Artikulua :: Pako Sudupe 2025/10/03

Siliziozko kalbinismoaren mentalitatea (II)

Hor ikusten genuen Elon Musk, haserretu zen arte, Donald Trumpen ondoan, poz-pozik, eta haren kidekoak ere; inoiz baino gobernu-boteretik hurbilago; boterearen bizkar euren plataforma digitalak handiago egiteko irrikaz. Zer-nolako mentalitatea dute GAFAM akronimoak biltzen dituen Google, Apple, Facebook, Amazon eta Microsoft enpresa teknologiko estabatuar erraldoien zuzendariek? 

J.M. Lassalleren arabera (Civilización artificial. 2024), enpresa horiek monopoliora jotzen dute eta hori justifikatzeko argudiatzen dute monopolioak enpresei ez ezik kontsumitzaileei ere onurak ekartzen dizkiela, eta hori argudio utilitario indartsua da. Gainera, ongi ezkontzen da egoismoa giza erabakien motor eragingarriena dela dioen ideia neoliberalarekin.

Monopolioaren defentsa utilitario horrekin lotuta, siliziozko kalbinismo baten mentalitatea dago, Estatu Batuetan ekosistema teknologikoan eta haren barruan jarduten duten komunikazio-politiketan nagusi dena. Gogoeta bat da non plataformen monopolioan, plataforma horiek martxan jarri zituzten ekintzaileen arrakastaren santifikazio sekularizatua dakusaten. Kalbinoren predestinazioaren doktrinaren berregokitze laiko bat da, monopolioa zerbait moral, ia erlijioso bihurtzen duena. Besteak beste, talentua, meritua, ahalegina eta sendotasuna santutzen dituelako, bestela behar bezala babestuko ez liratekeen arriskuaren aurrean.

Estatu Batuetan eta Europaren zati batean, kultura digitala hegemoniko bihurtzen duen ikuspegi honetarako, monopolioa ameslarien ausardiarentzako saria da. Horretan sinesten dute Kaliforniako konpainia teknologiko handietako buruek, kasu, Elon Muskek, Jeff Bezosek edo Mark Zuckerbergek.

Horientzat guztientzat, mundua aldatzen duten ideia disruptiboak eurak bezalako liderrengandik sortzen dira. Ezagutza-dohain apartekoak dituzten ekintzaileak dira, eta horregatik gai dira gizarteen aurrerapen materialak ekartzen dituzten aldaketak zein diren sumatzeko eta aktibatzeko. Gizartean eragin erabakigarria izango duen boterea erabili nahi dute. Hori lortzeko, irabazleen eskubidea aldarrikatzen dute, poker-mahai batean jokatzen den guztia eramaten dutenena (winner-takes-all).

Nondik datorkie mentalitate hori, gaur egun AEBetako historian presidentearen boteretik inoiz baino hurbilago dauden aberats handi horiei?  Jarraitzen dugun autorearen arabera, Ayn Rand-en filosofiatik, zeinak eragin erabakigarria izan baitu plataforma teknologikoen kultura korporatiboan eta halaber, ekosistema digital osoan.

Ayn Rand Reaganen neoliberalismoaren erreferentziazko pentsalaria izan zen eta Atlasen matxinada nobela luzearen egilea. Bibliaren ondotik bigarren liburu irakurriena izan omen da AEBetan. Nobela horretan matxinoak ez dira klase zapalduak, baizik eta enpresaburuak, munduari bizkar gainean eutsi behar diotenak, politikari eta gobernuen lapurreten biktima baitira. Esan liteke Atlasen matxinada demokrazien aurkako apelazio iraultzaile bat dela; Ayn Rand idazlearen arabera, demokraziek beren zergekin ekintzaileen talentua zigortzen baitute, enpresa-arrakasta bultzatzen duten mozkinak biltzen dituztenez gero. Horregatik, Randek ez zuen batere zalantzarik izan gobernuak enpresarien eskuetan egon beharko luketela defendatzeko, haiek baitira gizadiaren aurrerapenerako motorra, eta haietxek gorpuzten baitute mundua aldatzeko aukera ematen duen botere-nahia, beren garaipen-grina egoistak bultzaturik.

Ideologikoki narratiba horretan oinarrituta, kapitalismo kognitiboak monopolioak eskatzen ditu eta botere hegemonikoa izateako borondateari txaloak jotzen dizkio. Demokraziarentzat onuragarri balitz bezala ikusten da hori; izan ere, plataforma teknologikoek hain prezio eskuragarrietan eskain ditzakete produktuak eta zerbitzuak, ezen Interneterako sarbidea eta aplikazioen gozamena orokortzen baitute hiritarren artean.

Arazotxo bat dago baina: monopolioak berezkoa duela despotismorantz jotzea eta horrenbestez, horien mendean despotismo ilustratu berri baten aurrean geundekeela, oraingoan digitala, eta AAn funtsatua. Hori eragozterik ba ote dugu?

Pako Sudupe