Sormen lana :: Izaskun Gracia Quintana 2024/11/12

SUNTSIPENA

Sendagileak azaldu zion ez zela zeliakoa jaiotzez, baizik eta denboraren poderioz garatu zuela intolerantzia, eta, beraz, dieta espezifiko bat bazeraman, «sendatu» zezakeela. Hori guztia kontatu bitartean, konturatu nintzen bera ez zela azkenaldian glutenarekiko intolerantzia agertu zitzaion pertsona bakarra. Nire inguruko (40 urte izandako eta Euskal Herria, Alemania eta Estatu Batuak bezalako leku ezberdinetako) hainbat pertsonari gauza bera gertatu zaie. Eta diabetesa diagnostikatu dieten bizpahiruri ere bai, orain arte osasun edo elikadura txarrarik izan gabe.

Nik, medikuntza ikasi ez dudanez eta horrelako gauzez ideiarik ere ez dudanez gero, galdetu nuen ea nola gerta zitekeen horrelako zerbait, ordura arte inolako arazorik izan ezean. P-ren arabera (bere sendagilearen arabera, hobeto esanda), batzuetan arazoa ez da elikadurari kontzienteki jaramonik ez egitea eta gaixotasun edo intolerantzia bat garatzea. Batzuetan (eta gero eta sarriago), jaten dugunaren lehengaietan datza arazoa.

Ahora eramaten dugun guztia (irina edo azukrea, beste mila gauzaren artean) hain prozesatuta eta finduta dago, ezen erosketa-saskira iristen denerako nutriente gehienak galdu baititu. Eskala handiko nekazaritzari esker fruta eta barazki berdinak eta politak eros ditzakegu, baina askotan zapore gutxikoak (eta auskalo zein kalitatekoak), heldu baino lehen bildu ohi direlako. Haragiak hormonak eta antibiotikoak ditu, arrainak merkurioa… eta orain, antza, ia denak mikroplastikoak ditu.

Nik ezin dut egiaztatu horrek guztiak intolerantziak edo diabetesa eragiten dituenik (esan bezala, ideiarik ere ez baitut), baina ez da beharrezkoa medikuntza ikasi izana ohartzeko hori ez dela ona eta lehenago edo geroago gure osasunean eragin txarra izango duela (edo dagoeneko eragin txarra duela, nahiz eta gu urte batzuk barru konturatuko garen, erremediorik gabe gaixotzen garenean). Nire aitonak ironia handiarekin esaten zuen bezala, gutxiegi gertatzen zaigu.

Arazoa ez da, askotan esaten den bezala, indibiduala. Zalantzarik gabe, nik neure osasuna zaindu eta ohitura osasuntsuak izan ditzaket. Baina nik ezin dut kontrolatu garia nola landatzen den edo ogia egiteko irina nola prozesatzen den. Nik ez ditut kontrolatzen jaten ditudan animalien bizitza eta elikadura, ezta uraren, airearen eta lurraren kutsadura ere. Eta, hala ere, behartuta nago horren ondorioak jasatera.

Eta hauek lehenago edo beranduago nabarituko dira, eta orduan beranduegi izango da konpontzeko. Agian, dagoeneko beranduegi da. Beharbada, hori, munduko egoera politiko ezegonkorra, klima-aldaketa edo pandemia berri bat bezala, kezkatzeko beste arazo bat baino ez da etorkizunari begiratzera ausartzen garenean. Agian kezkatzeari utzi, eta onartu behar dugu suntsipenaren bidean gaudela, eta topa egin behar dugu, geratzen zaigun denborari eta denboran, posiblea den bitartean. Bada, azkenean, beti jakin genuen ez ginela hemen betiko egongo.


 

Izaskun Gracia Quintana