SUDUR GORRIA: PERTSONA BATEK BERE BURUA TOPA DEZAKEEN LEKURIK TXIKIENA
Mikel Osete Aranda (1978, Iruñea) pailazoa da. Ohiko bideetan barna zirrikituak eta leku sekretuak bilatzen dituen ameslaria. Errotxapeako auzoan jaioa, Azuelo plazan patinatzailea izandakoa, bere hamaika irristaldiek eta tupust egiteko joerak Oreka Zirko Eskolara bideratu zuten. Hor, beste disziplinen artean, klowna ezagutu zuen eta, badakizue: pailazo batek jarraitu nahi duen bidea behin topatu ondoren, ezerk ez du geldituko. Heriotzak, agian, bizitzak prestatu digun azken broma (Mikelek dixit). Osetek berak bere eskuekin eraikitako harrizko etxera inguratu naiz elkarrizketa egitera. Kanpoan eseri gara, intxaurrondoaren itzalpean. Galderen erritmoa etendu nahiko balute bezala, katu txiki bat oiloekin jolasten da tarteka.
Zure bizitza gustuko al duzu? Ezagutzen zaitudanetik ikusi dut oreka batera iritsi zarela: alde batetik, lan arrunta dei genezakeen lanbidea duzu eta, bestetik, zure lan artistikoa; pailazoarena. Artetik bizitzea oso prekarioa ohi da eta gogorra izan ohi da. Pozik zaude lortu duzun orekarekin?
Entzun izan dut zirkuetan bertako langileek hasiera batetan disziplina ezberdinetan lan egin behar zutela eta adin jakin batera heltzean, oso gauza fisikoak egin ondoren eta ikasketa prozesu luze baten ondotik, klown izatera iristen zirela. Pailazoaren errutinak akrobaziak, slapstick-ak eta ariketa fisikoak dira, baina horretaz gain, bizitzaren inguruko esperientziak izan behar dituzu. Hanka-sartzeekin eta akatsekin erlazioa izan behar duzu. Badira oso gazteak diren klownak zoragarriak direnak, baina uste dut badela esperientziak eta denborak ematen dizun materia hori klown izateko beharrezkoa duzuna. Horregatik daude klown izaten ikasteko tailerrak helduz beteta (kar kar kar). Horregatik denbora eta pertsona bezala (lana, emozioak) oreka batera heltzea garrantzitsua dela uste dut klown bezala aritu ahal izateko. Materiala izateko.
Bide horretan zer izan da zailena?
Alde batetik langile bezala duzun ardura, asalariatu bezala, eta bestalde, gauzak egin nahi izatea; gauza artistikoak eta hor ere ibilbide profesionala eraikitzen eta defendatzen joatea.
Adibidez, nire etxea nire kabuz eraiki izanak eta markatuta ez zeuden bideetatik ez joan izanak ahalegin handia suposatu dit. Askotan gaizki sentitu izan naiz, lekuz kanpo nengoela, ez nindoala besteek hautatu zituzten bideen pareko, baina bat-batean heldu da une bat bizitzan non sentitu dudan bide horiek zeharkatu nitzakeela. Haien artean, pailazoarena. Autoezagutza ere beharrezkoa dela uste dut pailazo bezala aritu ahal izateko.
Oreka, erridikulua eta autoezagutza klownaren ezaugarriak direla esan ohi duzu. Uste al duzu gizaki guztiek alde erridikulu bat dugula?
Ez dugu alde bat; erridikuluak gara. Gure bizitzan pisu handiagoa dauka gure alde erridikuluak eta traketsak uste duguna baino. Askotan alde hau ezkutatzen saiatzen gara, baina uste duguna baino pisu handiagoa dauka gure egunerokotasunean. Bizitzan segurtasun gutxi daude, baina horietako bat da akatsak eta okerrak biziko ditugularena. Kantitate izugarrietan biziko ditugu. Horrekin konektatu ahal izatea egundokoa da eta hor dago pailazoaren lana ere.
Baina zergaitik ezkutatzen dugu ergelkeria? Erradikala izan daiteke umorea, baina ezkutatzen dugu, ezta?
