SORKUNTZAREN MEKANIKA
Duela guti, Iparraldean ia denek leitzen duten Sud Ouestaren igandeko alean Dordoinakoa den Gilles R. batek hau zioen irakurleen zutabean:
"Kalkulagailuak buruzko kalkuluari (kalkulu mentalari) egin dioena, Adimen Artifizialak giza pentsamenduari egiten ari dio. Gaur, belaunaldi oso batek ia ez daki gehiago begien aitzinean duen pantailari begiratu gabe xeherik itzultzen. Bihar gai izanen ote gara problema konplexuago baten ebazteko, testu kritiko baten aztertzeko edo algoritmoaren laguntzarik gabe arrazoinamenduaren eraikitzeko? (...) Zinezko arriskua ez dago makinen botere hartze ikusgarrian, baizik eta, aisetasunera lerratzeagatik, gure adimenaren ahalmenen galtzean. Adimen Artifizialaren (AA) abiadura lasterreko aitzinamendua nabarmena da pertsonaren ahalak handitzen dituen bitartean, hura ordezkatzen ez duen bitartean. Ordea, ahaleginaren gustuaren zaintzeko eta gure pentsamenduaren burujabetzaren gerizatzeko indarrik ez ukanez, argindarra itzaliko delarik funtzionatzeko gai izanen ez den, hauskorra izanen den, zibilizazio lagundua prestatzen ari gara."
Bruno Patinoren arabera berriz (Giza - zaharkitzapen - garaia - Le temps de l'obsolescence humaine, Grasset 2026), iraultza numerikoak hiru aldi ditu: 1989tik landa Interneten iristearekin Sarbidearen aldia (L'ère de l'accès) dei genezakeen garaia; 2007tik landa, telefono adimendunaren (smartphone) heltzearekin Zabaltze - garaia (L'ère de la propagation), non gu bakoitza zerupean zabalik dagoen meategia bezala gauden; 2022tik landa, Chat GPT Adimen Artifizialaren bertsio generatiboaren iristearekin Teilakatze - garaia (L'ère de l'imbrication), "guztia guztiarekin gurutzatzen "den garaia", "Jendea makinarekin. Egia gezurrarekin.". Den-dena elkarri josia.
Errealitatearen eta birtualitatearen arteko mugen "lanbrotze" horrek Beloken (Lapurdi) maiatzean Adimen Artifizialaren inguruan izan ziren mintzaldietan post-humanismoa eta etorkizun-espekulatiboak aztergai dituen Peggy Vermeesch psikologoari entzuna jin zait burura: Programa daitekeen Bestea: giza - AAren arteko harremanen anbiguotasun ontologikoa - L’Autre programmable: ambiguïté ontologique des relations humain-IA.
Vermeeschek azpimarratzen du, XXIV. mendean kokatzen diren Star Trek-en unibertsoetan (New Generation, Deep Space Nine, Voyager) " teknologia holografikoa egunekotasunaren parte dela osoki":
Materiaren simulazio -sistemekin eta adimen artifizialekin bateraturik, holodeck-ek zentzumenen aldetik pertsonaia holografiko erreaktiboz beteak eta errealitate fisikotik bereizezinak diren gizarte-interakzio esanahidunak ahalbidetzen dituzte, simulazioaren eta bizi esperientziaren arteko muga lanbrotzen dituzten, murgiltze-inguruneak sortuz.
Errealitatea non da? Non artifizioa?
Literatura-sorkuntzaren inguruan muga lanbrotsu horien trebesatzeaz akusatua izateak polemikak sortaraz ditzake. Preseski, hori zaio garai hauetan gertatzen ari kanadar-haititarra den Orélien Thélyssoni bere C'était ça ou mourir - Hori edo hiltzea zen, nobelaren inguruan. Bi hitzez laburtzeko : Thélyssonek berak idatzia nobela, ala Adimen Artifizialak?
Eztabaida horren ibilbidea hemen egin dezagun laburzki. Martxoaren 10ean Boréal argitaletxean agertzen da Thélyssonen nobela, Québecen. Agorrilaren 26an Grasset argitaletxe frantsesak deretxoak erosten ditu. Eta berehala ikaragarriko arrakasta lortzen du C'était ça ou mourir-ek bai Québecen eta bai Frantzian.
