Artikulua :: IZASKUN GRACIA 2024/03/01

SORKUNTZARI (EDO HAREN KONTSUMOARI) BURUZ

Urtea hasi baino lehentxeago, sare sozialak sutan jarri ziren idazle baten adierazpenen aurrean, liburutegiez arranguratzen baitzen (argitu ere egin behar da idazle horren liburuak bestsellerrak direla; hau da, diru pilo bat irabazten du, idazle gehienek ez bezala). Hain zuzen ere, beraren ustez, liburutegiak doako zerbitzua izatea arazo handia zen, egileek dirurik jasotzen ez zutelako jendeak beren liburuak irakurtzen zituenean.

Alde batera utziko dut baieztapen hori egia ez dela, Cedroko kide diren autoreek ondo dakiten bezala. Guztiz salatu nahi dut, ordea, autore horrek liburuak erosi ezin dituzten irakurleenganako (ahaztu ez dezagun liburuak —eta zinema, antzerkia eta ia kultura osoa, oro har— gero eta garestiagoak direla) erakusten duen enpatiarik eta elkartasunik eza. Benetan gogaitzen du bere liburua inolaz ere erosiko ez duenak (ezin duelako) maileguan hartzeak? Bene-benetan, oso kaskarra eta elitista izan behar du horrelako zerbaitez kexatzeko.

Eta argi gera dadila idazleok dirua irabaztearen aurka ez nagoela, nola ez ba! Nik ere milioika liburu saldu eta aberastu nahi dut. Baina pertsona bati liburuak irakurtzeko (edo filmak edo telesailak ikusteko, material akademikoa kontsultatzeko edo liburutegiak eskaintzen dituen beste gauza guztiez gozatzeko) eskubidea eta aukera kendu nahi izatea, zure liburuen salmentarekin irabazten duzuna baino pixka bat gutxiago irabaziko baituzu… benetan patetikoa da.

Ematen du kultura-sorkuntzaren alderdi garrantzitsu bakarra harekin irabaz edo egin daitekeen dirua dela, eta hori benetan kezkagarria da. Horrek (saltzeko edo gure lana kontsumitzeko gogo horrek), hala ere, duela aste batzuk zinema-zuzendari ospetsu batek egungo zuzendarigaiei buruz esaten zuena gogorarazi dit. Berak zioen etorkizuneko zuzendari horiek filmik ikusten ez dutela, eta egungo zinema-zuzendari pare bat bakarrik izendatu ahal dituztela (eta zuzendari klasikoen artean, bakar bat ere ez). Eta horretaz pentsatzen dut, duela urte batzuk irakurtzen ez zuen idazlegai bat ezagutu nuelako (hain zuzen, harrotasunez bizitza osoan lauzpabost liburu irakurri zituela onartu, eta ipuinak haurrentzako testuak besterik ez zirela esaten zuen). Aktoregai bat ere ezagutu nuen, harro baino harroago aitortzen zuena: «Ni aktorea naiz, ez dut zertan ezer jakin antzerkiari edo zinemari buruz».

Badirudi artistentzat, espiritua elikatzen eta gure bizitza aberasten duen kultura sortzearen arduradunentzat, paradoxikoki, bakarrik garrantzitsua dela kulturarekin zerikusi handirik ez duen guztia: itxurakeria, estatusa, arrakasta erraza, gogoetarik eza, azkartasuna, iragankortasuna… Laburbilduz: kontsumoa.

Ez dut esaten gaur egungo artista guztiak horrelakoak direnik (egia ez baita), baina beldurra ematen dit horrelako artistak gero eta gehiago direla pentsatzeak. Pena ematen dit kultura beste produktu bat bihurtzen ari dela ikusteak, gozatzen eta gainditzen ez den kontsumo-objektu bihurtzen ari dela, gure burutik eta arimatik desagertzen dela produktu berri, ikusgarriago edo cool-ago bat agertu eta berehala. Eta drama honen erantzule nagusiak, askotan, sortzaileak berak direla.

Agian, irtenbidea kontsumitzaileen esku dago. Agian publikoak (irakurle, ikusle, musikazale, artezaleak…) beste sorkuntza-mota bat, beste kultura bat eskatu, exijitu behar du. Agian kalera irten behar dugu guztiok, beste alde batera begiratu beharrean, erakusgela, musika-areto, kultura-zentro, liburutegi edo argitaletxe bat ixten denean, eta sormenerako (eta kulturaz gozatzeko) bekak eta diru-laguntzak desagertzen direnean. Nola saihestuko dugu, bestela, merkatuak gure arima nola elikatzen dugun diktatzea?

IZASKUN GRACIA