Denak batera bagoaz, ildo beretik, horri arrakasta deritzaio. Eta holako espazioan norbaitek hanka sartzen badu, irri egingo diogu. Bidetik ateratzen delako. Baina arrunta da tupust egitea. Irri horrekin okertu denari adierazten dioguna da bidetik ez ateratzeko, okertu dela, kontuz ibiltzeko, denon artean osatzen dugun taldetik ez urruntzeko. Zaintzearren egiten dugu, askotan ere kontrolatzearren.
Adibidez, demagun ergelek osatutako bilera garrantzitsuan gaudela. Hori baita enpresa bilera bat: ergelez osaturiko multzo bat non bakoitza ergela ez dela erakusteko saiakera soilan etengabe ahaleginduko den. Eta zergatik ezkutatzen dugu gure ergelkeria? Zer nolako gizartea eraiki dugu non denok arrakastatsuak izan behar dugun, nahiz eta inozo hutsak, akastunak, inperfektuak, garen? Holako espazioan umorea agertzea suspertzailea izango litzateke.
Askotan esan izan da barre egitea erresistentzia ekintza dela. Ados al zaude baieztapen honekin?
Demagun, aurreko galderan aipatutako bilera garrantzitsuan pailazoa eszenan sartzen dela: hor pailazoa formalismo eta estatusaren aurka agertuko da. Ematen duelako uneoro garrantzitsu eta perfektu agertu behar dugula jendaurrean. Badirudi formalismoak eta arrakastarako joera horrek jendea konbentzitzen duen gaixotasuna dela. Pailazoa eszenan sartu orduko, hamar segundotan erakutsiko du pertsona batek aulki baten kontran estropezu egin dezakeela, grapagailu batekin eztabaidatu dezakeela edo paperontziari barkamena eska diezaiokeela. Eta une horretan prestigioaren zutabea erortzen da. Barreak gogoraraziko digu inor ez dela ez perfektua eta izaki ergelak garela. Gurera ekarriko gaitu. Garen horretara, presioa atzean utzita. Ez al da hori miresgarria eta boteretsua?
Beldur al da boterea umorearen aurrean?
Barreak aparteko gaitasuna du errealitatearen proportzioak aldatzeko. Umoreak puxikak lehertzen ditu eta egoak husten ditu. Eta hori beti da arriskutsua hutsik egin gabe eta perfektua balitz bezala agertu behar duen edozein autoritaterentzat. Erdi Aroko bufoiak ederki zekien hori; bera zen erregeari egia esan ziezaiokeen bakarra burua galdu gabe. Jolas gisa mozorrotutako egiak askotan zuzeneko konfrontazioak ezin dituen bideak topatzen dituelako. Baina pailazoak ez zuen erregea bakarrik jomugan jartzen, baizik eta bere buruaz ere barre egiten zuela. Oinarrizko aldea da hori. Besteez bakarrik barre egiten badugu, umorea indarkeriaren antza gehiegi hartzen du azkenean. Benetako pailazoak bere banitatea urtuko du eta beste inoren jokaera zuzendu aurretik, akatsak egingo ditu, estropezu egingo du.
Agian horregatik da umorea hain deserosoa edozein fanatismo motarentzat. Fanatikoek ziurtasun absolutua behar dute, pailazoaren elikadura zalantza den bitartean, segurtasun falta, galdera ikurra. Norbaitek "Hala da" esaten duenean, pailazoak galdetzen du: "Eta horrela izango ez balitz?". Lerro zuzenaren gainean ibiltzeko agintzen diotenean, atzerantz eta itzulipurdika dantza egin dezakeela deskubritu ohi du eszenatokian pailazoak. Eta une horretan, biktimak sortu beharrean, galderak pizten ditu ikusleen buruetan. Prozesu guzti hori nola garatzen doan ikustea liluragarria da.
Pailazo batek badu gaitasunik mundua pixka bat aldatzeko? Zein zentzutan?
Indibiduo bezala, bai, ez bakarrik kolektibo bezala, baizik eta pailazoa ere gizakia den aldetik, beste egia alternatiboa planteatuz, munduan egoteko beste forma irudikatuz, mundua bere esku artean sostengatuz, malabare txiki bat egin dezake.
