SUBLIMEA, BENETAN SUBLIMEA
Idazleei egozten zaie etorkizuna asmatzeko eta bizitzen duten egunerokotasun garaikidea zehatz aztertzeko trebezia. Autore batzuen amesgaiztoak egiaztatu dira. Adibide bakar bat emateko, 2020ko Covid pandemiaren denborako konfinamenduaren luzeran ospetsu egin zen Georges Orwellek 1949an “kometitu” 1984 nobela. Estatuen indarra, jendeen intimitatean sartzeko joera, diskurtso anbiguoak plazaratzeko jaidura tentagarria: ezaugarri horiek aurkitzen dira ingeles idazlearen eleberrian, bai eta gure gaurko fake, post-egia, gizarteak osatzeko eta banatzeko puxantenek erabiltzen dituzten gorroto ildoak eta beste. Esklabo izatea libre izatea da eta antzeko perpausekin betetzen dizkigute buruak konplotista eta negazionista armadek.
Bere hausnar literarioekin, beraz, zuzen ibil daiteke izkribatzailea. Arras engainatzen ahal da haatik. 1984ko urriaren 16an, sendia barneko trama hits baten ondotik, Vosges eskualdeko Volognes ibaian, zangoak eta besoak loturik hilik atzeman zen lau urteko Gregory Txikiaren aferak bazterrak nahasi zituen. Berrogei urte beranduago, ez da argitu nork edo nortsuk hil zu(t)en mutiko gaizoa. Hainbat pertsona ikerketa pean egon ziren, Gregoryren aitak bere koinatua tiroz akabatu zuen bera izan zela uste zuelako, amona eta aitona ere akusatu zituzten... inkesta, hondarrean, isiltasunaren eta omerta familialaren urmaeletan itotzera utzi zuten, tribunalen eta prentsa idatziaren konplizitatearekin. Bele bat bazen, gutun anonimoak, tranpak, egiazko nobela beltza haur baten bizia sakrifikatu ez balitz. Jeloskeria sozialak, halaber, bazukeen eraginik familia horren zati batean, Jean-Marie Villemain, Gregoryren aita, kontra-maisu bilakatu zelako bere enpresan: batzuek ez zuten nahi Christine eta Jean-Marieren bikotearen zoriona osoa suerta zedin!
Sobera maite dugun Marguerite Duras handiak ez zuen huts egin. 1985eko uztailaren 17an, Libération egunkarian plazaratu zuen Sublime, forcement sublime Christine V. deituriko artikulua. Duras, Lepange-sur-Volognes herrian egon zen Christine Villemainekin geratzeko, baina honek ezezkoan ihardetsi zion. Ordukoz, amari leporatzen zioten bere semearen hiltzailea izatea. Krimen larriaren muinera heltzearren, Duras medium bihurtu zen, froga ezen eta oinarrizko errugabetasun printzipioaren gainetik: Christine V. jartzen du Medea mitikoaren lekuan, bere senarra sufriarazteko, -Jason infidela bailitzan-, Gregory urkatu eta ito zuela izkiriatuz, jestu letal hori, sublimea, benetan sublimea zela paperean etzanez. Paristar intelektual gisa kontsideratzen zituen probintzia ilun eta atzeratu haietako bizimoduak: dio etxeen entzierroan zer agitzen den ezin dela jakin, bikotearen legea gizonentzat dela, Gregory hil zuela Christinek eztitasun edo amodio ero olde batean.
Oroitzen naiz Marguerite Durasen lana atera zenean bertan irakurririk. Paueko unibertsitateko patioan nintzen, eta gaitzeko zirrara hazi zidan, ederra kausitzen nuelako eta ankerra aldi berean, bereziki Christine Villemain Gregory txikiaren hiltzailea ez baldin bazen -eta ez zen! Idazlea ari zen fede-txarrez, errealitatearen eta literaturtasunaren artean dantzan, bere famaren onerako, alabaina. Horrelakoxea baitzen Duras, irekia, baina sakonean, gu guziek bezala, berekoia. Artikuluak erreakzio franko sortu zuen, zenbait zoratuak, gainerakoak indignatuak. Berridaztekotan, zati batzuk kenduko zituela aitortu zuen, bere hitzek orokorrean ez ziotela kalterik egiten Christine V. jainkosa greziarrari erantsiz.
Noizbehinka aipatzen da Gregory Txikiaren cold case hau. Horretan arrazoi zuen artistak: sendiak bultzaturik egin zuen bere sarraskia krimenaren egileak, horregatik hain trinkoki atxikitzen dute sekretua. Aurtengo urrian berriz leitu dut Durasen hiru orrialdeko fikzio literarioa, gustura beti, baina iruditzen zait, aldi horretan, Duras tronpatu zela, hobeko zuela isilik egonik, nahiz eta... idazleak ez dion bere mundua erratearen desioari nehoiz uko egin behar!
Eta Gregoryren so kokina hor daukagu guri begira.