Artikulua :: Jon Eugi 2024/12/17

Shane McGowan

 2023ko azaroaren 30ean hil zen Shane McGowan, The Pogues taldeko kantaria. Azken urteak osasunez pattal eman zituen, gehiegikeriz betetako bizialdiaren ondorioz, baina uste guztien kontra, 65 urte bete zituen, eta hilabete eskas falta izan zitzaion 66ra iristeko. Jakina, taula gaineko kontzertuak aspaldi utzia zegoen. Ez dakit inoiz pop-rock munduko izar bat sentitu ote zen. Arrakasta ezagutu zuen, baina baita arrastaka ibili ere, alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoak bere osasunari kalte handia egin baitzioten. Ukaezina dena da kantu gogoangarri sorta bat utzi zuela. Beraz, eskertu beharrean gara mundu hau ederragoa izateko bere ekarpena egin zuelako.

1982ko urrian debutatu ondoren, The Pogues taldeak hamarkada horretan lekua egitea lortu zuen musikaren panoraman bere proposamen bitxi eta originalarekin. Irlandako musika tradizionala eta punka uztartu zituen. Londresko pubetan jende gutxiren aurrean aritzetik nazioarteko birak egitera igaro zen. Zuzeneko kontzertu basati samarrak eskaintzeagatik ere arreta deitu zuen. Guztira bost disko kaleratu zituen: Red roses for me (1984), Rum sodomy & the lash (1985), If I should fall from Grace with God (1988), Peace and love (1989) eta Hell´s ditch (1990). Taldea 1996an desegin zen, nahiz eta, abeslaria eta gainontzeko musikariak 2001ean berriz elkartu ziren bira bat egin asmoz. The great Hunger: the life and songs of Shane McGowan BBC telebista kate britainiarraren dokumentalean Bono, U2ko abeslariak hark idatzitako kantuengatik goraipatzen du. Izan ere, Shane McGowan laudatua izan zen letra egile gisa. Pasa den mendeko garai hartan bizi zutenaz eta inguruan ikusten zuenaz idazten zuela aitortu zuen. Dokumentalean bere alkohol dependentziaz ere ari dira. Elkarrizketatzaileari erantzuten ageri den irudietan edari alkoholdun edalontzia ez da falta mahai gainean. Artean gaztetxo bat zela garagardo bat edaten zuen gauero oheratu baino lehen. Bere jokaera justifikatzeko “adikziorako joera duen pertsonalitatea” zeukala dio.  Behin baino gehiagotan esan zioten bizimodu hura eramanez ez zuela luzaroan iraungo. Une batean taberna bateko barraren aurrean ikusten dugu, lagun artean. Nahikoa garagardo edanda nola ez, kantu bat abesten hasten da, bera bakarrik ahoz goran, inguruko guztiak adi entzuten daudela. Eszenatoki baten gainean dagoen kantari batek izan dezakeen glamourretik gutxi du eszenak.

 Nik ez dut ongi gogoratzen zein izan zen entzun nuen The Pogues-en lehenengo kantua, beharbada Fiesta izango zen. Guregana ere 1980ko hamarkada horretan iritsi zen taldearen musika. 1989. urtean Donostian kontzertu bat eskaini zuen UB40 taldearekin batera baina ni ez nintzen joan. Garai hartan gustura entzun nituen kantu ezagunenak baina, hala ere, ez zen iritsi nik gogokoen nuen taldea izatera. Musika estilo hori ere ez da izan, inondik inora, nire gustukoena. Denboraren poderioz, abesti haiek entzuteari utzi nion eta nire iraganeko biografiaren fosil musikal gisa gelditu ziren.  

Baina, gauzak zer diren, duela urte batzuetatik hona berreskuratu egin nituen urtearen amaierako sasoi honetan. Pertsona batzuek erritual jakinak izaten dituzte Gabonetan; urtero film berak ikusten dituzte, edo ekitaldi konkretuetan parte hartzen dute. Bada, nik ere badut bat: The Pogues-en kantuak entzutea. Ez dakit zehazki noiz eta nolatan hasi nintzen. Agian, Fairy tale in New York gabon kanta, (inoiz konposatutako ederrenetako bat), berriz entzuteari zor diot. Kontua da Gabon gaua baino lehen, Eguberri egunean, Gabon Zaharrean nahiz Urteberrian, hauetako edozein egunetan, lehengo kantu haiek aditzea gozagarria egiten zaidala. Pozik nagoelako edo, aitzitik, joandako urteagatik tristura sentimenduak hartzen banau. Momentu horretako aldarterako aproposak diren abestiak jartzen ditut. Bitxia da zeren soilik urteko sasoi honetan entzuten ditut, osterantzeko egunetan ez.

Jon Eugi