Zer irakasten digu porrotak hau eszenatokian ematen denean?
Pailazoaren bertute bat da bere hanka-sartzeak bere obra sortzeko erabiltzea. Bere errutinak zabalik daude inperfekzioaren aurrean, ez itxita, aukera dago akatsekin jolasteko, honako hau aprobetxatu eta birziklatzeko. Horretan datza pailazoaren artea. Bizipen gogorrak gainditzen laguntzen digu, haiengandik ikasteko. Eta artea da hori eszenatokian zein bizitzan egiten jakitea. Zentzu horretan, klownaren abiapuntua edo materia bizitza dela esan dezakegu. Akatsa eta okerra oso interesgarriak dira ikaratu egiten ez bazaituzte. Eroso egon hor eta okerra onartu. Niri hau oraindik kosta egiten zait jende aurrean nagoenean.
Zein da norbaiti barre egin eta norbaitekin batera barre egitearen arteko aldea?
Magiaren izate ezberdinen antzekoa da. Barreak botere bat dauka eta onerako zein txarrerako erabil daiteke. Alderdi bat osasuntsuagoa da. Barrea ez nuke besteei iseka egiteko erabiliko, nahiz eta boterearen aurka erabil daitekeen honako hau zalantzan jartzeko. Norbaitek iseka egiten digunean, horrek mina eragiten badigu, boterea ematen ariko gatzaizkio. Norbaitek umorea egin dezake zuri buruz, baina zuk bikoitza barre egin dezakezu. Hor umoreak mingarria izan nahi duen umorea desaktibatuko luke.
Zergatik erlazionatu ohi dugu pailazokeria giza egoerarekin?
Inperfekzioa, okerra, ergelkeria: goian aipatu bezala, guzti horretatik ihes egin nahi dugu. Oso lotuta dago gizakiarekin, gaur egungo irudi perfektuaren gizarte honekin. Baina errezagoa suertatzen da hanka-sartzea erantzun zuzena ematea baino; hein batean errezagoa da itsusia izatea ederra izatea baino. Alderantzizko mundua dirudi. Pailazoak guda hau planteatzen du eta bere mugekin jolasten da etengabeko malabare-mugimenduan.
Umorea galdu duen gizarte batean bizi al gara, edo barre egiteko modua aldatu besterik ez da egin?
Umorea ez da galtzen. Aharrausi egitea bezalakoa da. Hor dago, naturala da. Barre egiten ez duten pertsonengan ere, barneko barrea dagoela esango nuke. Adierazten ez denean ere, hor dago. Gizakiok partekatzen dugun zerbait da eta gure berezitasuna da. Makinentzat zaila da hau imitatzea. Barrea esperientzia partekatua da eta izaki sozialak garen aldetik, hori galtzea ezinezkoa dela uste dut. Lokar daiteke, baina hor egongo da, sakonean, bidezidorrean.
Zer adieraz dezake isiltasunak edo isilune batek barre-algarak adierazi ezin duena?
Biek gauza ezberdinak adierazten dituzte. Isiltasuna publikoaren eta aktorearen arteko konplizitatea edo arnasketa partekatua partekatzeko erabiliko nuke. Zerbait erritmikoa da. Eta barrea zerbait fisikoagoa da, funtzionatzen badu, normalean aldi berean eztanda egiten duena. Barrearen aurreko isiltasuna oso ederra da; geure baitan murgiltzen gara, pentsatzen dugu, ikusi duguna aztertzen dugu, eta gero barre egiten dugu. Elkarrekin eman behar dira (isiltasuna eta, ondoren, barrea, ondoren isiltasuna…, sekuentzia bat bailiran). Elkarri laguntzen diote.
Zer dute amankomunean pailazoek eta haurrek munduari begiratzen diotenean?
