Kronika :: Jasone Osoro 2025/12/30

Sagarrondo bat loratu zen

Euskal Idazleen Elkarteak bigarrengoz antolatu du Mentoretza literarioa, oraingoan Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Donostiako udal liburutegi nagusian eman dute horren berri eta bertan gertatu da miraria. Bertaratu garen guztiak izan gara lekuko. Jakinmina duzuenontzat, nola izan den kontatuko dizuet.

Aretoan sartu ahala, modu diskretuan eseri gara denak, halakoxeak garelako idazleak, plaza zalaparta handirik atera gabe habitatzen ikasi dugu. Handik zebilen Jon Andueza kamera eskuan, baina elkartu garenon belarriak eta begiradak Irati Jimenezen jario oparo eta ederrak harrapatu ditu hizketan hasi orduko. Txomin Agirre parafraseatuz, “lagun on, euskaldunak” esanaz egin digu ongi etorria, eta idazteaz aritu da, nola ez. “Idaztea ez da hitz bat bestearen atzean jartzea soilik. Idazteak ikusten ez diren frustrazio asko loditzen ditu bere baitan. Badakit zer kontatu nahi dudan, hitzak hor daude, baina nola erabili?”. Alegia, “ez idaztea, idaztea baino errazagoa da”. Eta hortxe bota du Mentoretza egitasmoaren beharra ondo baino hobeto laburtzen duen esaldia: “Zenbat liburu eder geratu den bidean”. Zer egin hori gutxiagotan gerta dadin? Bada, “R.L. Stevensonek zioen bezala, lagunentzako idatzi eta, neuk gehituko nukeen bezala, lagunekin idatzi”.

Nerea Loiola eta Gorka Salces elkartu ditu edizio honetan EIEk. Gorkak Italofilo amorratua dela adierazi digu, baina maitasun erromantikotik deus ez duen egitasmoa bilbatu nahi du: Verak badaki. Italian kokatua, 2. Mundu gerra bizi duen nerabe neurodibergente baten kontakizuna da. Salcesek lau poema-liburu argitaratu ditu. Hauxe du bere estreinako nobela, “ proiektua aurkeztu nuen prokrastinaziotik ateratzeko. Orain erronka eskuartean daukat eta ez dago erremediorik, egin egin beharko du”, aitortu du, umil baina gogoz.

Nerea Loiola izango du mentore. “Beti izan dut gustuko autopsia narratiboak egitea liburuei, nola dauden idatzita, ze teknika erabili daitezkeen. Orain, hori dena aplikatzea izango da nire helburua, ondoan egongo naiz, beharra duenean bidea aurkitzen laguntzen saiatzeko, arnasa ematen”.

Salcesen laginak guztiz erakarri zuen Nerea, “konbentzimendu osoz bidali nuen mentore izateko nire proposamena. Ikuspegi historiko-politikoa lantzea interesatzen zait, emakumezko neurodibergentea den pertsonaia oso potentea da eta ikuspegi ferminista ere eraiki nahi du”.

Mikel Ayllon, Piszifaktoria egitasmoko kideak, ohiko duen dotoreziaz, atmosfera berezia zabaldu du aretoan, Saramagorena izan zitekeen “Gaur ez da inor hil” esaldi aztoragarria errepikatuz. “Ohorea” begitandu zaio Pako Suduperi inor hil ez den egunean defendatzea Paulo Alberdiren Fusilatu baten memoria proiektua. Suduperi egokitu zaio mentore izatea eta ilusioz hartu du desafioa, “nik landutako gaia da, lagun badezaket, zergatik ez?”.  Idazle eta ikertzaile bezala eskarmentua izan arren, hasiera batean “suplente” moduan hartzeko eskatu omen zuen Elkartean, “beste inor ez badago…”, baina Alberdik idaztitako zenbait zutabe eta artikulu irakurrita, “idazle sena” baduela ikusi eta “nire Telemacorekin harreman polita sor daitekeela” aitortu du.

Paulo Alberdik saiakera bat idazteko proiektua bidali zuen, bigarren mundu gerran hil zuten Jose Sagarna apaizaren bizitza eta heriotza ardatz hartuta. Emozioetatik abiatu du Paulok bere proiektuaren azalpena, amamaren izana gogora ekarriz. Koka gaitezen 2020an. Otsailean, Pauloren osaba bat desagertu egin zen. Martxoan, pandemia malapartatua tarteko, etxean itxi gintuzteten. Pauloren amak erabaki zuen amamari ez ematea osabaren desagerpenaren berri. Arratsaldero joaten zitzaion bisitan Paulo, eta amamak hainbat eta hainbat istorio kontatzen zizkion. Haietako bat izan zen Sagarna apaiza hil zutela frankistek. Amona 2023an hil zen eta Paulok Antropologiako gradu amaierako tesia idatzi behar zuen. Amonak kontatu zizkion istorio haiek ea egia ziren jakin nahiak bultzatuta hasi zuen ikerketa eta bai, guztiz errealak ziren. Baina bada kontakizun horretan guztiz magikoa eta liluragarria den zerbait. Badirudi Jose Sagarna erahil eta 22 urtera, hantxe bertan, sagarrondo bat hazi eta loratu zela. Jendea prozesioan joaten omen zen bertara, mirariaren lekuko izan nahian. Agintariek erromesaldia debekatu eta isunak jartzen hasi ziren. Loratu bezala erori zen zuhaitza, sortu eta hilabetera.

Irai Jimenezk jakinarazi digu Gabriel Garcia Marquezek zioela errealismo magikoa sortu zutela latinoamerikarren ez ohiko errealitate guztiak islatzeko. Eta halaxe, errealitate eta magiko hitzak nahastuz, heriotza hartu du hizpide berriz ere Ayllonek, trajediak eta egunerokotasunak nola zeharkatzen gaituen ikusaraziz.

Lurdes Iriondoren hitzek itxi dute ekitaldia, “gure artistak, gure artea, gure kultura poliki poliki hil egiten ditugu”. Heriotza berriz punpaka. Baina denon imajinarioan sagarrondo bat loratzen ari zen ordurako.

Jasone Osoro