Artikulua :: IZASKUN GRACIA 2023/03/13

SOPAS

Askotan entzuten dugu lehen dena (lana, musika, zinema, giroa, harremanak…) hobea zela. Etorkizuna ere lehen hobea zela esaten duen norbait (Karl Valentin (1), hain zuzen ere) egon bazen. Salbuespenak salbuespen, nostalgia dela eta pertsona zaharrek esaten duten zerbait dela pentsatuko dugu. Izan ere, orainaldia ulertzen ez duenak iragana du babesleku, ezta?

Iragana (teorian, behintzat) mugiezina da eta gaur egungo arazo, ardura eta atsekabeak gehiegi direla sentitzen dugunean, babesa hartu ahal dugun leku perfektua dugu joan den garaia. Hor, urrezkoak izango balira bezala gordetzen eta edertzen ditugun oroimenetara itzul gaitezke: haurtzaroko aitona-amonen besarkadetara, lehen musuaren gozotasunera, lehen abenturen zirrarara… Ea benetan zoriontsu ginen geure buruari galdetzen ez genion garaira, agian, gaur egun ez bezala, gure zoriona munduari sare sozialetan behin eta berriz erakutsi behar ez genion eta.

Suposatzen dut defentsa-mekanismoa baino ez dela, gorriak ikusten ditugunean ziur, maitatuta eta zainduta sentitzen ginen lekura (garaira, kasu honetan) itzuli nahi izatea normala eta logikoa dela.

Baina tranpa ere izan daiteke. Adibide erreal bat ipiniko dut: txikitan, herrian geundenean, amonak «sopas» deitzen zuena prestatzen zigun ahizpa eta bioi gosaltzeko. Gosari sinple-sinplea zen: aurreko egungo ogi-zatiak eta koilarakada bat azukre botatzen zituen kafesnera eta kito. Gustura jaten genuen, bero-bero, eta niri izugarri gustatzen zitzaidan ogi-puska horiek (azal apur bat zutenak batez ere), kafesnetan busti-bustita, jatea. Oroimen hori burura datorkidan bakoitzean, zin egiten dut aitona-amonaren sukalde zaharra argi eta garbi irudikatzen dudala, eta ogia ahoan desegiten eta beroa sabelean eta amonaren maitasuna sentitzeko gai naiz. Nostalgiak bultzaturik, orain dela urte batzuk prestatu nuen gosari hori pare bat aldiz eta, noski, ez zen gauza bera. Jakin badakit kontua kafesnea edo ogia ez zela, baizik eta maite nuen erritua (amonaren eskuek gosaria prestatzen ikustea, amonaren hotsa entzutea, oinak gona-mahaipeko su-ontzi gainean jartzea, usainak…).

Agian, gauza bera gertatzen da beste kontu batzuekin ere. Agian, lehen, gauzak ez ziren hobeak, desberdinak baizik, eta aldaketa ez dugu gustukoa. Agian, azken urteotan gauzak azkarregi aldatzen ari dira eta nekatuegi edo lanpetuegi edo aspertuegi gaude beste adaptazio-prozesu bat (eta beste bat eta beste bat) hasteko. Agian, zahartzen ari garela konturatzea (eta onartzea) da arazo bat. Eta iragana orainaldi bihurtzeko nahia izango litzateke beste bat. Horrela bakarrik azal daiteke gaur egungo nostalgiaren ospakizuna, non gero eta film, serie, disko eta liburu (eta, tamalez, politika) gehiago joan den mendeko hamarkada baten edo beste baten aldarrikapena diren (eta espero bezala inoiz aritzen ez diren, jakina).

Era batean edo bestean historia aintzakotzat hartu barik, gure mundua beti berdina edo ia berdina izango zela uste genuen. Eta, nahiz eta denbora luze batean inguruko garapenaren eskutik aurrera egiteko gai izan ginen, guztiak poliki-poliki gainditzen gaituen egunetara heldu gara. Gauzak horrela, ez dugu ulertzen gaurko gazteak nola erlazionatzen diren, edo teorian bizitza errazagoa egin beharko lukeen teknologia… 

Eta oraindik ez zaharrak baina dagoeneko gazteak ez garen une hauetan inoiz baino galduago sentitzen gara.

Agian, arazo honen irtenbidea (bat egongo edo egon beharko balitz) galeraren onarpena izango litzateke; hau da, oroimenean gordetzen ditugun momentu «hobe» horiek maitasunez (edo nostalgiaz eta malenkoniaz, nahi bada) burura baino ez ekartzea eta gaurkotutako iragana sortzen ez saiatzea. Labur esanda, «sopas» aitona-amonaren sukalde zaharrean uztea.

 

(1): Die Zukunft war früher auch besser.

IZASKUN GRACIA