, euskal zinegile gazteak, oso gazteak, gonbit zirela beren lanak aurkeztera, besterik eskatzen ez zuen aitzinetik konkistatu publiko bati. Etorkizuna eskura genuen, orainarekin nahas, nahiz eta artista haboroxeenen aburuz, botere publikoek ez duten nahikoa egiten industria hori bizi-bizirik mantentzeko. Diru aldetik nagusiki. Baina baliabide eskasak batzuetan, lau hari meharrekin, imajinazioa sustatzera eraman gaitzake...

Irati Gorostidiren hiru laburrekin hasi zen festibala. Bere haurtzaroaren misterioak arakatzen segitzen du Ortzadarra izeneko Nafarroako Lizaso aldeko komunitatearen hatzak bilatuz, Mirari Etxeberriarekin batera, biak bertan han sortuak izanki laurogeiko hamarkaden hasieran. Irati Gorostidi bere lehen luze-metraia lantzen ari da, -urte bukaerako hitz eman diguna-, eta gai berari tiraka dabil, aldion fikzioaren sorbaldatik: bere galdera da, 80 hamarkadan, langile gazteek, borroka armatuaren eta komunitate antolamenduaren arteko bizimoduaz beste aukerarik ba ote zuten? Maddi Barberren Cambium dokumentala ere Lizasoren antzeko Nafarroako behialako herri abandonatu batean kokatzen da, Lakaben hain zuzen ere. Hor oihan artifizial baten suntsiketa aipatzen da, lurren lantzeko eta jende-talde baten irauteko modua bideratzeko. Filma hau gainera 16 mm pelikulekin eginak da, Oskar Alegriaren Zinzindurrunkarratz haren antzera.

Biharamunean Miriam Aizagerren aldia izan zen, Pour le chant edo Kantuarentzat deituriko lertxunen kuru-kuruak entzunaraziz osatu bere obraren erakustea. Erran behar dut ez nuela sekula filma bat begiak zerraturik ikusi, ezen soinu dispositibo sofistikatu batez hotsa baizik ez zelako hautematen gela ilun hartan: halako desafio bat zen Luxenburgo, Frantzia eta Alemaniak elkar hunkitzen duten izkinatik Hendaiarainoko kurloen bidea segitzea, txori migratzaile hauen oihuak, lekuak eta jendeen lekukotasunak gatibatuz. Esperientzia handiosa, kanpoan euri ari zuelarik jaits ahala! Ez dut aipatu gabe uzten ahal hemen, iparraldeko Itziar Leemans sortzaileak torturatuak izan ziren zazpi emazteen testimonioak bilduz egin duen Olatuak ikaragarriaren preziatzeko aukera ere ukan genuela... eta kanpoan Mairüren musika!

1984ko Montxo Armendarizen Tasio ederraren -eta ez bakarrik Patxi Bisquerten figuragatik- berrikusteko hitzordua, halaber, ez genuen huts egin, eta uste dut ingurugiro baketuago batean ikusi genuela denek orok. Atera zenean, gorago aipatu dudan borroka armatua bizi-bizirik zebilen, eta Tasioren pareko lanek ez zuten orduko heroismo mailen oihartzunik ematen. Urbasako ikazkinaren biopikak gaur egun dokumental etnografiko baten itxura du, doi doia jasangarriak zaizkigula Tasio eta bere lagunak abereak eta neskatxak gaizki tratatzen ikusten ditugun momentuak. Berrogei urte iragan dira eta Euskal herrian bertan sentsibilitateak aldatu dira.

Geroztik, Asier Urbietaren Faisans irla begietsi dut, Bidasoa eta Baiona artean dabiltzan migranteen itzalak ardatz, udaberriko kurloen bide berdinetatik ibilki. Zilegi bekit hemen aitortzea euskal zinema ona dela, euskaraz, frantsesez edo gazteleraz, gure munduaren ikuskera bideratzen duelako hondar mende erdi honetan, Amalur (1968) erraldoi hartatik hona. Euskal Filmotekak zeluloide horiek arraposki zaintzen ditu. Hargatik ale zahar horietatik zenbait berriz plazaratzeak on egingo liguke, adibidez Imanol Uriberen Mikel heriotza hunkigarri hura, hau ere 1984koa. Edo Montxo Armendarizen 24 horas zirraragarria. Egia da horietatik zenbait EITBko Nahieran edo Primeran plataformetan kausitzen ahal direla, baina pantaila handiak eta zinema gelaren iluntasunak emozioari zerbait gehiago ematen diola ezin uka.

Itxaro Borda