Frantziako literatura-etxe ospetsuenek, Goncourtek, Feminak, Médicisek, Renaudotek beren sarien aurre-hautaketetan txertatzen dute eleberria.
Eta hara non, irailaren 21ean, Thélyssonen eleberriak Fnac saria irabazten duen egun berdinean, Balance ton Claude (Anthropicek zabaltzen duen hizkuntza-programa da Claude), X-eko kontu anonimo batek dioen Orélien Thélyssonek Adimen Artifizialarekin duela bere eleberria idatzi... Ikaragarriko eztabaida sortzen delarik berehala, bai Frantzian eta bai Québecen eta bai nazioartean.
Egun batzuk geroago, Le Figaron kronikegile den Samuel Fitoussi saiakeragileak aitortzen du Balance ton Clauderen gibelean bera dagoela, bai eta ere "proiektu kolektibo" baten inplikazioa. Jakiten da Pangrave 4 programarekin orraztatu dutela nobela eta horrela dela agertu Thélyssonen eleberria Adimen Artifizialarekin dela idatzia izan.
Thélyssonek dena ukatu du. Jada, Goncourtek sariaren aurre-selekzioko zerrendatik kendu du C'était ça ou mourir. Berdin egin du Médicisek.
Polemika hanpatu da. Arrazakeriagatik dela, Thélysson beltza delakoz dela (ikus Christine Le Quellec Cottier-en hitzak: "Frantzian nobelen harrera arrazializatuak beti dirau"), Politikagatik dela, Fitoussik eskuineko Le Figaro-n idazten duelakoz edo, berehala eskuin muturra notizia horretaz baliatu delakoz. Ahantzi baitzait zehaztea Port-au-Princen historia-geografia irakaslea zen, eta gero Haititik Kanadara buruz, Ameriketan barna, iparrerantz, herriz-herri eskapu joanik ibili den Jonas Dorléon izeneko migrantearen bidaiaz ari dela C'était ça ou mourir
< https://www.babelio.com/livres/Orelien-Cetait-ca-ou-mourir/2009307>.
Ordea, 2012-2014 urteetan Thélyssonek La Presse-n eta beste hedabide batzuetan idatzi kronikak plagioak zirela jakin da duela guti <https://www.lemonde.fr/idees/article/2026/09/25/le-cas-thelyson-orelien-accuse-d-ecrire-avec-l-ia-est-un-seisme-pour-le-monde-litteraire-qui-campe-sur-l-image-de-l-ecrivain-solitaire_6781936_3232.html>, berak hori aitortu duelarik (ikus ere Patrick Lagacéren artikulua La Presse-n:"Des soupçons d'IA au plagiat: j'avais tant aimé lire Thélisson Orélien").
Eztabaida horiekin, idaztearen zergatia eta funtsa dira zolatik hunkitzen. Virginie Despentek antzarak ferratzera igorri du Pangram (Pangram va te faire foutre <https://www.youtube.com/shorts/koD15YCMYwU>). Ingelesera itzuliak izan diren bere nobelak Adimen Artifizialak "jan" dituela salatzen du Despentesek, gehitzen du erranez Adimen Artifiziala Worden dela, Googlen dela, gure bizietan bortxaz sartua dela, eta gaurdanik kaier batean izkiriatzen duela.
Virginie Grimaldik berriz makina horiek idazleen estiloa "irensten" dutela eta gero haiek berek dituztela idazleak akusatzen, salatzen du.
Maxime Chattam idazlearen hitzekin burura dezagun kronika hau <https://www.huffingtonpost.fr/culture/article/apres-la-polemique-orelion-sur-l-usage-de-l-ia-on-pourrait-revenir-au-manuscrit-imagine-maxime-chattam_329969.html>:
"Ni Lehendabizikoa naiz ordenagailuan idazten dudana. Baina nork daki? Agian, iidazketaren materiari buruzko zerbait organikoagora itzuliko dira berriz autoreak: tinta, idazluma, papera. Eskuizkribuan zuzentzeak ikusiko dira, zirrimarrak, gibeleratze - urratsak. Eta hor bai sorkuntzaren mekanika begien aitzinean zaigula agertuko."