Elkarrizketa :: Garbine Ubeda 2022/01/17
Arantxa Iturbe eta Nekane Peñagarikano

"Gazteenek mikrofonoak konplize dituzte, ez intimitate hausgarri"

Programazioa aldatu egiten da (programa batzuk berritu, beste batzuk atzean gelditu…). Zein da zuenari hainbeste urtean eusteko sekretua?

— Hori ez dago gure esku. Programazioari buruzko erabakiak zuzendaritzak hartzen ditu. Luzeegi joko liguke zergatik eta nola ari garen Arratsean kontatzen.

— Gustatuko litzaiguke erantzutea asmatu dugula eta entzuleen babes osoak eusten diola gurea bezalako tarte bati.

— Edo irrati publiko baten zereginen artean dagoela kultur adierazpideei, artistei, egileei tokia egitea

— Baina seguru aski erantzuna asmatzen ariko ginateke. Ez da sekreturik. Kontuan izan, iluntzeko zortziak ez dela ordurik aproposena irratsaio batek aldi berean milaka entzule izateko. Eta hala ere...

— Eta hala ere, hemen jarraitzen dugu.

— Futbolik ez denean, betiere.

Zeintzuk dira zuen irizpideak orokorrean, eta zeintzuk autore bakoitzarekin dituzuenak?

— Elkarrizketa da gure eguneroko formula. Edozein elkarrizketatan bezala, gure lana da hura prestatzea. Horrek esan nahi du zer galdetu eta nola, pentsatu eta idatzi egiten dugula.

— Eta esan nahi du, ahal den neurrian ezagutu egin behar dugula parera nor datorkigun eta zer egin duen. Eta irudikatu, nondik norako bidea egingo duen konbertsazioak.

— Gero beste bide bat hartu arren.

— Autoreekin ere berdin. Liburu bat aurkeztera baldin badator, liburua irakurri ondoren egiten diogu ongietorria.

— Egin liteke elkarrizketa irakurri gabe ere, jakina. Zer, noiz, nola, non eta zergatik galderek beti funtzionatzen dute. Guk beste bide hau aukeratu genuen. Elkarrizketa bat ez da gauza bera parez pare ari direnek, biek baldin badakite zertaz ari diren.

Ez da erraza liburuez hitz egitea, spoiler egin gabe edo liburuaren beraren haria agerian utzi gabe. Zentzu horretan, zein da zuen ardatza? Zeri heltzen zaio horrelakoetan?

— A zer izua sortu zaigun spoiler ditxosozkoarekin, telesailen furiak irentsi gaituenetik!

— Garrantzitsuena amaiera balitz bezala! Sekula ez genuke argituko hiltzailea nor den, baina irakurtzen ditugun liburuetatik ehuneko oso txikia da jenero beltzekoa.

— Eta guri, hasierak eta erdiko trontzoak, amaierak bezainbat interesatzen zaizkigu.

— Eta zer eta nola eta zergatik aletzen saiatzen gara idazlearekin hitz-aspertuan.

— Formula bertsua erabiltzen dugu. Aurrena entzuleari kontatu zertaz den esku artean dugun lana. Zein ezaugarri nagusi dituen. Zerk eman digun arreta... eta gero, idazlearekin kontutan harantz iristeko bideaz aritu, elkarlanean betiere. Guk proposatu, hark kontatu, edo nahiago badu, bidez aldatu.

Oro har, nolakoak dira sortzaileak eta bereziki idazleak: tiraka egin behar zaie ”biluzteko”; kontrara, berritsuegiak dira, zuek nahi ez duzuen tokitik joaten dira; edozein galderari heltzen diote; “beren liburuaz” bakarrik hitz egin nahi dute…. Egiguzue profiltxoa.

— Saiora etortzeko gonbita onartzen duten momentutik denek konpartitzen dute ezaugarri bera: egindako lanaz hitz egiteko prest datoz. Hortik aurrera...

— Idazleak ere pertsonak direnez, badira hizketarako dohain ikaragarria dutenak, baita erraztasunik ez dutenak ere. Badira esaldi bakarrarekin dena esateko gaitasuna dutenak, eta esan nahi dutenera iristeko bide malkartsuagoak ibiltzen dituztenak. Badira isilik geratuta asko esaten dutenak. Denetik.

— Batzuk komunikatzeko dohaina dute. Beste batzuk, landu egin behar izaten dute.

— Tranpa hori badu irratiak: idazleak bere hitzez eta ahotsez defendatu beharko du egindako lana. Gerta liteke lan distiratsu baten egilea ez izatea hiztun aparta, edo alderantziz.

— Batzuk irribarre batekin entzulea limurtzeko gai dira; beste batzuentzat lan zailagoa da hori ehunka orri idaztea baino...

Eta nola etortzen zaizkizue: beldurtuta, urduri, lagunartera….

— Gure irudipena da badakitela errespetuz, jakin-minez eta adeitasunez hartuko dituzten toki batera datozela...

— Eta gero, izaeraren arabera...

Elkarrizketetarako, ba al da alderik genero literarioaren arabera? Eta bestelako generoaren arabera?

— Prestatzerakoan bai. Zailagoa izaten da ipuinei buruz hitz egitea nobela bati buruz jardutea baino. Ezinezkoa da denbora tarte mugatu batean aipatu nahiko genituzkeen printza guztiez aritzea. Zenbait kontu orokortu beharra dago. Poesiak badu beste bien gaineko abantaila. Testu laburrak izaki, aukeratu batzuk irakurtzeko patxada hartzen dugu, eta hala entzuleak jaso dezake objetiboki idatzitakoaren muina, bere horretan.

— Gainontzean, liburu bakoitza da mundu bat. Ahalegintzen gara, generoak genero, hori ulerrarazten.

— Beste generoei dagokionean, elkarrizketa prestatzeko orduan ez da alderik. Erantzunetan bai. Urteotan guztietan genero batekoei gehiago kostatu zaie bestekoei baino, mikrofonoaren aurrean lasai jarduten.

Eta belaunaldien arabera?

— Aldea dago. Gazteenek mikrofonoak konplize dituzte, ez intimitate hausgarri.

Ba al da alderik idazleen eta musikarien edo gainerako sortzaileen artean? Zertan?

— Gonbidatuen tokian musikariena da abantaila irratian. Argibiderik eman beharrik gabe ezagutarazi dezakete haien lana. Beste muturrean daude artista plastikoak. Hitzen beharrik ez duen adierazpide bat hitzez kontatzea ez da ariketa erraza.

Zer falta du gure literaturak? Zer du soberan?

— Falta ditu liburu on gehiago.

— Eta soberan ditu liburu txarrak.

— Bietatik dago. Baina inork ez du kalkulatu oraindik liburu onaren sonaz plazaratutako liburu txar batek zenbat irakurle posible akabatu ditzakeen...

Mendeurrena aprobetxatuz, zer galdetuko zeniokete Martin Ugalderi, biziko balitz?

— Martin, merezi izan al du?

Garbine Ubeda
Arantxa Iturbe eta Nekane Peñagarikano
"Gure irudipena da badakitela errespetuz, jakin-minez eta adeitasunez hartuko dituzten toki batera datozela"
Entresaka
"Inork ez du kalkulatu oraindik liburu onaren sonaz plazaratutako liburu txar batek zenbat irakurle posible akabatu ditzakeen"
Entresaka
"Guri, hasierak eta erdiko trontzoak, amaierak bezainbat interesatzen zaizkigu"
Entresaka