Gauzak lehenbiziko aldiz ikustea, xalotasuna, jakin-mina, errealitate oso pertsonal eta bakarra kutsadurarik gabe hautemateko gaitasuna, irudimenerako gaitasuna. Denok ditugu gaitasun horiek, baina haur batek badu abantaila gehigarria hor haurtzaroan, bere buruaren bilakaera jakin-minari eta irudimenari lotuta daudelako. Azido bidaia batek Einsteini emango liokeen ikuspegia bezala litzateke. Pailazo batek guzti hau landu eta azter dezake, begirada metaforikoa, baina ez gara haurren imitatzaileak. Errealitatea metaforizatzeko gaitasuna txikitan dugun super boterea da, baina gero hori artista garenok trebatzen jarraitu behar dugu, elikatzen.
Zeintzuk izan dira zure erreferenteak?
Oso zaila egiten zait erreferenteak hautatzea. Hasteko, txikitan telebistan agertzen ziren pailazoak ikusten nituen. ETB1-eko Algara zirku eta klown programa (hasierako fasean, gero estiloa pixka bat aldatu zen) zuzenean jarraitzen nuen. Programa horri esker Michel Courtemanche pailazoa ezagutu nuen eta horrek eragin handia izan zuen nigan. Inguruan izan ditudan pertsonak ere aipatuko nituzke. Adibidez, nire etxean Lina Morgan ikusten zen, nire amak Lina imitatzen zuen eta nire aitak ere bromak egiten zituen. Oso umoretsua zen. Lagunak ere eta ondoan izan ditudan pertsonek umorearen izaera nolakoa den ulertzea eragin didate. Esan bezala, guztiok dugu pailazo bat barruan ate joka, atera nahian. Hortik asko ikasten da. Bestalde, beti nabil etengabeko formakuntzan eta tailerretan mundu mailan ezagunak diren klown ezberdinekin. Hori oso aberasgarria izan da, baita haien inguruko irakurketak, entzun ditudan elkarrizketak eta bere poetiken ezagutza.
Zure azken lana, Return of Delirios, Baratxinto Festeko egonaldiko beka jaso zuen eta Bagatza Antzerki Jaialdian estreinatu zuen Osetedelirios zure antzerki, klown eta zirko konpainiak. Bertan, beste gaien artean, besteei eragindako mina ulertzen ez duen pertsonaia da protagonista, Delirios. Delirios Las Vegaseko historiako artistarik ikonikoenetako bat izan da, bere oreka, prestidigitazio eta malabar ikuskizun xelebre eta bereziagatik ezaguna. Orain Las Vegasera itzuli da behin betiko agurra emateko. Zer nolako esperientzia izan da antzezlan hau muntatzea eta martxan bakarrik jartzea?
Obra lehen aipatu dizudan estatus horri buruz mintzatzen da. Handiusteko pertsonaia da Delirios, denbora pasa ondoren dena ongi egin duela pentsatzen duen horietakoa. Tontolapiko hutsa da, egia esanda. Horregatik aukeratu nuen doinua umorearena izan zen. Eta oso oso ongi pasa izan dut obra irudikatzen, atrezzoa sortzen eta antzezana jende aurrera eramaten. Momentu latzak egon dira, zalantzazkoak, urduritasuna, badakizu, baina orain oso pozik nago emaitzarekin eta, gainera, aurten Araiako umorezko antzerki jaialdirako hautatua izan da.
Pailazo izan nahi duen norbaiti aholku bakarra eman beharko bazenio, zein izango litzateke?
Pazientzia izateko, klown bezala aritzea bizitza osoan zehar burutzen den lana delako. Arte forma askotan gertatzen den moduan, auto-ezagutza handia eskatzen du klownak. Pixkanaka ezagutzen duzun pertsonaia bat da zure klowna, zeu zarena, eta urteetan zehar garatzen doa, Bizitza osoa duzu bertatik ikasteko. Zugandik. Beraz, izan pazientzia. Bizitzarekin bezala. Denborarekin zerikusia dauka zentzu honetan klownak.
Eta bigarren aholkua: ondo pasa. Beti egiten ari zara akatsak, eta zure ikuskizunean jendeari barrea zerk eragiten dion badakizula uste duzunean, deskubritzen duzu ez dela hori. Misterio bat da. Interesgarria da ikustea zer sortzen duzun eta jendeak zugan zer ikusten duen zuk zeuk ere ikusten ez duzuna. Sorpresak bizitzeko espazioa da eszenatokia. Hori beti da interesgarria niretzat pailazogintzan.